Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
Aste arrunt bateko egun arrunt bat da. Seme-alabak eskolara joateko prestatzen ari dira etxean, eta bat-batean polizia-talde bat sartzen da hamabost urteko seme gaztea atxilotu eta komisaldegira eramateko. Ezjakintasuna, egunerokotasunetik guztiz ateratzen zaituen gertaera, eta aldi berean, gauza asko gertatzen hasten dira, erreakzionatzeko denborarik eman gabe.
Abiapuntu horretatik hasten da, pertsonaiekin batera ezagutzen joango garen istorioa. Lau ataleko telesail honek lau plano-sekuentziatan kontatzen du bere narrazioa, hau da, kapitulu bakoitza hasieratik amaierara etenik gabe grabatua dago. Aktoreek eszena osoa jarraian antzeztu behar izan dute, ekoizpenaren plangintza zehatz bati esker.
Owen Cooper da seme gaztearen papera gorpuzten duen aktorea, kamera aurrean aritu den lehen aldia izanik. Emaitza ikusita, bere talentua nabarmena da, baina kontuan hartzen badugu atal bakoitza etenik gabe grabatu zutela, atzera egiteko aukerarik gabe, bere lanak are balio handiagoa hartzen du.
Hala ere, Owen ez da izan casting prozesuan aurkitu duten harribitxi bakarra. Bigarren atala osorik eskolan gertatzen da, jolastokia, pasabideak eta ikasgelak zeharkatuz. Espazio horiek gaztez beteta ageri dira: aktore gaztez. Atal hori ikustean argi geratzen da aktore-hautaketaren kalitatea. Ez du inork kamerara begiratzen une bakar batean ere, eta kontuan izanik plano-sekuentzia bat dela, beti egon litekeen norbait distraitu gabe, harrigarria da. Ez dago inor besteak baino hobeto edo okerrago antzezten duenik; guztiek maila bikaina ematen dute.
Beraz, beste behin ere, telesail honek agerian uzten du aktorearen aukeraketaren garrantzia. Irudiek izan ditzakete hutsegiteak, errodajean arazo teknikoak gerta daitezke eta planak aldatu beharra egon daiteke. Baina aktore baten sinesgarritasunak film edo telesail oso bat euts dezake.