Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Pentsatu dudan lehen gauza izan da. Lankideak esan didanean argia ez dela korridorean bakarrik joan, Euskal Herri osoa itzali dela, baita Europako beste herrialderen bat ere. Erraza da gerran pentsatzea, etsaietan, mundua dugun bezala dugula. Jarraian, eskerrak eman ditut eguzki izpiak sartzen diren gela batean egoteagatik, eta ez igogailu batean, hegazkin batean, edo nork daki zein zulo ilun eta itxiren batean. Beldurtu naiz, aitortzen dut. Hotzikarak eman dit. Etxekoei idatzi diet ondo egotea desiratuz eta maite ditudala esan diet. Bizitzaren hauskortasunak jota. Haiengandik urrun nagoela nabaritu dut eta ikasle batzuekin hizketan jarraitu dut.
Beste kontu batzuetaz ari ginen, noizbehinka telefonoari begira, estaldurarik gabe jada. Berriketan eman ditugu eklipse ulertezin honek iraun dituen 3 orduak. Denbora izan dugu kalkulatzeko zenbat janari genuen etxean; ia guztia, ordea, ur beroaren premiaz prestatzekoa. Kotxea parkingean preso. Arratsalderako bateriarik ez mugikorrean. 35 euro dauzkat metaliko diru-zorroan. Kandelak etxean bai. Superbibentzia kit hura ez nuen prestatu eta agian beharrezkoa genuen.
Eskura dauzkadan gauza analogikoetan pentsatu dut. Mekanika hutsean, pospoloetan, eskaileretan, domotizatu gabeko etxeetan. Gureak egin du. Ezin eutsi bizitza arruntari fusibleak behera egite soilarekin. Ze ahultasuna.
Baina konturatzerako itzuli da argia fakultateko pasillora, eta pixkanaka Euskal Herri osora. Harekin batera, jada alboratuta genituen betebeharrak. Gure mundu hau ez da bukatu, oraingo honetan ez behintzat. Bake pixka bat izan dugu erabat inkomunikatuta, beste hizketaldi batzuetan, eguzki printzak sartzen diren gela handian.
Etxekoen mezua jaso dut bueltan. Eurek ere maite nautela jakiteko egun txarra ez da.