Jon Eskisabel • Musikazalea
Maite Larburuk «Maizter ditut maizter gure maizterrak» abesten ditu bere disko berrian, Mikel Laboak kantu bihurturiko Joxan Artzeren hitzak bere izaera jostalariaren arabera egokituz. Badira dozena bat urte Hernaniko abeslaria gure etxean sartu zela, Herbehereetan bizi zelarik osaturiko Neighbor proiektuko partaide izanik Ura patrikan ustekabeko disko zoragarri hura kaleratu zuenetik, hain zuzen ere. Disko hartan nortasun bereziko sortzaile batekin topo egin genuen, mundu pertsonal baten jabe, aldi berean herrikoia eta esperimentala. Rara avis bat. Ondoren beste lau disko etorri ziren, eta hasierako hark adina arreta eta denbora bereganatu ez baziguten ere, Larburu beti egon da hor, txoko batean, edonoiz behar izanez gero eskura.
Kontua da Maizter disko berriarekin txokotik atera eta gure sukaldeaz jabetu dela musikaria, eta ezarian-ezarian bazter guztietara zabaldu dira haren doinuak. «Zoriontasuna etxe txiki bat da sukalde handi batean», dio kantariak, eta halakoxea da maizter honek gurera ekarri duena: zoriontasun poxi bat egunerokotasunean.
Maite Larbururi buruz esan daiteke aspaldiko usadioko folk kantautorea dela, ez balitz bere musikak esperimentazio zentzuarekin eta soinu ausardiarekin, premisa akustikoetatik batez ere, hartzen duen konpromisoagatik. Gertatzen da bere kantu asko kanon ezagun bati lotuta hasten direla, ondoren ezustean harrapatu ohi dituzten sonoritateetan aurrera egiteko eta bere proposamena unibertso altuetara igotzeko. Maizter ez da salbuespena alde horretatik, folkari buruzko ikasgai magistrala baizik, lurtarra bezain hedakorra. Heldutasun bare moduko bat dario hainbat kantutan, eta artista ohikoa den baino erosoago antzematen da entzulearen gozamenerako.
Maizter badator, ikusiko dugu inoiz badoan… ■