Ekainean jarriko du martxan Goieki garapen agentziak Enpresa Ekimen Berrien 28. Sariketa, hiru kategoriatan banatuta. Ekintzailetza, berrikuntza eta gizarte inklusioa sustatzea du helburu.
Hiru hamarkada egin beharra dago atzera Goiekik antolatzen duen Enpresa Ekimen Berrien lehiaketaren sorburuaz aritzeko. 1997. urtean jarri zuten martxan. Egoera ekonomiko zaila eta langabezia tasa handia izan zituen Goierrik 1990eko hamarkadaren hasieran, eta hura iraultzeko helburuz plan estrategiko bat gidatu zuen Goiekik, eskualdeko hainbat eragile sozio-ekonomikorekin batera. Lehenetsitako ekintza bat lehiaketa martxan jartzea izan zen, eskualdean ideia berritzaileak sustatzeko helburuarekin. Aurtengoa 28.a izango da, eta ekainean abiatuko da. Sariketa horrek hainbat enpresa babesleren laguntza izan du urte hauetan guztietan.
Proiektu berritzaileak
Enpresa Ekimen Berriko Proiektu Onenarena da hiru kategorietan nagusia. Ekintzaileen irudia eta berrikuntza sustatzeaz gain, enpresen garapena eta eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzea dira indartu nahi dituen balioak. «Azken finean, enpresa mailan Goierrin bertan egia bihur daitezkeen asmo guztien alde egin eta horiek bultzatu nahi ditu Goiekik. Goierriko ekonomia berpizteko eta eguneratzeko kultura indartzea dakarten proiektu guztien alde egin nahi du».
Iazko irabazlea Alaine Albisu lazkaotarra izan zen. Arropa diseinu esklusiboa, material berritzaileen erabilera, pertsonalizazioa eta trazabilitatea izan ziren haren proiektuaren balio nagusiak.
Berrikuntza enpresa barruan
Enpresa barruan egindako proiektu berritzaile onena saritzen du Goiekik bigarren kategoria horretan. Enpresetan bertan ekintzailetza eta berrikuntza sustatu nahi ditu, enpresa barruko dinamiketan hobekuntzak txertatzeko. Lehen kategoriako helburu orokor berberak ere baditu bigarren honek.
Idiazabalgo Goardia industrialdean dagoen Caldereria Aitzgorrik jaso zuen iaz sari hori. Sortzailearen seme-alabek enpresaren gidaritza hartu dutenetik eraldaketa prozesu batean murgilduta daude, eta datuen gobernantzatik abiatuta digitalizazio prozesu bat garatu zuten, efizientzian, kalitatean eta balio proposamenean jauzi handi bat eginez eta dibertsifikazioan hobekuntzak txertatuz.
Gizarte inklusioa
Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez sustatu nahi du hirugarren kategoriak, lan munduan txertatzeko zailtasunak dituztenei bultzada emateko helburu zehatzarekin.
Iazko irabazlea Valentin Cristi Saracu izan zen, CVS Instalazio Elektrikoak proiektuarengatik. Eraikuntza arloko gremioen artean atzemandako profesional gabeziak motibatuta erabaki zuen negozioa martxan jartzea.