Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Mugimendua beti da ona. Nahi izanez gero, politikoki kokatu eta birkokatzeko aukera zabaltzen zaigu etengabe. Pixkanaka-pixkanaka bloke itxiak deseraikitzen ari gara, kausa batean parez pare egon garenok beste kausa batean elkartuz, eta gero berriz banatuz. Nahasten gara kalean, eta elkarrengandik ikasiz goaz, aliatu garela jakinda, pegatinaren batek banatzen gaituen arren. Txuri eta beltzetik harago grisak existitzen direla ikasten ari gara, ibilian ibiliz.
Amatasunak ere politikoki mugitzera eraman nau. Zorionez, Pirritx, Porrotx eta Marimo topatu ditugu bidean, hain modu ederrean aniztasunen aldeko aldarriak eskainiaz. Segregazioaren betaurrekoak ere janzteko aukera eman dit, hezkuntzako segregaziotik hasita, ertzetako bizitzak deskubrituz.
Ibilian ibiliz, ertzetakoak erdigunean behar ditugula ikasi dugu, baina badirudi mezua ez dela leku guztietara berdin iritsi: argitaratu berri den ikerketa batek dio Euskal Herrian (ere) ideia erreakzionarioak hedatzen ari direla, bereziki 30 urte inguruko gizonen artean.
Gure ikastetxeetan aniztasunean hezten saiatzen diren bitartean, helduen lanketa ideologikoa deskuidatu dugula dirudi, hezkuntza sisteman jarri dugula konfiantza osoa etxeak hezkidetzan ideologizatzeko. Ikastetxean dantza egin ezin duten umeak, mezu arrazistak zabaltzen dituzten helduak, neskatila batek pitilina izan dezakeela ulertzen duen alaba, baina hori irakastea astakeria dela uste duen aita. Hori guztia daukagu gure herrietan. Euskaraz zein erdaretan.
Bilatu eta sustatu behar ditugu ezinbestean komunitateen eta ezberdinen arteko lanketa ideologikorako bideak, hainbeste kostatako lorpen sozialak sustengatuko dituzten sareak josiz. Sortzen ari garen aliantza berriak sendotu beharko ditugu, euskaraz ere mintzo den eskuin muturrak gure artean lur emankorrik topa ez dezan.