Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Uda ate joka. Gainerakoak bezala, bere alde on eta ez hain onekin. Azken hauetan euli nahiz eltxoen ugaltzeak. Saihesteko hainbat bitarteko izanagatik, modu naturalean murrizten dituzten eltxojale ikusgarriak oraingoan.
Hutsik ere egin gabe, adinekoenen arabera maiatzaren 3an, ikus daitezke denboraldiko lehenak. Abuztuaren amaiera aldera emigratzen duten arte, txiuka eta abiadura bizian, etxe nahiz kanpandorre inguruetan, taldekako maniobra sinesgaitzak eginez, gure herri kaskoak alaitzeaz gain, intsektizida naturalen funtzioa ere burutzen dute. Uda geure artean pasako duten hegazti urbano hauek ezaugarri oso bereziak dituzte. Besteak beste, euren gorputz morfologiak, hegal garatu eta hanka laburrekoak, lur hartzen ez diete uzten eta kumaldian edo pareta garaietan paratu ezean, bizitza osoa hegan pasatzen dute, elikatzea, loa eta harremantzea ere hala egin ohi dutelarik. Hori dela eta, garaiera handiko teilape, pareta, harresi nahiz harkaitz zulo eta zirrikitutan egiten dute errutegia, ondoren bertatik aireratzeko.
Batzuk enara edo ipurtxuriekin nahastuak, beste askok txori soiltzat hartuak. Gurean arranderak dira. Herri eta parajearen arabera hainbat izenez, horietako asko onomatopeikoak, ezagutuak: arrantxori, udatxori, sorbeltz, txirri, txirrin, txirrio, txirriskilo, txirribirri, txirritxaldo, zirringillo, kirrikil, apaiztxori, kanpantxori, meletxiko, kirrizkarro, irrio, elai beltz, enara beltz, enara handi, ermitarixo…
Azken urteetan, begibistakoa da arranderen populazio jaitsiera. Arrazoietako bat euren ohituretako batekin lotua, kabi bera berrerabiltzearekin. Teilatu nahiz paretetan egindako zaharberritzeek euren sorlekua ez aurkitzera eramaten ditu. Hori dela eta, zenbait lekutan espezie hau babesteko neurriak hartu dituzte, besteak beste, habi artifizialak eraikitzea.
Ez nuke hegaldi hau amaitu nahi Antzuolako beltxijuak, Urretxuko txirrintxoriak, Arbizuko txirriñoak, Asteasuko mitxiubak eta Elduaiengo txirringiluak eskertu gabe. ■