Murumendiko damek, Beasainmendiko jentilek, Oria erreka-zuloko lamiek, eta Mariren seme-alaba orok, festarako deiadarra entzun dute. Badatoz Beasaingo Loinatz jaiak. Gau eta egun zabalduko da izaki magikoen presentzia maiatzaren 30etik ekainaren 8ra. Etenik gabe, baina denetariko eta guztientzat ekitaldien pizgarriarekin.
Azken urteotan ohitura sendotuta, Mariren Jaitsierak emango die jaiei benetako hasiera. Dantza, kantu, zuzi eta oihu artean, keriak tasun bihurtzeko ekitaldi eraberritzailea izango da, aurten ere. Adin askotako beasaindarrek gorpuztutako akelarre sinbolikoan, batez ere gazteen odol berriz kemenduta, Murumendi aldeko baserri batean jaio omen zen Mariri hots egingo diote. Euskaldunen jainkosaren pertsonifikazioa omen, jainkozko izaeradunek eta errebeldeek ere –elizarako joerari muzin egiten omen zion Marik– lur arruntetako parranda, elkartze eta olgeta hezur-haragizkoak behar dituztela erakutsiko du, beste behin, Marik.
Hamar seme-alaba izan omen zituen Murumendiko Marik. Hamalau mila dira gaur egun, eta gehiago Goierri osotik eta kanpotik etorriko direnak. Mitologiarekin hasi eta herri kirolekin amaitu arte, bederatzi eguneko suzko eta garrezko egunak izango dituzte beasaindarrek.
Danborradek markatuko dute aurreneko larunbata, maiatzaren 31n. Loinatz eguna ekainaren 2an, astelehenarekin, ospatuko dute; baita kuadrillen eguna ere. Azoka berezia eta ganadu erakusketak, eta sokadantzak –haurrena zein helduena– eta bertsolariak izango dira Loinatz bigarreneko (ekainak 3) osagaiak. Mozorrotuen eguna bigarren asteburuko zapatuan izango da (ekainak 7).
Talde ugariren ekarpena
Kaleak eta herritarrak girotzen saiatuko dira Goizeresi txistulariak, Ekaitz buruhandi eta erraldoi konpartsa, Doinuzar dultzaineroak, Loinatz Musika Eskolako txistulariak, trikitilariak eta banda, eta zenbait txaranga. Ipiniko dituzte txosnak. Aterako du Beti Bizi elkarteak Beasain jaietan urtekaria, jokatuko dira kuadrillen areto futbol txapelketa, esku pilota eta pala final herrikoiak, xake eta arrantza lehiaketak. Egingo dituzte sokadantza, prozesioa, azoka eta herri kirolak, dantza erakustaldiak, argazkizaleen erakusketa. Beasaingo 34 elkarte, talde eta instituziok antolatu, hornitu eta jarriko dute festa.
Mariren seme-alabak denak.