Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Sabela gerrikoaren gainetik ageri zitzaigun gehienoi; elkartera sartzeko igo beharreko eskailerek gure bihotza dardaran estutzen zuten; ez dakit futbola maite genuen, baina elkartzeko aitzakia zen, eta horri heltzen genion. Legazpiko Gaztetxeak antolatutako futbol-7 txapelketan izena ematea okurritu zitzaion bati. Erokeria galanta itxuran, baina, esan bezala, aitzakia ederra aspaldiko partez elkar ikusteko. Gazte, ez ginen oso gazte, baina aizue, zer demonio!
Lehen partidaren bezperan elkartzea erabaki genuen, Onttobeltz elkartean. Badakizue, taktikak eta horiek guztiak erabakitzeko. Nor atezain? Nor erdilari? Nor puntaren puntan… txoria zegoen kantari… txiruliruli… ba hori, gauak luze jo zuela…
Hurrengo egunean komeriak. Hantxe ginen gorputzeko atal guztietako minez, buruak eztanda egiteko puntuan. Lanbroak guztia lausotzen zuen, gehitu horri guztiok –sagar zuku edaleak barne– gainean generaman bestondoa. Ez dakit, tira, bai, badakit ez geundela futbol partida bat jokatzeko egoeran. Zelaira irten ginenean bakarrik geunden. Baloia alde batera utzi eta zelai bustian eseri ginen. Bezperako pasadizoak, txiste bat edo beste eta luzaketak, lasai eta poliki, badaezpada ere. Gure ohiko beroketa bat alegia.
Gutako batek zelaiaren beste aldea erakutsi zigun arte. «Begira haiek!». Guztiok batera begiratu genuen. Isiltasuna. Aldageletatik tamaina izugarriko gazte gihartsu senegaldar talde bat irten zen. Ikusgarriak ziren. Haiek ere luzaketekin hasi ziren, baloia maisutasunez jotzen zuten. Hori guztia guk txistua irensten genuen bitartean.
Egoera horretan laguntasunari, adiskidetasunari eta elkartasunari oreka etortzen zaio. Biziraupen sena pizten da. Kiroltasuna eta leialtasuna estali egiten ditu beldurraren tantan hotzak. Nire ondoan zegoenari, eserita egonda ere, zaintiratu bat eman zion bat-batean, beste bati futboleko botak etxean ahaztu zitzaizkiola, beste batek tripak nahastuta… Jarraituko dut?
Adorea pilatu eta zelaia zeharkatzen hasi nintzen, gure arerioekin topo egin arte. Gerturatu ahala lotsagarriagoa iruditzen zitzaidan gu han egotea. Bizkarrez zegoen bati galdetu nion: «Zuek al zarete Bart-ze-lo-ona taldekoak?». Lagunak buelta eman zuen. Bezperan bost euroan dozena bat galtzerdi saldu zizkidan Shamal zen. «Bai gu gara! Zer moduz galtzerdiak? Ondo?».
«Begira nortzuk dauden hemen! Shamal eta bere lagunak!!», oihukatu nien taldekideei. Guztiak gerturatu ziren, akabo zaintiratuak, tripa nahasketak eta bestelakoak. Lasaitu ederra hartu zuten, genuen. Orduan batek bota zien: «Zer? Patxangatxo bat? Berotzeko…». Hauek ez dakite futbolean, pentsatu genuen gure baitan. Apustua bota genien. Irabazten baziguten (ezinezkoa zen hura) arratsaldean beraiek tabernako terrazan tragoak gure kontura eta gu tabernaz taberna salmentan haien tragoak ordaindu ahal izateko.
Harrezkero astero erosten diet guardasola ez bada galtzerdiak, eta bestela imitaziozko Realeko kamiseta.
Ederki pasa genuen, haiek lasai tabernan tragoak gure kontura hartzen eta gu izerditan larruzko pultseratxo bat arratsalde osoan saltzeko.
Bejondeizuela gurera etorri zareten gazteak!