Txikitatik erakarri dute frontoiko kirolek Aratz Elortza (Ordizia, 2005). Lehen urratsak esku pilotan egin bazituen ere, 16 urterekin pala motzera eman zuen jauzia, eta aurreko maiatzean GRABNI pilota txapelketa irabazi zuen Iñaki Lopez de Munain andoaindarrarekin batera. Gaur egun, Oiangu pilota elkarteko jokalaria da, eta etorkizunean beste txapel batzuk irabaztea du helburu. Ikasketei dagokienez, goi mailako Mekanizazioa ikasten ari da, Goierri Eskolan.
Zer ematen dizu palak?
Kirol honek asko ematen dit, zentzu guztietan. Alde batetik, fisikoki aktibo egoten laguntzen didala esango nuke, osasuntsu mantentzen. Bestetik, estresa bideratzeko modu bat ere bada, eguneroko arazoetatik deskonektatzeko aukera ematen didan zerbait. Gainera, taldean aritzeko eta lagunekin harremanak sendotzeko oso baliagarria zait. Horrez gain, diziplina, konpromisoa eta norberaren hobekuntza lantzen dira, bai entrenamenduetan, bai partidetan. Eta azkenik, motibazioa eta erronka pertsonalak gainditzeko gogoa pizten dit, beti hobetzen saiatzen naizelako, bai teknikoki eta baita fisikoki ere.
Zer desberdintasun daude pala motzaren eta beste pilota modalitate batzuen artean?
Jokoari begiratuta, beste modalitate batzuk baino joko azkarragoa da; hemen azkar erreakzionatu behar da. Materialari dagokionez, pala motzean egurrezko pala bat erabiltzen dugu, 800 gramo ingurukoa, eta beste pilota-modalitate batzuetan baino gogorragoa eta biziagoa izaten da.
Fisikoaz gain, alderdi psikologikoa ere landu behar izaten da?
Bai, kirol honetan alderdi psikologikoa bereziki garrantzitsua da. Nire kasuan, hainbat modutara lantzen dut. Alde batetik kontzentratzen saiatzen naiz, batez ere partidetan, ari naizen horretan zentratzeko eta huts egiten dudanean burua ez galtzeko. Presioari aurre egiten ere jakin egin behar da, bereziki lehiaketa edo partida garrantzitsuetan. Saiatzen naiz lasai egoten, arnasa sakon hartzen eta buruan mezu positiboak izaten. Horrez gain, porrota onartzen ikastea ere beharrezkoa da. Partida guztiak ezin dira irabazi, eta galtzea prozesuaren parte da.
Esperotako garaipena izan al da GRABNI txapelketakoa?
Zaila ikusten genuen finalera iristea, baina azkenean lortu genuen. Finala gogor zihoala, partidaren erdi aldera edo, aurkariak min hartu zuen eta ezin izan zuen neurketa amaitu. Hala ere, partida galdu izan bagenu ere, gustura geldituko ginatekeen egindako txapelketarekin.
Nola ikusten duzu gaur egun pala motzaren egoera?
Gaur egun, Goierri inguruan ez gara asko pala motzean gabiltzanak, baina pixkanaka jendea animatzen ari da. Haurren pala eskoletan, esaterako, ume asko hasi da kirol honetan.