Gero eta ohikoagoa da kirol zentro handiak aurkitzea pabiloi industrialetan edo merkataritza-guneen barruan, duela gutxira arte logistika edo kontsumo jardueretarako ziren tokietan. Olaberriko A27 eta Urretxuko Iota dira bi adibide.
Azken hamarkadetan, kirolak aisialdiko jarduera izateari utzi dio, eta hiriko bizimoduaren funtsezko zati bihurtu da. Telelanaren gorakadak eta ordutegi-malgutasunak bizi-erritmoak aldatu dituzte. Jende askok lanera joan aurretik edo lanegunaren ondoren entrenatzen du.
Kirolaren gorakadak, moda bati ez ezik, osasun fisiko eta mentala hobetzeko benetako behar bati erantzuten dio. Ikerketa ugarik erakutsi dute ariketa erregularrak onura ugari eragiten dituela: estresa eta antsietatea murrizten ditu, kontzentrazioa eta produktibitatea hobetzen ditu, gaixotasun kardiobaskularrak eta metabolikoak prebenitzen ditu, giharrak eta hezurrak indartzen ditu, loaren kalitatea hobetzen du, autoestimua eta motibazioa areagotzen ditu, edota lan-inguruneetan onura horiek mediku-baja gutxiago, errendimendu handiagoa eta lan-giro hobea dakarte, besteak beste.
Hala ere, oraintsuko fenomenoa da ariketa fisikoaren geografia eraldatzen ari dela. Industrialdeetako eta merkataritza-gune handietan gertatzen ari den kirol-zentroen gorakada begibistakoa da. Gero eta ohikoagoa da entrenamendu-zentro handiak aurkitzea pabiloi industrialetan edo merkataritza-guneen barruan, duela gutxira arte logistika edo kontsumo jardueretarako izaten ziren tokietan.
Joera horren atzean hainbat arrazoi daude: alokairu lehiakorragoak, makinariarentzako eta klase kolektiboentzako azalera zabal gardenak, eta sarbide eta aparkamendu errazeko kokapen estrategikoa. Gainera, ingurune horiek aukera ematen diete zentroei esperientzia integralagoa eskaintzeko, entrenamendua ongizate-eremuekin, elikadura osasungarriarekin eta denda espezializatuekin konbinatuta. Gimnasioa ez da entrenatzeko tokia bakarrik, elkargune soziala eta motor ekonomikoa ere bada eraldatzen ari diren eremu horien barruan.
Zentro espezializatuak
Gizartera iritsi den azken joeraren hainbat giltza azaldu ditu Adur Etxezarretak, Olaberrian A27 Kirol Zentroa sortu duen aresoarrak. Etxezarreta eskiatzaile profesionala da, Munduko Txapelketa irabazitakoa da behin baino gehiagotan, eta Beijingo Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Kirolera bideratutako formakuntza zehatza ere badu, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasi baitu, hain zuzen.
Bere kirol ibilbide profesionala eten zuen lesio baten ondoren hasi zen Etxezarreta bide profesional berriak aztertzen. Horrela, Olaberriko Harizti industrialdean dagoen A27 Kirol Zentroa ireki zuen, Carrefour saltokia dagoen merkataritza-gunean.
«Bat zetorren espazioari dagokionez buruan nuenarekin. Beste aukera batzuk ere aztertu nituen, industriagune batean irekitzea adibidez. Baina merkataritza-guneak hiru abantaila zituen: azalera eta inguruan dauden lokal motak. Horri lotuta dago eskaintzen dizun erakusleihoa. Izan ere, pabiloi batean egonez gero, jendeak berariaz joan behar du hara, eta merkataritza-gune batean egunero jendea pasatzen da eta leku ikusgarriagoan zaude. Beste puntu garrantzitsu bat aparkaleku bat izatea eta bezeroentzat irisgarria izatea zen», azaldu du Etxezarretak.
Zerrendatutako arrazoiak kontuan izanda, kirol zentroaren sarrera nagusia merkataritza-gunearen barruan dago, baina bdauka kanpotik zuzenean sartzeko beste ate bat, aparkalekutik zuzenean sartzeko.
