Behin ere entzun gabe neukan, eskolan ezagutu nuen arte: Beñat, izenez; abizena, Amiama. Hala zuen grazia, eta izango du, orain ere. Ez dakit zuri, irakurle, baina niri behintzat, abizen ezezagun bat entzuten dudanean, lehendik ezagutzen ditudan beste batzuekin nolabait lotu eta multzokatzea gustatzen zait. Baina harekin, ezin inola ere. Gerora, Amiamako etxea Gaintzan zegoela behintzat jakin ahal izan nuen; hortaz, hango jatorria izango dute amiamatar guztiek. Baina esanahia? Eta noizdanikoa da Amiama?
Aurreko batean Zegamako Amiano ekarri genuen atal honetara; –ano latindar jatorriko atzizkia erabiliz sortutako izena dugu (Lazkano/Lazkao bezala, genioen; edo hor dago Argisao ere, Gabiria-Zumarragan). Garbi eduki beharko genuke hain urrutiko garaietara joz gero, beti ere, tentu handiz jokatu behar dugula, lekukotzak urriak baitira askotan eta orduko hizkuntzen oinarrien ezaupidea ez oso segurua (ez behintzat gertuagoko beste garai batzuetakoen parekoa, inondik ere).
Horregatik, zuhurtasun hori areagotu egin beharko dugu, erromatarren garaira ez, baina beraren aurreko batera joko dugula esanez gero. Izan ere, –ama bukaera horrek erromatarrak baino lehenagoko indoeuroparren etorrerara baikaramatza. Herri indoeuropar horiek Europa osoan zabaldu ziren; Iberiar penintsulara zeltak heldu ziren batez ere, K.a. lehen milurtekoan. Beste gauza batzuen artean, burdingintzaren jakintza ekarri zuten.
Kutsu indoeuroparra Goierrin
Indoeuroparren hizkuntza aztertu dutenek idatzitakoaren argitan, –ama/amo, –isama/isamo atzizkia adjektibo bati erantsi eta beraren maila superlatibo edo gorena adierazteko erabiltzen zutela esango dugu. Koldo Mitxelenak, hori abiapuntuan jarrita, Iberiar penintsulan leku batean baino gehiagotan ageri den Uxama hartu zuen eredu modura (‘oso altua; altuena’ esan nahiko luke). Hizkuntza erromantzean Osma ekarri zuen (Burgo de Osma, Soria); euskaraz, berriz, Untzama/Ultzama toponimoa (Ataunen eta Partzonerian).
Amiama-n, –ama atzizkiaren aurrekoa, oinarria, Amiano-renean dagoen berbera izango litzateke, hots, Ammia/Ammius pertsona izena; Luis Mari Zalduak hala ikusi du behintzat. Eta nola liteke atzizki superlatibo hori antroponimo bati aplikatuta egotea? Zalduak esplikatu du hori, esanez gerta litekeela pertsona izen hori, aldi berean, leku bat deskribatzeko adjektiboa izatea ere; horrela sortu ohi dira antroponimoak askotan. Zegamako Arakama ere kidekoa litzateke (Gasteizko Araka-ren oinarrian ere badagoen Aracus/Araca ―latina baino lehenagoko pertsona izena― baliatuta sortua, hain zuzen).
Horrelako gehiago: Zegama (*seg(h)-ama ‘indartsuena, garaitzaileena’); Bedama (Ataunen); Arama (eztabaidatuagoa), beharbada… denak Goierrikoak. Zalduak dio era honetako toponimoak Gipuzkoako hegoaldean direla beste inon baino ugariago.
Mitxelena helduleku ona da Erromatarrak heldu zireneko hemengo hizkuntza-puzzlea nolakoa zen ulertzeko: baskoien lurraldea ez zen elebakarra eta hegoaldean zeltiberiarren eragina handia zen; hainbestekoa, non Baskoniako lurraldeen muineraino ere iritsi zen; hala erakusten du toponimiak. Amiama eta gainerakoak lekuko.