Mikel Sarriegi • Dantzaria
Legazpiko santikutzetan zor handi bat kitatu dute aurten, hainbat emakumek bere unean dantzatu ezin izan zuten ezpata-dantza dantzatzeko aukera izan baitute. Zorionak bi bider Sustraiak taldeari, emakumeei eragotzitako ezpata-dantza erreparatu duelako eta taldeak 50. urteurrena ospatzen duelako aurten. Ari gara tradizioaren ulerkera okerrak sortutako hainbat arazo, poliki bada ere, bideratzen. Ea gizarte honen gainerako alorretan, ustez tradiziozko adierazpideak baino aurrerakoiagotzat
jotzen ditugun horietan pareko abiadura hartzen den.
Baina beste alde batetik, kontrako efektua ere bizitzen ari gara dantzaren alorrean, pendulu zital gisa: mutiko eta gizonezkoek, biztanleriaren ‘erdiak’, alegia, geroz eta gehiago egiten diete muzin dantzaren eta musikaren moduko jardunbideei, sistematikoki egin ere.
“Elle dansait” idatzi nuen orain hilabete batzuk zutabe honetan, eta Colette amona xarmagarriak pianoa joz eta dantzatuz 107 urte bete zituela kontatu nizuen. Egun emakumeen bizi-esperantza bost urte handiagoa omen da gizonezkoena baino. Berebat, gizonezkoek ezin dituztela bi jarduera aldi berean egin esateko topikoa entzun ohi dugu. Orain, gainera, gizonezkoen gehiengoa dantzatzeari uzten ari baldin bazaio, are gehiago handituko da gure arteko bizi-esperantzaren
eta, batez ere, bizi-kalitatearen arteko arrakala.
Ziur naiz.
Hala ere, oso pozik ikusi genuen joan den asteko Beasaingo Loinazko bai ezpata-dantzan bai dantza-sokan kopuruz parez pare plazaratu zirela mutikoak eta neskatoak. Eta horrek gogora ekarri dit iazko Ordiziako santanetako haurren aurreskuan ikusitakoa: 80 dantzarik osatutako sokan bi mutikok bakarrik parte hartu zuten! Espero dezagun datozen uztaileko jaietan desoreka hori zertxobait berdindu ahal izatea.
Mutikoen onurarako, bai, baina baita gizarte osoaren onurarako ere. ■