Zea Mays eta Süne izango dira aurten Beasaingo jaietan joko duten talde handienak. Bigarren asteburuan ariko dira biak, Bideluze plazako oholtza nagusian. Sustrai, jatorri eta eragin desberdinetako euskal musika plazaratuko dute.
Bilboko Errekalde auzoan 1997an sortua, Zea Maysek elektriko jarraitzen du, urteen joanean kemenik galdu gabe. Horren adibide, atzera zerrenden lehen lerroetan kokatu den Elektrizitatea abestia, 25 urte bete ditueneko omenaldi-bertsioan. Aiora Renteriaren ahots ahaltsuak gidatuta, eta Asier Basabe, Ruben Gonzalez eta Iñaki Imazek laukotea osatuta, ekainaren 6an joko du Zea Maysek, 23:30ean.
Süneren trikiti elektronikoa
Goierriri gustua hartu dion Josune Arakistain Salas Süne (Lastur, Gipuzkoa, 1996) mozorro eguneko kontzertuko kartelburu iragarri dute. Huntzarekin Ataun aldean ondua, apirilean Lazkaoko plazan erakutsi zuen bakarkako lan musikal elektronikoa –ama lazkaotarra duela argitu zuen–. Beasainen, ekainaren 7an ariko da. 2022an bakarkako bideari ekin zionetik, urteko disko-uzta bana eman du: Sunday (2022), Orainari (2023) eta Amaineman (2024).
Rockalean kale-rockeroez eta Goxua’n Salsa taldeaz gain, erromeria giroko taldeak Muxutruk eta Itzal datoz.