Duela berrehun urte, errealitate gordina zen bidelapurrek sortzen zutena. Hiribilduetatik urruneko bide nagusietan jarduten ziren, bidaiariak erasotuz. Serie bateko lehen erreportajean, Deskargako gertaerak.
Goierrin bidelapur eta gerrillari ugari sortu ziren XVIII. eta XIX. mendeen igarobideko urteetan. Errepideetan asko ugaritu ziren lapurretak eta bidaiarien nahiz mandazainen aurkako arpilatzeak. Deskargako mendatea izan zen bidelapurren erasoetarako leku usuenetako bat, Urretxuren eta Antzuolaren arteko mendialdean.
Arazoa ez zatekeen ordukoa. Koldo Argandoña Urretxuko udal artxibozainak idatzia duenez, Urretxuko hiribilduaren sorrera bera bide-segurtasunari erantzuteko ideiatu zuen Gaztelako koroak. «Erregeak sortutako Gipuzkoako azken hiribildua da Urretxu, Gaztelako Juan I.ak 1383an emandako hiri gutunaren bidez. Hiribildua bertan sortzea ez zen halabeharrez gertatu, noski. Sorrera garaietan garrantzi handia izan zuten arazo sozialak bazter utzirik (ahaide nagusien arteko borrokak…), garai hartako erregeek komunikabideez, eta, halaber, merkataritzaz zuten interesa hauteman daiteke Urretxuren sorreran», dio Argandoñak Urretxu duela 200 urte: bidelapurren kontakizunak lanean
Urola ibai-arroaren burua gobernatzeko eta kontrolatzeko zen Urretxu, xumeki esanda. Pasabide estrategikoa zen Behe Erdi Arotik, Debaren bailaratik Oriarenera zeharrean igarotzeko. Antzinako bide, errepide eta komunikabideen ibilbideko tokia zen, salgaien, pertsonen eta altxorren autobidea.
Goierrin leku gehiago ere baziren, baina Deskargak bidelapurrentzat baldintza ezin hobeak eskaintzen zituen. Urruntasuna, batetik. Urretxuko hiribilduan ere lapurreta batzuk izan ziren arren, mendatean sarri gertatu ziren, bai magalean, bai erdi aldean, eta bai gailurrean. Errege-bidea zen, errepide nagusia, eta zalgurdien, postaren eta diligentzien pasabidea. 500 metroko garaieran, inguru menditsuan eta basotsuan, agintearen irispidetik aldenduta jardun zitezkeen lapurrak.
Ihes egiteko bideak ere baziren. Elosu aldera bezala Aizkorri aldera, handik Oriaren arrora igaro eta Ataunerainoko bidea hartzeko. Horrez gain, botere zigortzailea udalen esku zegoen, eta Deskargako eremua jaberik gabeko lurralde bihur zitekeen, Antzuola, Legazpi eta Urretxuko lurretan zegoenez, gaizkileak harrapatzeko zailtasunak eta jurisdikzio desadostasunak sortzen baitziren.
Zenbait lapurretaren testigantzak
Badirudi, XVIII-XIX mendeen aldaketa garaiko gerrateetan, haiek eragin zituzten premia-egoerekin eta ziurgabetasun sozioekonomikoekin, bidelapurretak ugaldu zirela. Argandoñak Deskargan gauzatutako eraso eta gertakari ugari dokumentatuak ditu, 1791tik 1833ra bitartekoak, lapurreten ondoren irekitzen zituzten auzietako informazioari esker. Jon Mikel Intsausti ikertzaileak jaso ditu horietako zenbait.
1805eko abuztuaren 3an, Juan Tomas de Areizaga tolosarrak, Deskarga mendateko Zabaleta baserriaren ondoan jasandako lapurreta salatu zuen. Aurpegia maskaraz estalita zeramatela, bi gizonek kendu zizkioten Bergaratik zekartzan antxume larruak. Alkateak, soldaduz eta herritarrez osatutako talde bat gaizkileen bila berehala irten zedila agindu zuen arren, irteera antzua izan zen.
