Lazkaoren izena Iberiar penintsula osoan zabaldu zuen Azkar garraio enpresaren aztarnak herritik ezabatzeko zorian dira. Hiribarren kalean zegoen egoitza nagusia, eta eraikineko horman margotutako logotipoak soilik adierazten du gaur egun zer eta non izan zen Azkar. Baina hori ere desagertzear da, aldameneko Forjas Irizar enpresak erosi duelako Azkarren egoitza-biltegi zaharra, eta atzealdeko nasak eraisten eta barrua birmoldatzen ari da orain. Eraikina ez dute botako.
Azkar 1933an sortu zuen Eusebio Erauskin lazkaotarrak, Bartzelonara kamioi batekin garraioan hasi zenean. Hiru kamioira hazi zuen berehala negozioa, euskal siderurgiaren eta Kataluniakoaren arteko zilborrestea bihurtuta. 1936ko Gerraren ondoren urte batzuetako etenaldia izan zuen, eta 1945ean ekin zion atzera garraiolaritzari. 1950eko hamarkadan Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan zabaldu zuen jarduera, delegazioak irekita.
Galiziara ere iritsi zen, 1956an, gerora berebiziko eragina izango zuen hartu-emana hasita. Hain zuzen, Luis Fernandez Somoza galiziarrak 1962an hartu zuen Azkarren frankizia bat, Galizian. 30 urte geroago, konpainia erosten bukatuko zuen Somozak.
1980ko hamarkadan krisi larriak hartu zuen Azkar. Fernandez Somozak kontrola hartzeko lehen saiakera egin zuen, baina ezezkoa jaso zuen erantzun gisa. 1991n iritsi zitzaion aukera. Hondoa jota, desagertzear zen Azkar, eta galiziarrak erosi zuen konpainia gipuzkoarra. Egoitza nagusia eta soziala Lazkaon mantendu zituen, hala ere.
Lazkaotik aparte 2016tik
Bigarren urrezko aroa orduan erne zen. 1999an, burtsara irten zen lehen garraio-enpresa izan zen Azkar. 2000ko hamarkadan hainbat adar eta filial sortu zituzten, logistika eta aukera berrietan kokatzeko, Interneten tartean. Iberiar penintsulan 70 banaketa eta biltegiratze instalazio zeuzkan. Arrakastak jarri zuen, hain justu, desagerpenaren bidean. 2008an, Dascher alemaniarrak Azkarren kapitalaren %10 erosi zuen lehenbizi, eta lau urte geroago, osoa. 2012an, Azkarrek 367 milioi euro fakturatzen zuen eta 3.000 langile zeuzkan –sektorean Euskadiko liderra zen–; Dascherrek, 3.100 milioi eta 15.000 langile, mundu osoan.
2013ko urtarrilean gauzatu zen Dascherren erosketa, baina 2017ra arte Azkarren logotipoa eta izenak mantendu zituzten kamioietan eta egoitzetan. 3.353 langile, 87 biltegi munduan barrena, eta 741 milioiko fakturazioa zeukan. Dascher erraldoiaren egituretan erabat urtu zen orduan.
Lazkaorekiko deserrotzea lehentxeago hasi zen. 2016ko apirilean eten zuten Hiribarreneko mugimendu ia guztia, eta Lasarte-Zubietako garraio gunera eraman zuten hango lana. Ez zuten orduan erabat itxi, bi langile utzi eta biltegi bezala iraun baitzuten denboraldi batean.