Maiatzean jokatu diren Euskadiko bola eta toka txapelketetan, bietan atera ditu sariak Iñaki Maizek (Gabiria, 1958). Ezohikoa da bi modalitateetan halakorik lortzea. Etxetik datorkio bolatarako eta tokarako zaletasuna. Lehiaketan, tokan hasi zen aurrena, eta geroago bolan. Tiraldien antolatzailea ere bada. Gabirian ondo ikusten du kirol horren osasuna; gainerakoan, gazteen presentzia urriak kezkatzen du.
Tokan eta bolan Euskadiko sari bana irabazi dituzu. Ez da ohikoa hori.
Ez dakit bakarra naizen, baten batek aterako zuen lehen ere. Horrela tokatu da. Batzuk bolatan gehiago ibiltzen dira, eta beste batzuk tokan espezialistak izaten dira. Garai batean gehiago bereizten ziren, eta gaur egun bietan ibiltzen da jendea. Lehiaketako jardunaldiak hogei izaten badira, 10-12 tiralditan bola eta toka, biak jartzen dira. Batean parte hartzen duenak, bestean ere bota ohi du. Niri aurten egun onak tokatu zaizkit. Askotan, egundoko intentzioarekin joan eta tiraldi txarra irteten da; aurten nahiko lasai joan nintzen, eta ondo atera zen.
Toka txapelketa Urretxun jokatu zen, maiatzaren 25ean. Han 2. izan zinen.
Bai. Lehenengo Jose Antonio Calvo izan zen, Urretxukoa; ni bigarren, eta hirugarren Ino Ugarteburu ezkiotarra. Calvok 16 jo zituen, eta nik 14, sei tiralditan. Tiraldi bat kale egin nuen, eta horretxen pena daukat. Bai Calvo eta bai Ino, betiko tokalariak dira. Calvo aurten oso ondo dabil.
Bolatako Euskadikoa, berriz, Herreran maiatzaren 31n. Han, hirugarrena.
Lehenengoa Josu Lazkano donostiarrak atera zuen, bigarrena Ereñotzuko Aner Minerrek, eta hirugarren ni gelditu nintzen. Bi tiraldi egin genituen, eta suertez hala tokatu zen. Ondo pasatu genuen. Poza ematen dute sariek, eta Euskadiko izenarekin, gainera, gehiago.
Nondik datorkizu bolatarako eta tokarako zaletasuna?
Txiki-txikitatik. Baserrian ibiltzen ginen, anaiak-eta ikusita, eta ume-umetan hasi nintzen. Lehenengo etxean botatzen nuen, bai bolatan, eta bai tokan.
Baserrian bolatokia zeneukaten?
Bai. Bolatokia ni jaio nintzenerako eginda zegoen. Anaiak-eta aitzurrarekin jardun ziren egiten, aitak lagunduta. Bolak, berriz, Segundo Aranburu herriko aguazilak ematen zizkigun, herrian atzera gelditzen zirenak. Aita ez zen zalea, bera ez nuen bola botatzen sekula ikusi. Tartea geneukan guztietan ibiltzen ginen. Orain bezala telebistarik, mobilik eta historiarik ez zegoen, eta bolatokia zen gure denbora-pasa. Aditzera dudanez, beste baserri batzuetan ere baziren bolatokiak, baina nik ez ditut ezagutu. Gure baserriko bolatokia aspalditxoan kenduta dago, baina tokako kaxa eta fitxak han daude.
Lehenengo saria noiz irabazi zenuen?
Noiz ez naiz akordatzen, baina 14-15 urterekin izango zen, herriko festetan, tokan. Orduan tokan aritzen nintzen, urte askoan bolatan ez nuen botatzen. Gipuzkoa mailako saria ez, baina herrikoa askotan aterata nago, txikitatik. Bolatan geroago hasi nintzen; etxean bai, ibiltzen ginen, baina lehiaketetan 25-27 urte inguruan hasiko nintzen. Harrezkero, urtero segitu dugu.
Tokan Euskadiko txapeldun izan zara.
2018an lortu nuen txapela, Gabirian bertan. Osinalde bola txapelketa jokatu zen egun berean izan zen. Orduan ere bi txapelak janzteko zorian izan nintzen. Bolatan, azkeneko partaidera arte aurrena nindoan; Joxean Ormazabal herritarrak bota zuen azkena, eta hark gainditu ninduen.
Tokarako zer ezaugarri edo dohain behar dira?
