Txikitatik izan du musikarekin harreman estua Martin Kortaberriak (Lazkao, 1999). Sei urterekin hasi zen biolina ikasten, Donostiako Orfeoiaren egoitzan, eta ondoren musikako ikasketak egin zituen. Orain Lasarteko Institutuan musika irakasten du. Etxean ondutako lehenengo ‘single’-a atera berri du Kortaberriak: ‘Bakardadeak’ abestia. «Zaila» ikusten duen arren, musikatik bizitzea gustatuko litzaioke, eta dagoeneko baditu hainbat proiektu buruan.
Noiz eta nola sortu zenuen ‘Bakardadeak’?
Abestia duela zazpi urte inguru idatzi nuen, beste batzuekin batera. Jada 26 urte dauzkat eta zerbait ateratzeko garaia zela pentsatu nuen.
Nolako harrera izan du?
Abestiak izan duen harrerak nire espektatibak gainditu ditu. Zenbait kritika eraikitzaile jaso ditut, baina inor ez zait etorri txarra dela esatera. Lagunen artean harrera bikaina izan du, eta gertuko jendeak sare sozialetan asko partekatu du.
Euskal Herritik kanpora ere iritsi da, ezta?
Bai, algoritmoak bere magia egin du, eta Spotifyn entzule gehienak Argentinakoak izan dira.
Zein da abesti bat sortzeko prozesua?
Orokorrean, lehenengo ideia bat garatzen dut buruan. Zeri buruz idatzi nahi dudan erabaki ostean, akordeen eta doinuen zatia etortzen da; eta, ondoren, dagokion letra sortzen diot. Hala ere, ez daukat prozesu finko bat eta beti ez da berdin izaten. Kaotiko samarra naiz, alde horretatik.
Ba al duzu beste abestiren bat ateratzeko asmorik?
Bai, uztailean-edo zerbait ateratzea gustatuko litzaidake. Produkzio mailari dagokionez hari beretik joango da: nire etxean grabatuko dut. Estudio bat kontratatzea pauso handi bat ematea dela iruditzen zait, eta oraindik ez dut hain garbi ikusten.
Euskarazko abestia zango da?
Bada denboratxo bat euskarazko abestirik idazten ez dudala. Nik entzuten dudan musika gehiena ingelesez da, eta idatzi eta irakurri ere hizkuntza horretan egiten dut gehien. Ingelesak jolasteko aukera asko ematen dit, baita prozesu poetiko espresiboa sinplifikatu ere.
Euskal Herritik kanpo probatzea pentsatu al duzu?
Bai. Hain zuzen, urtebete diasporan pasatzea daukat buruan. Datorren urterako daukadan plan bat da, baina hori baino lehen hemen beste zerbait atera nahiko nuke.
Zer daukazu buruan?
Talde artistiko bat sortu nahiko nuke. Ez dut konkretuki inorengan pentsatu, baina zer instrumentu entzutea gustatuko litzaidakeen badakit. Niretzako musika zerbait kolaboratiboa da, eta instrumentu desberdinak sartzeak aberastu egiten du abesti bat.
Zure proiektua Euskal Herrian garatzea zaila dela uste duzu?
Buruan daukadan proiektu artistikorako, hemengo musika eszenan baino, kanpoan ikusten diot etorkizun oparoagoa. Nire lehenengo asmoa kanpoan probatzea da, baina mundu hau ez da erraza, eta han funtzionatuko ez balu bueltatzeak ez lidake minik emango. ■