Imanol Mercero Etxeberria • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Anjel Lertxundiren liburuekin hazi gara 1960 eta 1970eko hamarkadetan jaio ginenak. Berak sortu ahala hazi gara, eta gu hazi ahala Orioko idazleak gure adinerako literatura sortu du.
Haur eta gazteei eskainitako 60 titulu zenbatu dizkiot, azkena Botoitxo (Erein, 2022). Ez dira gutxi. Gehienak 1978-1993 urteen artean argitaratu ditu, 45 titulu, eta gainerako hamabostak 1998tik aurrera.
Eskolarako Irakur bilduma izan zen bere lehen agerpen literarioa, testu laburrekin, gehienak poematxoak eta denak haurrari fonetika, tradizioa eta irudimena garatzeko lagungarri: bata basakatua, bestea zirauna, horien nagusia, berriz, Basajauna.
Izan ere, Anjel Lertxundik Haur Literaturari egin dion ekarpen ia guztia, asmo didaktikoarekin egindakoa da. Dela tradiziozko testuak gaurkotu eta eskuragarri jartzen («Arre, arre, mandako», «Honek arrautza»…), dela bere eskutik emandakoa. Azken honi dagokionez kaleratu zuen urtaroei eskainitako lau liburuko sorta bat, Negua, Udazkena, Uda, Udaberria (Erein, 1980-1981), hain ederra, zergatik ez duten berrargitaratzen ulertzen ez dudana. Bertan daude sasoiari buruzko narrazio laburrak, kantak eta poemak, narratzaile atsegin batek gidatuta, eta irudi ezin aberatsagoekin lagunduta. Ahanzturaren lainoetan galdutako harribitxiak dira.
Ahozko testuei garrantzi handia eman zien. Maria goikoarenak deitzen den zazpi aleko liburu sortan, belaunalditan mantentzen ziren piezatxoak bildu zituen: “Petra, ipurdian bost letra!”, “Joxe, beti jan eta beti gose!”, “Patxi, ipurdia itxi!”…
Eta, halere, Lertxundiren ipuin eta nobela liburuak dira fama eman diotenak: Tristeak kontsolatzeko makina (Erein, 1981), Madame Kontxexi-Uribe sei liburuko bilduma (Erein, 1988-89), Lehorreko koadernoa (Erein, 1998), Nik erremerre hitz egiten dut (Elkarlanean, 2000), Haltzaren muinoa (Elkar, 2020).