Merkatu-azterketa sakona egin zuen kokapen egokia bilatzeko: «Goierrikoa gune interesgarria iruditu zitzaidan, Beasain biztanle askoko lekua delako eta horrelako gimnasio pribaturik ez zegoelako. Kiroldegi oso sendoak daude, baina ez gimnasio pribatuak».
A27 Kirol Zentroaren adierazgarri nagusia, azken belaunaldiko pisu altxaketarako makinerian daukan aukera eta azalera zabala da. «Pisua era gidatuan mugitzeko makinak ditugu, gorputz atal guztiak lantzeko balio dutenak», dio Etxezarretak. Gainera, pisu libreko eremua ere badago, eta talde murriztuei zuzendutako saio gidatuekin osatzen dute zerbitzua. «Erabiltzaile profil zabalarengana iristea zen helburua, eta momentuz jasotzen ari garen erantzuna ikusita, pozik gaude».
Ordutegian malgutasuna
Zalantzarik gabe, gaur egungo gimnasioen beste berezitasun bat ordutegiarena da, gutxi falta baitzaie egunaren 24 orduetan irekita egoteko. Adur Etxezarretaren zentroa goizeko seietatik gaueko hamabiak arte dago erabilgarri bezeroentzat, asteko egun guztietan. Urteko 365 egunetan irekita mantentzeko, trikimailua dauka gainera. «Sarrera automatizatuak ditugu, eta inskribatuta dauden aplikazio mugikorrak sortzen dien QR kodeari esker sartzen dira erabiltzaileak. Harrera-ordutegia 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara da».
Ordutegi zabala ere «oso gai garrantzitsutzat» jotzen du Etxezarretak. «Erabiltzaileentzat erraztasunak jartzea zen gure helburu nagusietako bat. Hori horrela, ia-ia nahi duten orduan etor daitezke. Eguna antolatzeko erraztasunak ematen dizkie horrek, dela lanera joan aurretik, dela eguerdian, dela eguneko azken orduan».
Ireki ondorengo lehen hilabeteetan zer joera antzeman dituen galdetuta, «denetarik» dagoela azaldu du. «Goizeko seietan etortzen da jende dezente, lanera joan aurretik entrenatu nahi dutelako. Gero, goiza nahiko lasaia izan ohi da; eta puntako ordua, gutxi gorabehera, arratsaldeko bostetatik zazpietara izaten da. Ondoren, gaueko hamarretan lanetik irten eta etxera joan aurretik entrenatu nahi duen jendea ere etortzen da».
Supermerkatu bat ondoan edukita, beste zeregin batzuekin uztartzeko ere balio du: pisuak altxatu lehenengo, eta gero erosketak egin. «Noski, merkataritza-gune batean egotearen abantaila da. Ez duzu mugitu beharrik bi gauzak egiteko, dena leku berean duzu».
Iota, Urretxun
Fitnessaren ekosistema berriaren barruan, CrossFit zentroek hazkunde leherkorra izan dute. Pabiloi industrialen abantailak aprobetxatuz —sabai altuak, azalera handia eta estetika gordin eta industriala—, box izenez ezagun diren kirol zentroek entrenatzeko eta ariketa fisikoarekin erlazionatzeko modua birdefinitu dute. Gimnasio konbentzionalak baino gehiago, laguntasuna, etengabeko erronka eta auto-superazioan oinarritutako bizi-filosofia nagusitzen dira komunitate horietan Pisuen zarata lurraren kontra, arbelak WODekin (Workouts of the Day) eta kide bakoitza bere izenez ezagutzen duten entrenatzaileek atmosfera paregabea osatzen dute. Gero eta indibidualistagoa den munduan, horrelako kirol zentroek ariketatik harago doan pertenentzia-zentzua eskaintzen dute: funtzionala eta emozionala uztartzen dituen kultura da.