Pultsua ona, eta kontzentrazioa pixka bat. Gero, suertea ere bai. Eta ibili, ibili. Beste gauza guztietan bezala, ibili. Gu ez gara asko ibiltzen, baina ibiltzea da kontua. Tokan fitxa ahalik eta zuzenen bota behar da, 11,20 metrotik burdinazko barra batera. Tenplea ere behar da, eta lasai botatzea. Besoa nola daukazun ere bada. Baserrian aurreko egunean desbrozadorearekin ibilita bazaude, besoa berak nahi duen bezala egoten da. Lehenengo fitxa jotzea da gakoa; hori joz gero, beste pare bat jotzeko aukera daukazu. Baina lehenengoa harrapatzea kosta egiten da.
Eta bolatan?
Berdin: ibili egin behar du. Bola goraxeago edo beheraxeago aterata, aldatu egiten da tiraldia. Bolatan teknika gehiago behar da: oholean gorago jo eta barrenera atera, indarra neurtu, bolatoki batzuetan gehiago eskatzen du, beste batean gutxiago…
Asko entrenatzen al zara?
Bolatan aritzeko, ostiralero 18:30ean elkartzen gara herrian 8-10 bat lagun. Ordubete edo ordu eta erdi egiten dugu. Tokan, gutxi; gehiago behar genuke. Plazan dagoen tokan askotan ezin izaten da ibili, euriagatik eta; horregatik, frontoiaren barruan jarri genuen beste kaxa bat, entrenatzeko.
Denboraldi ofiziala bukatu da. Zenbat lehiaketatan parte hartu duzu?
Denetan. Bikoteka hiru tiraldi izan dira, Gipuzkoako Kopan lau, Lehendakari Txapelketa beste lau, jubenil eta beteranoena bat, eta Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak. Horiei erantsi behar zaie Goierriko Txapelketa. Beste urteetan zazpi herritan izan da, eta aurten zortzigarrena batu da, Zegama. Lehen bolatoki irekia zeukaten; obra egin, estali eta oso polita jarri dute, eta finala han jokatu da. Denera, lehiaketan 20tik gora tiraldi egiten ditugu; eta udan herrietako festetakoak kontatuta, urte guztian 50 bat izaten dira.
Zenbat lagunek osatzen duzue Gabiriako taldea?
Federatu fitxa 31 lagunek ateratzen dugu, horietatik 10 emakumeak: bolan 19, bola eta tokan 10, eta tokan 2. Osinalde Makilari Bolari Kirol Elkartea kluba daukagu, 2021eko abenduan eratuta. Talde bezala duela hamar urte hasi ginen, Osinalde Bolari Taldea izenarekin; aurrez bakarka ibiltzen ginen.
Enpresa laguntzaileak ere badituzue, eta taldearen kamiseta ere bai.
Aurrena Gabiriako bolariak jartzen zuen taldeko kamiseta urdinak geneuzkan. Orain babeslea ere badugu, Zura enpresa. Hainbeste tiralditako bideko gastuak, federazio-fitxen ordainketak eta lehiaketetako inskripzioak direla, gastuak ia 2.000 euro ateratzen dira urtean. Klubaren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu Zura-ko Juanjo Arrondori, herriko jatetxeei, enpresei, udalari, elkarteei eta inguruko enpresei, ematen diguten laguntzagatik.
Antolatzaile ere jarduten zara. Zenbat lehiaketa jartzen dituzue urtean?
Ni bakarrik ez, jende gehiagok ere laguntzen du. Herrian, Gipuzkoa mailako tiraldi bat edo bi izaten dira, Goierriko jardunaldia, taldekako beste sei bat tiraldi, festetakoak –Aztirian, eta Gabirian hiru egunetan–, Osinalde txapelketa urriaren lehen larunbatean, eta Urtezahar egunekoa.
Bolateari eta tokari nolako osasuna ikusten diezu?
Lehen jende pilo bat ibiltzen zen. Edadeko jendea badoa, eta atzetik gazte gutxi dabiltza. Ez da jendeari tiratzen dion joko bat. Aldaketa batzuk ezartzea aipatuta gaude, ordutegi edo txanden aldetik adibidez, parte hartzea errazteko. Herrian nahiko ondo gabiltza. Txapelketetan 10-12 lagun ibili ohi gara, eta taldekakoan lau talde osatzen dira hamasei bolarirekin. Festetako San Roke Txiki tiraldi herrikoian, adibidez, iaz bolatan 61 lagunek bota zuten, tokan 77k, eta tiragoman 85ek. Urtezahar egunean ere 30 egunek parte hartu zuten. Herrian bertan, jendeari gustatzen zaio bertakoa denean, eta botatzen du. Baina kanpoko tiraldietara joatea zailagoa da, eta denbora kontuak atzeratzen ditu asko. Probatu nahi duenak, ostiral iluntzeetan bolatokira agertu besterik ez du. Bi-hiru ume etortzen hasi dira. ■