Postu berria dago Ordiziako azokan. Goen plazan kokatuta, Jose Mari Albisuk guraizeak, labanak, aizkorak eta bestelako tresnak zorrozten ditu, furgoneta zuri batean muntatuta duen tailer eramangarrian. Tximiniak garbitzen urte askoan ibili eta gero, osasun arazoak tarteko KeLanak enpresa itxi, eta zorroztaile lanbidea hartu du.
Txorroskilero lanetan duela bi-hiru hilabete hasi zen. «Bakarrik ibil naitekeelako, eta ikusten dudalako behar bat betetzen dudala. Gero nahiko lan izango dudan, ez dakit, baina behintzat hasi naiz», esan du, lanbideari zergatik heldu dion galdetutakoan. Izan ere, lanbide berezia da, ia desagertutakoa, baina premiazkoa ere bai. Goierrin ez da inor geratzen, ez behintzat garai batean bezala herriz herri eta auzoz auzo bizikletan edo motorrean ibiltzen zirenak bezalakorik, soinu oso berezkoa zuen txilibitua joz iritsiera iragartzen zutenak. «Dendaren batean-edo zorrozten dira tresnak, baina lehengoak bezalako zorrotzailerik ez da ia geratzen gaur».
Baina Albisuk erabaki du makina profesionala hartu, eta «bezero arruntari eta profesionalei kalitatezko zerbitzu» hori ematea. Orokorrean, profesionalen tresnak, etxean erabiltzen diren guraizeak eta labanak, eta baserriko aizkorak, inausteko guraizeak eta matxeteak zorrozten ditu.
Tresna horiek zorrozteko jendea bere kabuz moldatzen dela dio Albisuk, «baina behar den bezala?». Izan ere, gaur egun badira makina bat zorrozkailu merkatuan, etxean edonork erabiltzeko modukoak, baita zorrozteko harriak ere, baina horiek momentuko estutasunetik atera besterik ez dute egiten, Albisuren esanean. «Bi gauza bereizi behar dira: moldaketa edo hustuketa, eta zorrozketa. Moldaketa, labanaren alakari jarraipen bat ematea da, hau da, alakatik gertuen dagoen eremua fintzea da. Zorrozketa da alaka bera, ertza bakarrik fintzea. Etxean erabiltzeko zorrozkailuek ertza edo alaka bakarrik zorrozten dute, eta ertz horrek ez badu jarraipenik, alferrik egindako lana da, ez duelako behar bezala moztuko. Hustu eta zorroztu egin behar da».
Zorrozketa eta hustuketa, biak egin behar direla dio, eta horretarako makina industriala erabiltzen du, furgoneta barruan sartuta duena. Ondoan duen ekipo elektrogenoak emandako indarrari esker funtzionatzen du. Zorrozten eta husten dituen eran, makinak pieza hoztu egiten du, «tenplea ez izorratzeko, labanak edo guraizeak bere ezaugarri fisikoak ez galtzeko». Behin lan hori eginda, piezak leuntzeko eta distira emateko beste tresna bat dauka, lixa baten antzekoa, hori ere ekipo elektrogenoari lotuta dagoena.
Zorroztaile ibiltari eta profesionala
Zorroztaile ibiltaria da Albisu, lehengoak bezalakoa; eta, haien moduan, txilibitua ere jotzen du iristen ari dela iragartzeko, baina furgonetan instalatuta duen megafoniaren bitartez. «Internetetik jaitsitako audio bat da», aitortu du. Herrika, auzoka edo atez ateko zerbitzua eskaintzen du, eta horretarako telefonoz deitu behar zaio (652 920 848). «Hobe da auzo batean, adibidez, auzotarrak ados jartzea egun eta ordu batekin, eta tresna batzuk pilatzea, niretzat bidaia errentagarriagoa izan dadin».
Dena dela, horrela ibiltzea ez da bere asmo nagusia, «ez dudalako uste horrela bezero asko lortuko ditudanik. Nahiago dut dendetan edo bestelako zerbitzuetan lortzea bezero horiek».
Negozio berriaren promozio lanetan dabil oraindik Albisu. Publizitatea egin du komunikabideetan eta zerbitzutan, eta Ordiziako ferian postua jarri du; ezagutzera emateko bere «erakusleihoa» da. Momentuz astero joango da, eta gero hilean asteazken bat edo bi hartuko ditu finko, postua jartzeko: «Azken asteazkenean, edo beste batean. Hobe da hilean behin joatea, eta astero ni jendearen zain egon beharrean, jendea nire zain egotea».
Postuan, tresnak zorrozteaz gain, labanak ere saltzen ditu, Giesser Messer marka alemaniarrekoak. «Kalitate handikoak dira, diru bat balio dute…». Denetariko labanak ditu, mahairako arruntak bezala «kapritxozkoak» ere bai; haragitarako, hezurrak kentzeko, gazta ebakitzeko, ogia mozteko…
Webgune bat ere badu (www.zorrozketak.com), eta egiten dituen lanen prezioak ageri dira: kutxiloak 4,50-5,50 euro artean; aizkorak 7-9 euro artean; guraizeak 4,80-6,50 euro artean, eta matxeteak 6,50 euro. Lana nola egiten duen ere azaltzen du bertan: «Lan hau urez hozturiko lixa batez egiten da, eta bukatzeko leundu egiten da. Sistema honekin erremintak ez du tenplerik galtzen, eta zorrozketaren emaitza ezin hobea gertatzen da».
Bakarrik lan egitea, gustuko
Bere kabuz ikasi du zorroztaile ofizioa. Aurretik tximiniak garbitzen ibilia da, KeLanak enpresarekin, baina lan hura utzi egin behar izan zuen osasun arazoengatik. Lanbide hura utzita, lanean jarraitu behar, eta bakarrik segitu nahi zuen, bere kasa. «Baina horretarako aukera gutxi ikusten nituen, eta hauxe egokitu zitzaidan parean».
Azken urteetan horrela ibili da, bakarrik, eta lanbide berezietan, gainera. Orain zorroztaile, lehen tximinia garbitzaile. «Lehenago, altzariak etxeetara igotzeko eta jaisteko jasogailu bat nuen, mudantzak egiten dituztenek erabiltzen dituzten horietako bat, baina altzariekin erabili beharrean, obra-hondakinekin erabiltzen nuen. Kamioneta batean jarrita zegoen, eta zortzi-hamar solairu igotzen zituen. Baina 2008ko krisialdiarekin pikutara joan zen negozioa». Orduan hasi zen tximiniak garbitzen, eta tarte batean bi lanak eginez jardun eta gero, tximiniekin bakarrik geratu zen. «Baserrietan, txaletetan, komunitateetan… tximiniak ondo mantentzea garrantzitsua da, segurtasunagatik batez ere, baina baita aseguruen aurrean ere».
Tximiniak garbitzea garrantzitsua den bezala, labanak eta beste tresnak ondo zorroztuta izatea ere garrantzitsua da, «batez ere profesionalek, harakinek eta arrain saltzaileek, adibidez. Oso diferentea da lan batean hamar kolpe ematea, edo bi ematea. Gainera, kalitatea ere kontuan izan behar da, arrain bat moztean, adibidez, haragia nola xerratzen den… Hau da, ondo zorroztutako eta hustutako tresna batek lana arintzen du, kalitate hobeagoko emaitza du, eta seguruagoa da». Eta etxean, berdin.