Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Hegazkinak pilotatzen dituen ezagun batek kontatua da. Euskaltzaindiak, bolondres-en kaltetan, boluntario hobetsi zuenean, ia aho batez hartutako erabakia izan omen zen. Juan San Martinek soilik eman omen zuen kontrako boza. Aldekoen argudioetan, ez omen zegoen hitzaren zuzentasunari buruzkorik. Handik gutxira beharko zelakoan, adiera jakin baterako gorde nahi omen zuten bolondres. Hartara, bestelako kutsadurarik izango ez zuen hitza izango zen.
Euskaltzain beteranoetako bat Lezo Urreiztieta ekintzaile abertzalearen hurbilekoa izan zen. Lezo, Mexiko aldean, euskal Estatua eratzeko lur bila ibili zenean, gutun asko idatzi omen zizkioten elkarri, eta Estatuaren izendapenaz ere sarritan jardun omen zuten. Euzkadi, Euskadi, Euskal Herria… aukeretan zituzten, baina, euskaldunak ados jarriko ez ziren beldurrez, izen berritzaile baten proposamena ere izan omen zuten tintontzian, eta, ordutik, hamarkadatan eraman zuen gogoan, Euskaltzaindiaren bilera hartako gai-zerrendan txertatzea erabaki zuten arte, hurrengo urteetan zer gerta ere. Bertan, bolondres hitza etorkizuneko hiztegi eta konstituzioetarako gordetzea erabaki zuten. Bolondria Estatua izendatzeko aukeren artean izango zen, eta herritarrak izendatzeko bolondres. Jakina, horretarako, boluntarioaren adieratik askatu beharra zegoen.
Lizarra-Garaziren garaian egindako bilera izan zen. Orduko eztabaida urrun samar dagoela uste du hegazkin pilotuak. «Lurretik berrogei mila oinetara» dio berak, eta lurreratzeko garaia iritsi dela. Libre dagoenez, eta itxura guztien arabera, puska batean, libre jarraituko duenez, Goierri osoa hartuko lukeen mankomunitatearentzat proposatu nahi du Bolondria, eta Goierri osoko goierritarrentzat bolondres gentilizioa. ■