Hamar urteko ibilbidea osatu du Legoreggae jaialdiak. 2015ean hasita, reggae musika-estiloari eskainitako jaialdi entzutetsuak urtero antolatu dituzte harrezkero. Ekimen hori eskertzeko, Azintzio jaien hasierako txupina antolatzaile taldekoek botako dute, maiatzaren 28an, udaletxeko balkoitik.
Legoreggaeren antolakuntza-taldeak 2013ko Legorretako Gazte Festetan du aurrekaria, reggae musikaren zaletasunaz gozatzeko eta herriari jaialdi bat eskainteko irrikarekin, Gazte Asanbladatik atera baitzen ideia. Hamar urteotan, 40 bat talde ekarri dituzte, hasi Euskal Herrikoetatik –bertako reggae taldeak eta proiektuak sustatzea izan da betidanik helburu bat–, eta musika molde horren sehaska den Jamaikakoetaraino.
Talde sorta bikain hori nabarmendu du Legoreggaeren antolatzaile taldeko Joanes Arratibelek: «Talde mordoa igaro dira hamar urteotan. Urteko bost bat talde. Batzuek errepikatu ere egin dutenez, 40 baten bueltan ibiliko da partaidetza».
Bilakaerari ere garrantzia eman dio Arratibelek. «Burutazio batetik etorri zen Legoreggae, gauza asko inprobisatuz edo nola joango zen eta jendeak nola erantzungo zuen jakin gabe hasita. Urterik urte, seriotasuna irabazten joan da proiektua; gauzak beste era batera egiten segitu dugu, aurreikuspen gehiagorekin eta antolatuago».
Azkenik, «jendearen erantzuna» goraipatu du. «Jendeak hasieratik gaur arte oso erantzun ona eman du, urtez urte. Edukiera osoa bete ez dugunean ere hortxe-hortxe ibili gara. Zentzu horretan, oso gustura gaude. Jendeak segitzen du, ez da urte bateko moda izan, eta jarraipena izan du».
Eskertzeko pregoia
Txupina jaurtitzeko, udaletxeko balkoira Legoreggae aurrera ateratzen ari direnak kideak igoko dira. Gaur egun 9 lagunek osatzen dute taldea, baina lehenago ibili zirenak eta taldea utzi dutenak ere gonbidatuko dituzte. Guztira, 14 bat lagun. «Talde osoa igoko gara balkoira. Urteen poderioz batzuek utzi dute, eta haiei ere gonbidapena luzatuko diegu, parte izan direlako eta hor egotea nahi dugulako», dio Arratibelek.
«Eskertu» egin nahi dituzte herritarrak. «Herriak urte hauetan guztietan eman digun laguntza eskertuko dugu. Aurrera begira segitzeko asmoarekin gaude». Reggaearen tonu festazalearekin, ziur.