Dani Garciari (Zumarraga, 1990) kosta egin zitzaion elitera heltzea, eta ez dago hortik jaisteko prest. Urola, Reala, Alacant eta Getafetik pasa ondoren, lehen mailan Eibarren eta Athleticen eta Greziako Ligan Olympiakosen jokatu du. Azken honekin Liga eta Kopa irabazi ditu. Garcia Zumarragako Argixao futbol zelaiaren ondoan jaio zen, eta ordutik hamaika futbol zelai zapaldu ditu. Ibilbide bikaina osatu du. Athleticekin Espainiako Superkopa bat irabazi zuen eta Kopako bi final galdu zituen, Realaren eta Bartzelonaren aurka. Iaz arantza atera zuen, Mallorcaren aurkako finalean. Aurten, berriz, Grezian Liga eta Kopa irabazi ditu.
Nolatan zara futbolari?
Argixao futbol zelaiaren ondoan bizi nintzen eta 15-16 urte bete nituen arte ez nintzen asko jaisten herrigunera. Umetan eguna auzoan igarotzen nuen, kuadrillarekin, futbolean jokatzen. Urolan jokatzen nuenean, taldekideak partidaren ondoren herrigunera jaisten ziren. Ni, berriz, han bertan bizi nintzenez, Argixaon gelditzen nintzen. Nire bi motibazioak futbolean jokatzea eta kirola egitea ziren. Hori dela eta, ordu asko eman nituen Argixaon.
Leturiatarren plazan bizi al zinen?
Ez, Joxe Migel Barandiaran kalean. Argixaotik gertuago oraindik!
Zenbat urterekin hasi zinen Urolan?
Garai hartan 11 urtetik aurrera bakarrik joka zitekeen Urolan. Hori dela eta, lehenago judoa, atletismoa, Eskola Kirola… egin nituen. La Salle-Legazpi ikastetxeko lagun dezente joaten ginen judora. Horien artean Yulen Aranberri aizkolaria eta Ander Quina pilotaria. Helburua, Urolan hasi aurretik kirola egitea zen. Oraindik Urolan jokatu ezin nuenean, Argixaora joaten nintzen eta Urolan jokatzen zutenekin jokatzen nuen, partidarik ez zutenean.
Ondo moldatzen al zinen judoan?
Judoan atletismoan baino hobeto moldatzen nintzen. Atletismoan laugarren edo bosgarren gelditzen nintzen beti. Ez nuen inoiz irabazten. Aranberrik, ordea, hainbat lasterketa irabazi zituen. Dena den, ondo pasatzen nuen: Gipuzkoako herri askotara joan, korrika egin, lagunekin egon… Esan bezala, judoan hobeto moldatzen nintzen. Baina nekatu egin nintzen. Futbolak gehiago motibatzen ninduen. Saskibaloia ere gustatzen zitzaidan, baina ez futbola bezainbeste.
Zer dira Urola eta Argixao zuretzat?
Nire bizitzaren zati handi eta garrantzitsua dira. 16 urterekin Realera joan nintzen arte, hori bakarrik ezagutzen nuen. Urolaren maila guztietan jokatu dut, eta entrenatzailea ere izan naiz. Baita epaile lanak egin ere. Nire beharra izan duten guztietan, han izan naiz. Argixaon eskolan baino ordu gehiago pasatzen nituen.
Urolatik Realera joan zinen. Nola gogoratzen duzu Realean igarotako denbora?
Nahiko gauza arraroa izan zen. Urolaren lehen taldean hasi nintzenean, Euskadiko selekziotik deitu ninduten. Gazte mailan nengoen, baina Urolaren lehen taldean jokatzen nuen. Euskadiko selekzioko ikuskatzaile baten arreta piztu nuen eta eraman ninduten. Selekzioko taldekideei ere arraroa iruditu zitzaien. «Nor da Urolan jokatzen duena?», galdetu zuten. «Ni naiz», esan nien. «Urola Gipuzkoako herri txiki bateko taldea da». Erkidegoen arteko txapelketa bat jokatu genuen, Galiziaren eta Asturiasen aurka. Nahiko ondo jokatu nuen eta Realak beraiekin entrenatzera joateko deitu zidan. Talka izan zen. Izan ere, Urolatik Realera salto handia zegoen. Ez nekien maila emango nuen.
Maila eman zenuen, baina ez zenuen lehen taldera heltzea lortu.
Eibarrekin Lehen Mailara igo nintzenean, Realak klubean jarraitzea nahi zuen, baina beste talde baten utzita jokatuz. Ez zidaten denboraldiaurrea Realarekin egitea eskaini. Yuriri [Berchiche], bai, ordea. Hori ikusita, Eibar taldeko arduradunekin hitz egin nuen. Bi urte neramatzan Eibarren eta klubeko arduradunei ni erosteko eskatu nien. Arriskutsua izan zen, Eibar mailaz jaits baitzitekeen. Baina eman beharreko pausoa zela uste nuen. Gainera, Eibar taldeak dena eman zidan.
