Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Herri-ekimeneko egitasmoen zerrenda egiten hasiz gero, zutabe honetarako baimendutako karaktere guztiak xahutuko nituzke erdiak aipatu ere egin gabe, ziur aski. Izenak baino izanak hartu nahi ditut aipagai, horrenbestez.
Kultur, kirol, hezkuntza, gizarte-mugimendu oso ezberdinak eta ugari daude gure herri eta auzoetan. Hauetako bakoitza ekimen bati, gutxienez, edo bati baino gehiagori lotuta dago. Oraingo honetan, ‘zer’ baino, ‘nor’ da arreta gune bihurtu nahi dudan galdetzailea. Izenak izana duela dioen esaerari buelta emateko asmotan nator, aitortuko dizuet. Izanik gabe ba al da izenik, edo nolakoa izan daiteke izena soilik lukeen izana? Letra bakarra aldatu arren, hitz batetik besterako aldea nabaria dela uste dut, ‘a’ eta ‘e’ elkarren segidako bokalak izanda ere. Hauxe gogoetarako galdera: nork eragiten du zerbait benetako bihurtu eta jendeak bertan parte hartu, eta, gainera, gozatu ahal izatea?
Azken hilabetean, bereziki, oso ezaugarri, kokapen eta ildo ezberdinetako egitasmo askotan parte hartzeko aukera izan dut, asteburuetako agendak gainezka egiteraino. Denek dute lotzen dituen hari bat, edo nik aurkitu diet, behintzat. Guztietan jende askok hartu du parte, eta are gehiagok egin du lan parte hartzaileek dena eskura izan zezaten, kezka eta kexa aukera oro deuseztatuz. Behar zuten une, leku eta moduan dizdiz beste batzuk egiteko lanean aritutakoak ditut hizpide.
Karteletan, albisteetan, ahoz aho, sare sozialetan ez da ekimenak posible egiten dituzten herritar anonimoen inguruko informaziorik argitaratzen. Izengabeak dirudite; goi mailakoak dira izanean, ordea. Zeren, pentsatu bi segundoz, halako pertsonarik ez balego, boluntariorik ez balitz, bere izena nabarmentzen baino bere borondatea eskaintzen duen auzoko, lagun, senide, ezagun, edo ezezagunik ez bagenu, Bolondria-ko bizilagunak Asier Iriondoren aurreko asteko hitzak neurera egokituz, nola jakingo genuke zein bidegurutzetan hartu ezkerretara, nora agertu, non eseri…
Musutruk, ezkutuan, eskuz esku, estu-estu, isil bezain prestu, lanean ari zareten borondatetsu anonimooi, mimo eta animo irmoak, muxu zakukada batez gain. ■