«Gazte mailan lehen lasterketa Miguel Induraini irabazi nion, esprintean»
Jose Ramon Izagirre (Ormaiztegi, 1963) punta-puntako ziklo-kros txirrindularia izan zen. Espainiako Txapelketa bi aldiz irabazi zuen. Ormaiztegiko Letag enpresan lan egin zuen lehenengo, eta Beasaingo Indarren ondoren. Urte eta erdi darama jubilatuta. Bere zaletasun nagusiak txakurrak, ehiza eta bizikleta dira. Joan zen larunbatean Guardiara (Araba) joan zen bizikletan, urtero upategi batera egin ohi duten txangoan. Ehizean herri inguruan ibiltzen da, batez ere.
Txirrindulari bat, egungoen artean.
Mathieu Van der Poel.
Garai batekoen artean?
Ziklo-krosa egiten zutenen artean, Albert Zweifel suitzarra. Errepidean aritzen zirenen artean, Miguel Indurain.
Indurainekin lehiatu al zinen?
Gazte mailako lehen lasterketa berari irabazi nion, esprintean. Lanetik 16:00etan atera nintzen, Arbizura joan nintzen eta hango proba irabaztea lortu nuen.
Pelikula edo telesail bat.
Oestekoak gustatzen zaizkit.
Liburu bat.
Orain hasi naiz irakurtzen. La flor de la argoma asko gustatu zait.
Musika talde edo abeslari bat.
Egan eta Benito Lertxundi.
Abesti bat.
Xalbadorren heriotzean.
Oporretarako leku bat.
Hemen inguruan ibiltzen naiz. Mendi zalea naiz, ez zait hondartza gustatzen. Pirinioetara, adibidez, gustura joaten naiz.
Zer gosaltzen duzu?
Ogi txigortua marmeladarekin eta gurinarekin, eta kafesnea.
Kolore bat.
Urdina.
Jaso duzun opari bereziena.
Lanekoen agur-afaria, jubilatu nintzenean. Sagardotegira joan ginen eta txapel brodatu bat eta Indar enpresako maillot horia jarri zizkidaten.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Bi semeen jaiotze egunak.
Amets bat.
Kanadara joatea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Oinez edo bizikletarekin paseotxo bat eman, eguerdian lagunekin elkartu eta pintxo pare bat jan ardo pare batekin.
Goierriko txoko bat.
Espainola mendia.
Ormaiztegin biziko ez bazina…
Ormaiztegi herri lasaia da eta denetik daukagu. ■