Osinalde sariketako antolakuntza taldean dago Ane Etxezarreta (Olaberria, 2002). Bertso munduan aritzeaz gain, Lazkaoko Oin Arin dantza taldean ere badabil, dantzari eta irakasle moduan. Hori gutxi ez balitz, trikitia jotzen du zazpi urte zituenetik, eta txapelketetan ere lehiatu izan da luzaroan. Iaz bukatu zuen Ingeniaritza Mekatronikoko gradua, eta Proiektuen Kudeaketa eta Enpresen Berrikuntza masterra egiten ari da.
Bertsolari gazteentzat Goierrin antolatzen diren bertso lehiaketa eta sariketetan zabiltza. Zein da zure egitekoa?
Ni, zehazki, lan talde guztiaren artean hautatutako hemezortzi bertsolariekin kontaktuan jartzeaz arduratzen naiz. Parte hartzeko gonbidapena bidali, beraien jarraipena egin eta izan ditzaketen zalantzak argitzeaz arduratzen naiz. Hasierako kontaktua egin ondoren, sariketa bakoitzeko arduradunak arduratzen dira beraien saioak antolatzeaz. Nire kasuan, Osinaldeko finaleko saioa antolatzea tokatzen zait, beste taldekideekin batera: gaiak prestatu, epaileak lotu… Horrez gain, finalean gai jartzaile lanetan aritu naiz azken hiru urteetan.
Zenbat sariketa antolatzen dituzue denera?
Urtean zehar lau sariketa antolatzen ditugu: Argi Berri, Osinberde, Aztiri Bat, eta hiru hauetako bakoitzetik sailkatutako bina bertsolarirekin Osinalde, finala.
Nondik datorkizu bertsotarako afizioa?
Betidanik izan naiz oso bertsozalea, umetan etxean ere entzuten genituen bertsoak tarteka. Ikastolako 5. mailan bertsolaritza lantzen hasi ginenean asko gustatu zitzaidan, eta bertso eskolan eman nuen izena. Geroago Goierriko Bertso Eskolan aritu nintzen hiruzpalau urtez, anaiarekin batera. Kantuan oso abila ez banintzen ere bertsotarako zaletasuna barnean daramat oraindik ere, eta horrek bultzatu nau, besteak beste, Osinaldeko lan taldeko parte izatera.
Nola ikusten duzu bertsolaritzaren egoera gazteen artean?
Bertsolaritza indartsu dagoela iruditzen zait. Gazte asko datoz atzetik, eta hori pozgarria da. Bertso munduan lan handia egin dela uste dut, uneoro dagokion garaietara egokitzen asmatu baitu. Hala ere, orokorrean, jendeak Txapelketa Nagusiko bertsolariak entzun nahi izaten dituela iruditzen zait, eta horrela zaila da gazteei plazak eskaintzea. Horri lotuta, geroz eta zailagoa egiten zaigu gazte sariketa hauetara publikoa erakartzea ere.
Euskal dantzetan ibiltzen zara eta trikitia jotzen duzu. Euskal kulturaren aldeko apustua egin duzu.
Beharbada etxean euskal kultura ongi errotuta izan dugulako izan da, edota horiek izan direlako txikitan gehien ikusi ditudan gauzak. Baina ez nuke esango kontzienteki egindako hautu bat izan denik. Bere garaian gustatzen zitzaizkidalako hautatu nituen hirurak.
Zergatik da garrantzitsua euskal kulturari indarra ematea?
Gaur egun jabetzen naiz gaztetxoen artean futbola edo bestelakoek indar gehiago dutela, eta horrek pena ematen dit. Euskal Herrian ez gara asko, eta guk ez badiogu gureari eusten, ezinezkoa izango da hau mantentzea. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zait ume-umetatik, bere garaian gurekin egin zuten bezala, euskal kulturan oinarritutako ohiturak ikusaraztea.