Jakina da kirolaren eta elikadura osasuntsuaren arteko lotura estua dela, baina asko dira nutrizioaren inguruan zabaltzen diren mito eta gezurrak ere. Hain zuzen, horiei aurre egiteko lan egiten du Lierni Olano nutrizionistak (Beasain,1999). Beasaingo Aro Kiropraktikoan eta Donostiako Crossfit Amara zentroan egiten du lan, eta horrez gain, online bidezko kontsultak ere egiten ditu. Instagramen @lier.nutri izeneko kontua dauka. Hezkuntza nutrizionala, kirol jardueretako nutrizio plana, eta arazo digestiboak lantzen ditu Olanok bere kontsultan. Hemendik aurrera, nutrizio onkologikoa zerbitzua ere eskainiko du, gaixoen bizi kalitatea hobetzeko asmoz.
Zergatik espezializatu zara kirol elikaduran?
Karrera bukatzen ari nintzela ikusi nuen kirol munduko nutrizioaren arloa asko gustatzen zitzaidala. Elikadura on eta apropos bat izateak ikaragarri lagundu dezake bai ongizate fisikoan zein errendimenduan, eta arazo asko saihestu daitezke.
Kirola egiten duen orok zertan jarri behar du arreta elikadurari dagokionean?
Hasteko, kontuan izan behar dugu bizirauteko, soilik, jan beharra daukagula. Kirola egiten dugunean gure beharrizanak areagotu egiten dira, eta janariaren aldetik ere kantitateak handitzea beharrezkoa da. Jarduera fisikoa egitean gure erregai nagusia karbohidratoak izaten dira, beraz hori kontuan izan behar da. Hala ere, elikadura asko aldatzen da kirolaren eta kirolariaren arabera.
Azkenaldian asko hitz egin da emakume kirolarien elikadura eta hilerokoaren arteko erlazioaz.
Bai, eta beharrezkoa da hortaz hitz egitea. Egiten dugun kirol kargarekiko akorde ez doan elikadura bat eramaten badugu, gure gorputza funtzio batzuk alboratzen hasiko da, eta emakumeen kasuan hilerokoa desagertuko da. Nahiko ohikoa den arren, ez da normala, eta ez da normaltzat hartu behar. Oso garrantzitsua da egiten dugun kirolarekin akorde doan dieta bat eramatea.
Zein dira kontsultan ikusten dituzun akats ohikoenak?
Askotan emakumeek karbohidratoak eta grasak jateko beldurra izaten dute, eta horiek funtsezkoak dira bai funtzio hormonalak mantentzeko baita gorputzak ondo funtzionatzeko ere. Argalago egoteak ez du esan nahi hobeto errendituko duzunik. Hilerokoa ez izateak kirolariari bere errendimenduan eragingo dio, eta lesioak izatea ere askoz errazagoa izango da.
Ohikoa bihurtu da suplementuak hartzea, beharrezkoak al dira?
Lehenengo eguneroko elikaduran jarri behar da arreta, zeren elikaduraren oinarria lantzen ez bada, suplementuetara jotzeak ez dauka zentzurik. Beharrizanak ondo beteta badauzkazu, berez, ez duzu gehigarririk behar. Hala ere, egia da suplementu batzuk laguntzeko daudela eta interesgarriak izan daitezkeela.
Zer da ofizio honetatik gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?
Egiten duzun horrek jendeari laguntzen diola ikustea da gehien gustatzen zaidana. Gutxien gustatzen zaidana, berriz, nutrizioniston inguruan jendeak dituen aurreiritziak. Nutrizionista naiz, baina pertsona ere bai, eta osasuna ez da soilik ondo jatea eta kirola egitea. ■