Gogor lan egin behar izan zenuen elitera heltzeko.
Aurreko batean Oskar Martin laguna Atenasera etorri zen bisitan. Oskarrek eta biok elkarrekin jokatu genuen, Alacanten. Bere neska-lagunak 0rdutik bizitza asko aldatu dela esan zuen. Gogor lan egin dut elitera heltzeko, baina zortea ere izan dut. Egia da, dena den, ordu asko sartu dudala. Urolan egonda Realarekin entrenatzen nuenean, egunero entrenatzen nuen. Banekien aukera ona zela eta ezin nuela pasatzen utzi. Bi egunetan Realarekin entrenatzen nuen, beste bi egunetan Urolaren lehen taldearekin eta beste batean Urolaren gazte mailako taldearekin. Urte garrantzitsua izan zen niretzat eta ondo atera zen. Ondoren, gorabehera asko bizi izan ditut. Baina tematia izan naiz, eta hori funtsezkoa izan da.
Argi zenuen elitera iritsi nahi zenuela?
Iritsi egin nahi nuen. Ez nekien nora zehazki, baina iritsi egin nahi nuen. Profesionala izan nahi nuen, 2.B Mailan edo Bigaren Mailan. Lehen Maila oso urruti ikusten nuen, ez dizut gezurrik esango. Ez nuen uste 2.B Maila baino askoz ere gorago helduko nintzenik, baina eguneroko lanari esker aukerak suertatu dira eta baliatu egin ditut.
Aukera horietako bat Athleticen jokatzea izan zen.
Eibarren nengoenean, nire helburua Eibarren gauzak ahalik eta ondoen egitea zen, egunen batean Athleticekin jokatzeko aukera izateko. Athleticek fitxatu nahi ninduela esan zidatenean, sekulakoa izan zen. Athleticekin fitxatzea ametsa izan zen. Urte zoragarriak bizi izan ditut klub handi horretan. Iaz zer lortu genuen eta aurten nola jokatu duten eta zer lortu duten ikustea zoragarria da.
2.B Mailan jokatzea amestetik Espainiako Kopa eta Greziako Liga eta Kopa irabaztera pasa zara.
Bide luzea izan da. Pausoz pauso egin dut. 2.B-n jokatzen nuenean zoriontsua nintzen, Athleticen zoriontsua izan naiz eta Grezian zoriontsua naiz. Normaltasuna eman behar zaio. Egiten eta lortzen duzunarekin zoriontsua izatea da garrantzitsuena. Porrotak ezin dira sekulako galerak izango balira bezala hartu. 2.B mailan jarraitu izan banu ere, zoriontsua izango nintzatekeen. Baita Urolan jarraitu izan banu ere.
Nola suertatu zen Olympiakosera joateko aukera?
Lehenago ere Olympiakosera joateko aukera izan nuen. Iaz ez zegoela argi Athleticen jarraituko nuen edo ez esan nien, beharbada hara joateko aukera izango nuela. Espainiako talde batzuek ni fitxatzeko nahia azaldu zuten, baina ez nuen mailari eusteko jokatu nahi. Denboraldi osoa Bigarren Mailara ez jaisteko borrokatzen ematea oso gogorra da. Nire adinarekin eta ibilbidearekin, ez du merezi. Txapelketak irabaztea helburu duen talde batean jokatu nahi nuen. Eta, batez ere, Europako txapelketak jokatu.
Zer aurkitu duzu Grezian?
Okerrena trafikoa da. Bestalde, zaleak oso beroak dira. Liga irabazi genuenean liskar batzuk izan ziren. Ez dut ulertzen. Futboletik kanpo ez dira horrelakoak! Lasaiak eta adeitsuak dira. Bai klubean eta bai kalean oso ondo hartu gaituzte. Oso pozik gaude Atenasen. Oso hiri handia da, baina erdigunean oso ondo egoten da. Gu kanpoaldean bizi gara, hegoaldera. Hondartza gunea da. Oso ondo bizi gara han, eta dagoeneko lagun kuadrilla dugu.
Jose Luis Mendilibar zure bizitzako entrenatzaile garrantzitsuena izan al da?
Bai. Eibarren klubaren eta jokalarien mentalitatea aldatu zuen. Eta Olympiakosen Konferentzia liga, Liga eta Kopa irabazi ditu. Berari esker, berriro nire onena ematen ari naiz. Iaz ez nuen nahi bezainbeste jokatu. Konfiantza eskaini dit eta maila eman dut.
