Beasainen Loinatz goizean egiten den prozesioa ohitura zaharren bilduma da. Loinazko San Martinen irudia segizioan kalera ateratzen dute, bi elizen artean. Herriko bandera eramaten dute aurretik. Bai bandera eramailea, bai santuaren andaren eramaileak baserri jakinetakoak edo hango jatorriko beasaindarrak dira.
Banderazalea Patxi Etxeberria Mendia da. 2012an hasi zen, familian aspalditik zetorren sokan. Barrendain baserriko jatorria dauka Etxeberriak –tren geltokiaren parean zegoen–, eta etxe horretakoek eta ondorengoek dute herriko bandera eramateko izendapena. Beasainen jaioa izan behar du.
Baltasar Elizegi birraitona 1911ra arte izan zen banderazalea. Haren seme eta Patxiren aitona Ebaristo Mendia izan zen 1936ra arte; Martin Jose Mendia osabak 1963an hartu zuen, eta Ebaristo Mendia lehengusua 1988tik 2011ra jardun zen. Patxi Etxeberriak 14. aldia izango du, datorren ekainaren 2an.
«Osabak erakutsi zidan niri. Lehengusuak istripua izan zuen, eta korrika eta presaka niri abisatu zidaten joateko. Lehengusuak utzi zuen, eta nik jarraitu dut harrezkero», dio Etxeberriak.
Hiru piezako mugimendua
Banderazalearen funtzioak zehaztuta daude. «Prozesioan herriko bandera eramaten dugu. Bai irteeran Andre Maria parrokian, bai iritsieran San Martinen basilikan, santuaren aurrean banderari dantza eragiten diogu. Guk ez dugu dantzarik egiten, banderak baizik. Herriak bere santuaren omenez egindako zerbait da», azaldu du Etxeberriak. Santuaren irudiaren txartel bat ere badute; santuaren aurrean daudenean bistaratu behar dute, eta ez daudenean, poltsikoan gorde.
Hiru piezako edo parteko bandera-mugimendua da, txistu doinura egitekoa. «Oihala ezkerretik eskuinera eramaten dugu, alde batean makilan bilduz eta beste aldean askatuz. Lehen bueltan behin biltzen da, bigarrenean bi aldiz, eta hirugarrenean hiru aldiz. Entrenatu behar da pixka bat, baina ez gehiegi ere».
Banderaren oihala lodia da; handia eta pisua. «Afrikatik ekarritako egur batekin eginda dago makila. Zortea da, arina, sendoa eta malgua delako. Bueltak emateko, malgua behar du. Haizea izaten da arazoa. Prozesioan bandera zabalduta eramaten da, baina haizea altxatzen bada, bildu egin behar da, sorbalda ez mintzeko».
Praka luzeko fraka eta kapela napoleonikoa janzten ditu Etxeberriak. Anderoen prakak belaunetarainoak dituzte. Santuaren eramaileak edo anderoak baserri hauetakoak izaten dira: Abarizketa, Arrieta, Arantzamendi, Otaño, Ugartemendi eta Ibulus.