Umetatik gustuko izan du txirrindularitza Ander Otegi Ariztimuñok (Zegama, 2006). Hemeretzi urte bete berri ditu, eta poliki-poliki ari da ametsak betetzen. Afizionatu mailara jauzia egin du aurten, juniorren Ampo taldetik igota.
Zer moduzkoa iruditu zaizu afizionatuen kategoria?
Kategoria berria da niretzako, eta ikasteko asko dut oraindik, baina momentuz gustura ari naiz. Polita izaten ari da, bai kirol esperientzia bezala, bai taldekide berriak ezagutzea.
Noiz eta nolatan hasi zinen txirrindularitzan?
Aita zikloturista da, eta esango nuke hortik datorkidala harra. Txiki-txikitatik bizikletarekin asko ibilitakoa naiz, eta infantil mailan hasi nintzen txirrindularitzan.
Essor Basquen egin zenuen amateurretako debuta, Iparraldeko itzulian. Zer moduz joan dira lehenengo esperientziak eta karrerak?
Oso ondo, baina alde handia dago Hegoaldean edo Iparraldean lehiatu. Iparraldean korritzeko duten modua nahiko eroa izaten da. Alde horretatik, beldur pixka bat banuen, baina nahiko esperientzia ona izan zen eta gustura gelditu nintzen han egindako karrerekin eta lehenengo kontaktu horrekin.
Eroa esan duzu. Zertan da desberdina?
Iparraldean oso bizkor ibiltzen dira, maila handia dago eta erritmoa altuagoa da. Aurretik nuen esperientziarekin nahiko desberdina izan zen.
Kirol mailan aldaketarik sumatu duzu kategoria berrian?
Bai, noski! Afizionatu mailan eskakizuna handiagoa da. Jolas bat izatetik profesionaletara bidean jartzen zaituen kategoria da hau. Maila handia dago, eta nik neuk ere askoz ere serioago hartzen du.
Entrenamenduetan ere nabarituko zenuen hori. Nola entrenatzen duzu?
Entrenatzaileak bidaltzen dit plangintza bat ondorengo bi-hiru asteetara begira, eta normalean izaten da zazpi egunetik seitan entrenatzea, eta egun bat atseden hartzea. Bi ordu eta erdi inguruko entrenamendu saioak izaten dira, egun batzuetan gogorragoak, beste batzuetan lasaiagoak.
Nutrizio aldetik kontrol eta programaketa bat izango duzu. Zer konta dezakezu horren inguruan?
Saiatzen naiz ahalik eta elikadura orekatuena eramaten, baina txoratu gabe. Etxean jateko dagoena jaten dut.
«Aita zikloturista da, eta esango nuke hortik datorkidala harra»
Zer egutegi egiteko asmoa duzu aurten?
Gai hori taldearen esku uzten dut. Maila honetan aurreneko urtea dudanez, taldeak eskatutako egutegia egiten ari naiz. Bi asteko aurrerapenarekin abisatzen didate; beraz, ez daukat egutegi finko bat.
Apirilean deskantsua egiten egon naiz, eta maiatzaren bukaera aldera itzuliko naiz lasterketetara; gogo handiarekin, gainera.
Euskadi Fundazioan zabiltza. Kepa Ormazabal gabiriarra eta Gari Ugarte legazpiarra –liderretako bat da bera– taldekide dituzu. Zer moduz ari zarete moldatzen?
Lagun handiak dira, denbora asko konpartitzen dugu elkarrekin, bai errepidean, bai gimnasioan. Negu guztia batera ibili gara, afariak ere egiten ditugu noizean behin… Bigarren familia dira niretzako.
Beraien dohainak eta, zein aipatuko zenituzke?
Biak ala biak oso pertsona onak dira, laguntzeko prest daude beti. Eta kirol arloan, Gari, adibidez, edozein lasterketa irabazteko moduan dago. Maila handia du. Eta Kepa, nire antzera dago gehiago, berak ere lehenengo urtea duelako kategoria honetan. Pauso handiak ematen ari da, eta oso ondo egiten du bere lana.
Eta zer moduz ikusten duzu zure burua?
Ba pixkana-pixkana hobetzen ari naiz, kategoria berrian asentatzen. Uda aldera beste jauzitxo bat egin nahiko nuke.
Zein da zure lana taldean?
Taldekideei laguntzea da nire zeregina. Karrera kontrolpean eduki, taldekideek garaipena lortu ahal izateko.
Zer moduz ikusten duzu egungo txirrindularitza? Oso gazterik ateratzen dira izar handiak, eta iraultzen ari dira ziklismoa.
Alde horretatik eboluzio handia izan da. Iruditzen zait geroz eta goizago, geroz eta presa gehiago sartzen dutela jauzia egiteko. Dena dela, nik lasaitasunez hartu nahi dut. Taldean ere badugu konfiantza hori, zeren garbi dago kirolari bakoitzak bere erritmoa duela garatzeko. Uste dut azkar ateratzen direnak gutxi direla, eta afizionatu maila hori beharrezkoa da jende ona ateratzeko. Hortxe dugu Alex Aranburu, adibidez; afizionatu mailatik pasa zen, eta oraintxe ari da bere onenak ematen.
«Sakrifizio handia egiten dugu, eta fruituak ematea nahiko nuke»
Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Klasiken munduan Mathieu Van Der Poel gustatzen zait. Bere korritzeko modua asko gustatzen zait. Eta, gero, Mikel Landa gustatzen zait, beti erasokorra delako eta beti aurrera tiratzen duelako.
Ikasketekin ere ari zara. Zertan ari zara eta zer moduz uztartzen dituzu kirola eta ikasketak?
Ingeniaritza Mekanikoa ikasten ari naiz, Goierrin, Mondragon Unibertsitatean, eta ez da erraza beti txirrindularitza eta ikasketak uztartzea. Baina plangintza on batekin, posible egiten zait biak aurrera ateratzea. Ahalegintzen naiz biei denbora nahikoa eskaintzen.
Profesionaletara iristearekin amesten al duzu?
Bai, noski! Esango nuke maila honetan denon buruan dagoen zerbait dela. Sakrifizio handia egiten dugu, eta horrek fruituak ematea nahiko nuke.
Amesten jarrita, maila altuagoko zein lasterketa irabaztea gustatutako litzaizuke?
Santikutz Klasikoa, adibidez, gustukoenetako bat dut. Zegamako 23 urtez azpikoena ere irabazi nahiko nuke.
Zein helburu duzu aurrera begira?
Helburu nagusia profesional mailara jauzia egitea da, eta bitartean, errepideaz eta bizikletaz gozatzea. Horrez gain, lagun berriak egitea. Baina esandakoa, gozatzen beti.