Boterea
German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Mundua hankaz gora dagoela esatea ez da notizia. Leherketak batetik, misilak bestetik… Boteredunak palkoan eta gainontzekoak lurr(p)ean. Betiko leloaren betiko leloa.
Boterea eta boteredunak nonahi aurki ditzakegu, ez dago estatu bateko politikariei so jarri beharrik horretarako. Boterea modu askotan eman daiteke: oholtzan, lanean, ikastetxean, etxean, kalean, kirolean, aktibismoan… Arazoa batzuetan, baina, ez da hainbeste boterea bera (boterea nork duen eta zergatik edo boterea nori ematen zaion eta zergatik beste baterako utziko dugu), baizik eta botere horrekin zer egiten duen bakoitzak. Oinarrizko futboleko entrenatzaile batek, esaterako, izugarrizko boterea du eskuartean, astero-astero gaztetxoekin etengabeko harremanean dabil, eta erabilpen egokia emanez gero erreferente oso positiboa izan daiteke beraientzat, baita zenbaiti bizitza markatzera iritsi ere. Halaber, kontrako guztia ere gerta daiteke, eta bizitza modu negatiboan marka diezaioke.
Bestalde, arrogantzia ere eguneroko ogia dela esan genezake zenbaiti begira jarriz gero. Zenbat pertsona ezagutzen dituzue nolabaiteko boterea eskuratzean erabat aldatu direnak? Askotan ikusten dugunez, botereak jendea tontotzeko boterea ere badu. Tamalez, bat baino gehiago dira aurrez boterea kritikatu eta behin boterea eskuratzean kameleoiak azalaren kolorea aldatzen duen gisan euren pertsonalitatea aldatzen dutenak. Edo, agian maskara jausten zaie? Ez dakit zer den okerragoa. Hala ere, igotzen den guztia jaisten dela ahazten dute batzuek, antza, eta normalean igoerak baino abiadura handiagoa izaten du jaitsierak. Bat baino gehiago kolpe galantak hartzeko dago oraindik.
Asko hitz egiten da errespetuaz, enpatiaz, zaintzaz, elkartasunaz… Haurrak eta gazteak baloreetan hezten ahalegintzen gara, baina baloreak transmititzeko, norberak eduki behar ditu balore horiek. Gogoan dut nerabezaroan aurrez aipaturiko balore horiek ez zituen irakasle bat izan nuela: gaiztoa, amargatua, txarra. Boterea zuen ordea.
Hala ere, bere moduko erreferente negatiboek zera irakasten digute: ez dugula eurak bezalakoak izan nahi.
Kontzientzia lasai edukitzea bezalakorik ez dago. ■