Zuhandorra (Cornus sanguinea L. subsp. sanguinea.)
Deskribapena
Zuhandorra landare hostoerorkorra da. Hosto (2,5-9 x 1,5-5,5 cm) obatuak ditu, punta batean amaituak. Haren hostoak sinpleak eta azpialdetik iledunak dira, eta ertz osoa dute.
Landare hermafrodita da. Haren lore zuriak sortaka agertzen dira, landarearen muturrean. 4 petalo (3,5-5,5 mm) dituzte. Globo-itxurako fruitu (5-8 mm) beltzak garatzen ditu.
Azal arraildua du, gorrizta. Udazkenean, haren kolorea indartu egiten da, eta hortik datorkio sanguinea izen espezifikoa.
- Ekologia. Heskai eta baso-bazterretan agertzen da, leku fresko eta itzaltsuetan. Lurzoru basikoak ditu nahiago.
- Banaketa. Eurosiberiarra.
- Loraldia. Maiatza-ekaina.
- Tamaina. 2-5 m.
- Altitudea. 0-1.000 m.
- Erlazionatutako habitatak. Artadia, haltzadia. ■
Iturria: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailak ondutako Basoak.eus webgunea.