Punta-puntako beste entrenatzaile batzuk ere izan dituzu: Gaizka Garitano, Eduardo Berizzo, Marcelino Toral eta Ernesto Valverde.
Oso entrenatzaile onak izan ditut. Bakoitzak bere erremintak ditu, baina guztiak primerakoak dira.
Primerako entrenatzaileak, eta primerako taldekideak ere bai.
Nico Williamsek eta Oihan Sancetek, adibidez, sekulako maila eman dute azken denboraldi honetan. Olympiakosen harrobiko mutikoak ere oso onak dira.
Datorren urtean Txapeldunen Liga jokatuko duzu.
Europan jokatzea ametsa betetzea bazen, Txapeldunen Liga jokatzea zer esanik ez…
Urte askoan jarraitzeko asmoa al daukazu?
Oraingoz, gorputzak ondo erantzuten dit. Denboraldiaurrean lesio bat izan nuen, baina ondoren ez dut lesiorik izan. Ondo nagoen bitartean, jokatzen jarraitu nahi nuke.
Arerio gogorrena zein izan duzu, orain arteko ibilbidean?
Messi, noski. Eibarren jokatzen nuenean, Muniaini aurre egitea ere ez zen erraza.
Partida gogoangarriena zein oroitzen duzu?
Bartzelonari irabazi genion Superkopako finala. Baita Kopan San Mamesen Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka jokatu genituen partidak ere.
Jokatzeari uzten diozunean, talderen bat entrenatuko al duzu?
Futbol munduan jarraituko nuela uste nuen lehen, baina ez dut uste. Asteburuetan familiarekin eta lagunekin egon nahi dut. Dena den, ez dago jakiterik.
Nolako futbolaria zara?
Taktikari dagokionez azkarra eta defentsa lanean gogorra. Teknikari dagokionez, urtetik urtera hobetu egin dudala uste dut. Gol gutxi sartzen ditut, gainontzekoa ondo egiten dut.
Futboletik kanpo zer zaletasun duzu?
Maite ditudanekin egotea. Bizikletan ibiltzea gustatuko litzaidake.
Futbola asko aldatu al da?
Bai. Lehen ez zen horren fisikoa. Egun, mundu guztia oso ondo zaintzen da. ■
Eibarretik zerura
Dani Garciari bere argazki kuttuna eskatutakoan, ez du zalantzarik izan: Eibar taldearekin fitxatu zuenean atera ziotena. «Nire kirol ibilbideko une garrantzitsuena da. Nire karrera aldatu zuen», esan du.
Izan ere, Garciari asko kosta zitzaion elitera heltzea eta Eibarren lortu zuen bere helburua. «Hasieran, ez nuen oso argi bertara joan edo ez. Izan ere, Getafen nengoen eta denboraldiaurrea lehen taldearekin egin behar nuen. Getaferen lehen taldea Lehen Mailan zegoen. Baina Eibar oso garrantzitsua izan da niretzat. Bertan heldu egin nintzen, bai pertsona bezala eta baita futbolari bezala ere».
Garciak sei denboraldi igaro zituen Eibar taldean: lehena 2.B Mailan, bigarrena Bigarren Mailan eta gainontzeko laurak Lehen Mailan. Realak utzita jokatu zuen Eibarren. «Eibarrekin Lehen Mailara igo nintzenean, Realak klubean jarraitzea nahi zuen, baina beste talde batean utzita jokatuta. Ez zidaten denboraldiaurrea Realarekin egitea eskaini. Yuriri, bai, ordea. Hori ikusita, Eibar taldeko arduradunekin hitz egin nuen. Ni erosteko eskatu nien. Arriskutsua izan zen, Eibar mailaz jaitsi baitzitekeen. Baina eman beharreko pausoa zela uste nuen. Gainera, Eibar taldeak dena eman zidan».
Bere entrenatzaile kuttuna, Jose Luis Mendilibar, Eibarren ezagutu zuen. «Eibar utzi nuenean, ez genuen gure arteko harremana galdu. San Mamesera joaten zen bakoitzean deitu egiten zidan, zigortuta nengoenean bere taldeen partidak ikustera joaten nintzen, nire ezkontzara etorri zen… Eibar taldeko kapitaina izan nintzen eta, hala, nirekin beste jokalari batzuekin baino harreman estuagoa zuen. Arlo pertsonalean, lagunak gara».
Orain bere entrenatzailea da berriro. Izan ere, Mendilibar da Olympiakos taldeko entrenatzailea. «Olympiakosekin fitxatu nuenean, banekien hemen zoriontsua izango nintzela. Ez nekien jokatuko nuen edo ez, baina bai egunero pozik joango nintzela entrenatzera. Alaba ekainean jaio zen, emazteak lana utzi behar izan zuen… apustua izan zen, baina pixkanaka egokitu egin gara eta oso zoriontsuak gara Atenasen».