Ekoizpenaren eta kontsumoaren artikulazioaz, ekoizpen txiki eta dibertsifikatuaren aldeko apustuaz, salmenta zuzenaren onurez eta mugez, kontzientziaz eta koherentziaz. Hona bi ekoizle gazteren gogoetak.
Hilateteak gorabehera, Biziola denda martxan jarri zen garai bertsuan ekin zioten haien bizi proiektu berriari Uxue Artolak (Amezketa, 1985) eta Aitor Urdangarinek (Beasain, 1997). Bi-hiru urte egin beharra dago atzera horretarako. Denborak erakutsi die baietz, posible dela lehen sektoretik bizitzea, posible dela bertan ekoitzitakoa bertan kontsumitzea, posible dela zikloa kilometro gutxiren buruan ixtea.
Etxean behorrak izan arren, Artolaren proiektua ez zen moxalekin hasi, basatxerriekin baizik. «Hasi eta berehala pandemia etorri zen, dena hankaz gora jarri zitzaigun, basatxerrin ere gorabeherak zeuden, eta beste bide bat hartzea erabaki genuen». Etxeko behor kopurua handitu, eta moxal haragia ekoizten hasi ziren Loidi baserriko lurretan. «Proiektua sostengarria izateko alderdi ekonomikoari begiratu behar zaio, baina baita ingurumenari ere. Erabaki genuen guk hasitakoa guk bukatzea. Hazkuntza, eraldaketa eta salmenta zuzena, zikloa guk ixtea».
Etxean ekoitzitakotik bizi
Aralar.Eko markapean merkaturatzen dute moxal haragia. «Etxeko zelaietan, Amezketako herri mendian eta udan Aralarren larratzen dira behor eta moxalak. Urtean 11-12 buru kentzen ditugu, udan indarberritzeko tarte bat hartuz. Haragiak sustantzia eta trinkotasun gehiago izateko, hamabi-hamabost hilabete dituztenean eramaten ditugu hiltegira». Bazuten kezka hasiera horrekin, moxal haragia kontsumitzeko ohitura «murritza» delako inguru honetan, baina lehen urteak haien uste guztiak gainditu zituen. «Bezeroei esan genien gure helburua zela etxean jaiotzen zena merkaturatzea eta hori bideragarria egitea, eta ez buru gehiago ekarri eta ekoizpena handitzea».
Ekologikoko trazabilitatea daukan Zornotzako hiltegira eramaten dituzte moxalak, eta loteak prest dituztenean banaketarekin hasten dira. Zuzeneko bezeroei ez ezik, Azpeitiko Elikagunean eta Lazkaoko Biziolan merkaturatzen dute, baita haien proiektuarekin bat datozen jatetxe batzuetan ere, tartean Tolosako Aman eta Ormaiztegiko Kukon. «Filosofia hori bilatzen saiatzen gara, gure ekoizpena gure proiektuaren ildo bera jarraitzen duten lekuetara eramanez».
Gantz osasungarriko okela
Euskal Herriko mendi zaldi arrazarekin lan egiten dute, eta garai batean haragi mota hau kontsumitzeko inguru honetan zegoen ohitura berreskuratzea ere badute helburu. «Lanketa hori egiten ari gara federaziotik. Moxal haragia oso osasungarria da, EHUn egiten dituzten ikerketa batzuen emaitzak oso baikorrak dira. Burdin asko du, beste elikagai batzuetan aurki ez daitekeen Omega3 gantz berezia. Abeltzaintza estentsiboa egin eta gizentze prozesua motela bada, gantz horri eutsi egiten zaio. Horri heldu nahi diogu, eta adibidez, gantz hori gehixeago sartu hanburgesetan».
Industriatik etxeko lurretara
Irizarren zuen lanpostua utzi, eta jaiotetxe duen Beasaingo Gudugarreta auzoko Saltsamendi baserriko lurrak ditu orain lantoki Urdangarinek. «Erabat autodidakta naiz, amonaren eskolakoa. Ekoizpenarekin proba asko eginez, liburu asko irakurriz… horrela hasi nintzen». Hasi eta berehala, Ataungo Espilla baserriko Pili Eskisabel jubilatu zen, eta hango kontsumo taldea hornitzen hasi zen, eta urtebetera Beasaingo Jesus Leundak gauza bera egin zuen, eta Beasaingoa ere hartu nuen. «Salmenta alderditik inola buruhausterik ez dut izan». Orain urtebete, Bizi proiektua sortu zuen Iñigo Martinez lazkaotarrarekin batera.
Kontserbazio nekazaritza lantzen dute. Modu horretan, hainbat praktika agronomikoren bidez, nekazaritza lurrak ahalik eta gutxien higatzen dituzte, sailaren osaerari, egiturari eta biodibertsitateari ahalik eta kalte txikiena egiteko. Baratzearekin ez ezik, oilaskoak hazten ere hasi dira. «Etorkizun jasangarriagoa bat eta herri osasuntsuago bat nahi ditut, baina horretarako, norberaren ekoizpena modu duinean saltzea da dagoen erronka handienetako bat».
Proiektuak kolektibizatzea
Bi helburu nagusi jarri dizkiote Bizi proiektuari: «Alde batetik, lan baldintza duinak bermatuko dizkigun proiektu bat izatea; bestetik, saiatzea eredu izaten jende gehiagoa has dadin sektorean». Urdangarinek nabarmendu du bi eredu daudela: «Ekoizpen handia egin eta bitartekari bati saldu, eta bestea salmenta zuzena. Azken horrek bere mugak ere badauzka, eta behartzen zaitu oso ekoizpen txikiak egitera. Gure erronka da proiektuak kolektibizatzea, eta hiru-lau pertsonako proiektuak egitea. Horretarako salmentan beste jauzi bat eman beharra dago».
Ekoizpenaren eta kontsumoaren artikulazioari egin dio aipamena: «Hor erakundeak, jatetxeak, jangelak, kooperatibak… sartzen dira. Hor erabaki asko hartzen dira, eta ez bereziki txikion alde. Ekoizle bezala bakarrik ari bazara oso mugatuta zaude, eta beste jauzi bat emateko hanka horiek denak artikulatu beharra daude».
Beasaindarrak garraio publikoaren adibidea jarri du. «Trena doan jarri dute, eta askoz jende gehiago dabil. Eta hori ez da izan jendea kontzientziatuago dagoelako, baizik eta erabaki politiko batzuk hartu direlako, eta orain onura gehiago dauzkalako kotxean ibiltzea baino». Haren ustez, elikadura burujabetza ezin da jendearen kontzientziaren baitan utzi. Jangelen hornikuntza dute begiz jota, eta ekoizleen arteko elkarlana funtsezko jotzen dute biek ala biek, baita eredu honetan sinesten duten udalek eta herritarrek indarra egitea ere. ■