1816ko azaroaren 1ean, Deskargako iturriaren eta izen bereko baserriaren artean, lau lapurrek Gaztelara zihoazen 22 gizon frantziar eraso zituzten. Frantsesek ez zuten lapurreta salatu eta bideari jarraitu zioten. Gertakari horren berri, Maria lgnacia Gurrutxaga arrain saltzaile mutrikuarraren bidez jakin zen, hura ere atxilotu baitzuten paraje horietan. Lapurrak Tolosaldekoak zirela ere esan zuen, euskaraz egiteko moduagatik. Elosurako bidea hartu zuten.
1826ko martxoaren 30ean, gaueko hamaika eta erdiak edo hamabiak bitartean, armaz hornitutako lau gizonezkok posta kotxeko gidariari berriro ere egin zioten lapurreta; korrespondentzia osoa lurrera bota eta baliozko gauzak bakarrik eraman zituzten. Urretxutik oso gertu zegoen Zubiberria izenekoaren ondoan gertatu zen hori, gaur egungo Ipeñarrieta kalean. Bi lapurrek fusilak zeramatzaten, eta beste bik eskopetak. Erdara mordoiloa egiten zuten; gidariak ondorioztatu zuenez, bidelapur haiek probintziakoak ziren, horregatik.
1827ko irailaren 10ean, gauerdiko hamaikak edo hamabiak aldera, Deskarga mendatearen hasieran, errege bidearen aldamenean eraikitzen ari ziren etxe berria igarotakoan, bi gizonezko ezezagunek, bat eskopetaz eta bestea makilaz armaturik, mandazain nafar bati 433 erreal lapurtu zizkioten. Urte hartako abenduan bertan behera geratu zen kausa, lapurreta nork egin zuen jakitea ezinezkoa zelako.
1831 urteko irailaren 28ko gauean, hamaikak pasatxoan, gutxienez beste bi lapurreta jasanak zituen Andres Martinez posta kotxeko gidariari bi gizon armatu irten zitzaizkion Deskarga mendatearen hasieran, ehundegiaren ondoan, errege-bidean. Gorabehera haietara ohitua, gidaria garrasika hasi zen, eta berak eta maioralak armak atera biek tiroka ekin zioten, lapurren kontra. Helburua bete gabe ihes egin behar izan zuten, baina Justiziak ere ez zuen berea bete, lapurrak ez zituelako inortxok ere ikusi.
Jarduteko modua
Lapurrak, gehienetan, multzoan aritzen ziren, normalean hiruzpalau gizon; oso gutxitan bakarrik. Su-armak zituztenak ateratzen ziren lehen lerrora, eta makilekin zihoazenak atzeraxeago geratzen ziren. Aurpegia zikinduta edo estalita eduki ohi zuten, ez ezagutzeko. Euskara moduagatik jatorria antzematen zieten batzuei, ordea.
Harrapakinak dirua eta bitxiak izaten ziren. Posta-kotxeek, korrespondentziaz gain, dirua ere garraiatzen zuten. Urretxuko Postako Administrariak hamaika aldiz eskolta eskatu zuen eskolta, lapurrak uxatzeko antolatzen zituzten soldaduak.
Mandazainena zen lapurretak sarrien jasan zituen beste kolektibo bat. Nafarroako ardoa eta kostaldeko portuetako arraina garraiatzen zuten. Lapurreta gehien nozitu zituztenak, dirudienez, Garesko eta Ziraukiko mandazainak izan ziren, bi herri horietatik ekartzen baitzuten Gipuzkoa osora nafar ardo gorria. Salgaiak oso gutxitan kendu zizkieten, ordea; lapurrek nahiago zuten dirua.
Lapurretak egiteko orduei dagokienez, arrisku handieneko uneak ilundu ondoren bizpahiru ordura (23:00-01:30 tartean), edota eguna zabaldu aurretik erregistratu dira kasu gehien. Posta-kotxeen kasuan, ordutegi finkatua zeukaten, nahiz askotan atzerapenez edo berandu pasatzen ziren. Ez zuten horregatik aukera galtzen utziko bidelapurrek, gaueko ordu txikiak izanagatik.
Soldaduak jarri zituzten eskolta lanetarako, baina emaitza gutxi eman zuen. Askok desertatu egiten zuten, eta udalerrien gastuak garestitzen zituzten. Herritarrak ikaratzen aurrenekoak soldaduak izaten ziren sarri, beren eginkizunetatik harago joanagatik, gorabehera eta liskarrak dokumentatuta baitaude. Borondatezko herritar armatuen miliziek ere ez zuten bidelapurreten arazoa leundu.