Gizarte ekimeneko Horbel kooperatibaren proiektuari esker, errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren hamabi haur sahararrek Zeraingo aterpetxean izango dute bizilekua udan, bi hilabetez.
Orkli kooperatibaren Orklidea lehiaketa irabazita, posible izango du Gizarte Ekimeneko Horbel kooperatibak udako bi hilabetetan, hamabi haur saharar basamortuko berotik ateratzea eta Zeraingo aterpetxean ostatu eman, zaindu eta bizitzako esperientziak eskaintzea.
Oporrak Bakean programa du abiapuntuan Horbeleko Maria Rodriguez beasaindarrak sustatu duen proiektuak. «Oporrak Bakean proiektuaren barruan, urte batzuk badaramazkit Saharako haurrekin lanean. Ikusten nuen, Oporrak Bakean programan zaila dela familiak lortzea Goierrin. Garai batean, etortzen ziren. Iaz, pandemia ondoren, Beasaingo lehenengo familia bat animatu zen. Beste inguru batean asko egiten ari naiz, eta Goierrin ezin, askok ezagutu ere ez dute egiten», dio Rodriguezek.
Hamabi haur eta sei hezitzaile
Beraz, Orkliren Orklidea lehiaketara proiektua aurkeztu zuen, Horbel Gizarte Ekimeneko kooperatibaren laguntzarekin. «Horbelen nago ni. Horrelako proiektu bat aurkezteko elkarte bat behar da. Kooperatiban komentatu nuen eta laguntzen bazidaten aurrera egingo nuela pentsatu nuen». Proiektua idatzi, txukun maketatu, aurkeztu eta Orklidea lehiaketan 35.000ko saria irabazi zuen Rodriguezek.
Ondorioz, Urretxun eta Zumarragan izango diren bi haurrez gain, Zeraingo aterpetxea izango dute bizileku 10 eta 12 urte bitarteko beste hamabi haurrek ekainaren amaieratik abuztuaren amaierara bitartean. Sei hezitzaileren ardurapean egongo dira: «Polita litzateke Goierri mailan izugarrizko mugimendu soziala sortzea eta boluntario bidez hau dena aurrera eramatea. Baina pertsona asko behar dira, umeekin lana egiteko aldunditik baldintza batzuk eskatzen dituzte…».
Gainera, «kontuan eduki behar da ume horiek 10-12 urte dituztela. Oso txikiak dira. Eta denbora guztian ume horien erreferenteak aldatzea ez da egokiena. Haurrekin lana egiten dut eta boluntarioena oso polita izan daiteke, baina lehenengo urtean erabaki du formakuntza bat duten langile batzuk kontratatzea».
Sei lagun kontratatzeko apustua egin duenez, proiektuaren aurrekontua ere uste baino gehiago igo da, «ia 60.000 eurora igotzen da. Aterpetxea bakarrik 12.600 euro da». Orkliren 35.000 euroez gain, «Ampok 6.000 euro eman ditu, beste udal eta elkarte batzuetatik ere bai, beste enpresa batzuetan ea zer esaten diguten. 12.000 euro falta zaizkigu. Aldundikoen zain ere banago».
Goierritarren ekarpen desberdinekin osatuko ditu haur sahararren beharrak, «ahalik eta gastu gutxien edukitzeko». Ormaiztegin adibidez, Sahara krosean, mahai jolasak eta jostailuak jaso zituzten, eta Ataunen garbiketarako produktuak. «Arropa ere biltzen ari gara Goierriko hainbat eskoletan. 10-12 urte bitarteko haurrentzat arropa biltzea ez da zaila, azkenean 12 ume dira eta». Goierriko hainbat supermerkaturekin ere harremanetan daude «kadukatzear» diren hainbat elikagai jasotzeko. Janari bilketak ere egingo dituzte.
Hala ere, beharrak gehiago ere badira. «Norbaitek bere aldetik zerbait jarri badezake, esperientzia bat eskaini, autobus enpresa autobus zerbitzua merkeago eman, motxilak, bizikletak, patinak, patineteak, erraketak…. Proiektuarekin interesa duenak eta zerbait eskaintzeko daukana jar dadila harremanetan lankidetza@horbel.eus helbide elektronikora idatzita, edo Instagraman sortu duten @goierrimendebaldekosahararekin kontutik».
Eta lanerako eskuak ere beharko dituzte, sukaldatzeko, arropak eta aterpetxea garbitzeko adibidez. «Norbaitek dirua eman nahi badu idatzi dezala. Diru gehiago lortuz gero, sukaldari bat kontratatzeko aukera egongo litzateke».
Haurren beharrak
Oporrak Programaren helburuetako bat da, osasuna hobetzea elikadura orekatu baten bitartez, egunean bost otordu eginez elikagai fresko, barazki, fruta, proteinak eta abar hartuz. Horrezaz gain, oinarrizko osasun azterketak ere egingo dizkiote. «Guk hemen egiten dugun lana oso garrantzitsua da. Karie asko izaten dituzte askotan, xixareak tripatan… bistan arazoak eta betaurrekoak jartzeko beharra… Normalean asko dira bi hilabetean sendatzen diren gaitzak. Baina baldin bada zerbait jarraipena eman behar zaiona, garrantzitsua da urteetan harremana mantentzea».
Errefuxiatu kanpamenduetatik kanpoko beste errealitate eta hizkuntzak ezagutzea ere bada helburua. Zerainen euskaraz ikasiko dute, eta uztaileko goizak Segurako udaleku irekietan pasatuko dituzte Segurako haurrekin batera. «Hor sortuko da harreman bat haurren artean». Igeri egiten eta bizikletan ibiltzen ere erakutsi nahi diete. Eta jakina, jolaserako eta esperientzia desberdinak bizitzeko aukera ere izango dute Zerainen nahiz inguruko herrietan. «Aizkorpeko udaletxeek lagunduko digute neurri batean eta mugituko gara. Ez ditugu Zerainen isolatuko».
Elkar ezagutza
Goierritarren eta Goierrin bizi diren Mendebaldeko Sahararren arteko «inplikazioa» ere bilatzen du Rodriguezek. «Kultura desberdinak hemen badaude, baina ez ditugu ezagutzen. Kosta egiten da horrelako erlazio bat sortzea. Nire helburua ere bada erlazio hori sustatzea eta saharar horiek, kultur desberdinak gerturatzea eta espazioak sortzea».
Eta beste helburu bat ere badu beasaindarrak: datozen urteetan Goierrin bi hilabetez haurrak hartuko dituzten familiak lortzea. «Agian proiektu honi esker datorren urtean Goierrin, Aizkorpeko familiaren bati piztuko zaio txispa eta harrera familia izateko gogoa».
Motxila beteta
Bi hilabeteren, motxilak beteta itzuliko dira euren jaioterrietara. Batetik, bizipenez betetako motxilarekin itzuliko dira: «Itsasoa lehenengo aldiz ikustea, ura iturritik hartzea, komuneko bonba… beraientzako dena ikasketa da. Hainbeste belar, animalia, erreka, natura… berria da beraientzat».
Eta bestetik, materialez betetako motxilarekin: «Beraiek motxila txiki batekin etortzen dira. Dokumentazioa, telefono zenbaki batzuk apuntatuta eta batzuek janari pixka bat. Ez dute gehiago ekartzen. Gero bueltan, motxila handi bat eta rafiazko laukidun poltsa handiak, 25 kilokoa, gauzaz beteta eramaten dituzte. Hemen erabili dituzten arropa denak, bilketa egiten badugu gurasoentzako-eta arropa…». ■