Urretxun, Iota Kirol Zentroak jendetza erakarri du azken hilabeteetan. Urrian ireki zituen ateak. Xabier Azkarate (Antzuola, 1981) da bertako arduraduna. Bergaran ere badu beste zentro bat, antzeko ezaugarriak dituena. «Duela hamarkada bat inguru iritsi zen CrossFita Euskal Herrira. Ni garai hartan kirol jarduera desberdinetako monitorea nintzen hainbat kirol zentrotan, eta kirol berri honetan murgiltzen hasi nintzen pixkana-pixkana», azaldu du Azkaratek. «Ia nahigabe», buru-belarri sartu zen espezialitatean, hainbat txapelketatan parte hartzeraino eta emaitza bikainak lortzeraino. Gaur egun, «bizimodu» bihurtu du.
Urretxuko Iota Mugitegi industrialdeko nabe batean dago. Lehen makina astunen oihartzuna entzuten zen han; orain, berriz, egunero hobetzeko ahaleginaren eta laguntasunaren soinua nagusitzen dira: «Gimnasioa baino zerbait gehiago nahi genuen», azaldu du Azkaratek, Urretxuko boxean. «Entrenamendu funtzionalaren onena eta gimnasio modernoenen abantailak konbinatzea zen helburua, eta espazio honek filosofia hori ahalbidetzen du».
Jarduera desberdinak garatzeko espazioak elkarrengandik banatuta daude. «Gune nagusian WOD, CORE eta Conditioning deituriko saio gidatu murriztuak egiten ditugu. Azken belaunaldiko makinen eremu bat dago gero, libreki entrenatu nahi duenarentzat ere badago espazio bat, eta spinning saioetarako eremua jarri berri dugu». Gainera, elikadura aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen dute, hala nahi duten erabiltzaileentzat aukeran.
Profil guztiak
Erabiltzailearen profila asko aldatu dela berretsi du Azkaratek. «Orain 16 urteko neska-mutilak ditugu, baina baita 50 urtetik gorakoak ere. Batzuk sasoian jartzera etortzen dira, beste batzuk medikuaren gomendioz, eta este asko buru osasunagatik inguratu dira», nabarmendu du Iotako arduradunak.
Adin tarte eta genero guztientzat ez ezik, kirol maila guztietako pertsonentzako tokia da. «Helburua espazio oso bat sortzea zen, edozein pertsonak, hasi berrietatik eskarmentu handiko atletenganaino, bere lekua aurki zezan». Norberak, gainera, une bakoitzean nahi edo behar duen jarduera egin dezake: «Batzuetan astuna altxatzeko gogoz etortzen zara, beste batzuetan lan teknikoagoa edo errekuperaziokoa behar duzu, eta bi aukerak edukitzeak hori guztia betetzeko aukera ematen digu», azaldu du Azkaratek.
Box zorrotzaren irudi klasikoa hautsi du horrela Iotak. «Hemen hainbat entrenamendu-modu txertatzen dira filosofia beraren arabera: gorputza eta burua hobetzea, ikuspegi funtzional, progresibo eta jasangarritik». Aldakortasun hori da, neurri batean, bere ospea areagotu duena.
Komunitate izaera
Kirol zentro horiek harrera bereziki ona izan dute ariketa egitea baino zerbait gehiago nahi dutenen artean. Iotan, adibidez, kide izatea bilatzen dute. Presak eta bakardadeak markatutako bizimoduan, box-a gogor entrenatzen den babesleku bihurtu dira, baina benetako harremanak ere eraikitzen dira. «Komunitatea da gehien lotzen duena. Hemen denek elkar ezagutzen dute, elkar animatzen dute, elkarri laguntzen diote, eta hori da sustatu nahi dugun pentsamoldea», dio Azkaratek.
Arduradunarentzat berarentzat ere Iota Kirol Zentroa jarduera fisikoa baino zerbait gehiago da. «Munduan egoteko modu bat da. Indarra lantzeko espazioa bada, bai, baina hori baino harago doa. Hemen ez da gorputza aldatzen den bakarra: jarrera ere aldatzen da».
Sarreratik, non zapatilak magnesiozko zakuekin nahasten diren, barran zintzilik, egurrezko kutxa gainera salto eginez edo arrauneko makina batean egindako azken errepikapenaz harago, guztiak egiazkotasuna transmititzen du Iotan. Eta egiazkotasun horrek azaltzen du, neurri batean, hori bezalako kirol zentroek zergatik utzi dioten moda soil bat izateari, bizitzeko modu bihurtzeko. ■