Oraindik beha daitezke non edo han Goierriko burdingintza modernoaren lehen produktuak. Madrilen, Espainiako Biblioteka eta Museo Nazionalen egoitza inguratzen duen burdin-hesia da adibide bat. Duela ia 150 Beasainen fabrikatu zuten, Goitia eta Konpainia enpresan, CAFen lehen aurrekarian.
Burdinola zaharren bukaera eta altzairutegi berrien sorrera garaikoa da. 1862an, Domingo Goitia Ihurreko olakoa, Martin Usabiaga Igartzako olakoa eta Jose Francisco Arana –kapitalista modura, diruaren %75 jarrita– bazkidetuta sortu zuten San Martin fabrika. Oria ibai ertzean, Aranaren Burugorrienea baserriko lurretan kokatu zuten.
Hasieratik labe garai bat muntatu zuten. Beste leku batzuetan ekoitzitako burdina ekarri, eta pudelatu eta ijetzi egiten zuten aurrena. 1865ean, bigarren labe garaia ipinita, burdina bertan egiten hasi ziren, mea Zegamatik eta Zeraindik ekarrita.
Karlista-gerrak hondoratuta, bigarren belaunaldiko Francisco Goitiak eman zion biziraupena eta iraulia fabrikari. Bessemer bihurgailu bat jarri, eta inguruetako egur-ikatzaren ordez koke ikatza hartu zuen erregai labeetarako. Latorria ekoizten lehen enpresa izan zen estatuan (1882), eta burdin-mea Muskiztik ekartzen hasi ziren (1883). Arana negoziotik atera, eta 1884an Goitia eta Konpainia izena aldatu zioten.
Madrilgo eraikuntza
Historia ia paraleloa izan zuen Espainiako Biblioteka Nazionalaren eraikuntzak. Lehen harria 1866an kokatu, eta obrek 30 urte iraun zuten. 1892an eraikuntza bukatu, eta 1896an ireki zuten publikoarentzat. Francisco Jareño y Alarcon arkitektoak diseinatu zuen jatorrizko proiektua.
Recoletos pasealekuan kokatua, etxe-multzo edo sagar bat hartzen du. Inguru osoa burdin-hesiz inguratuta dauka, eta ikusgarriak dira aurrealdeko sarreretako ate bikoitz garaiak. ■