Eresia
Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Umoreak ironiaz estutzen dituenean hortzak, irri-karkarak sortzen dira sabelean kanpora. Ironiak umorez egiten duenean korapilo, onena pentsamendua hausnarketarako prestatzea izaten da. Umorea ez delako inoiz ezerez, umoreak umore hutsetik baino umore betetik izaten duelako batez ere.
Goiatz Labandibarrek badaki zirti eta zarta egiten. Ebakiz, hautsiz, txapa gainean moztuz. Oiartzuarrak badaki esan beharrekoa zirti eta zarta papereratzen. Halaxe erakutsi du argitaratu berri duen azken lanean ere, Eresia. Hil-kanta Aitari lanean.
Aita hil zaio Talari. Aita hiltzen zaion lehenengo aldia da eta bizi ahala kontatzen ditu sentitzen dituenak. Intimitatearen erreserba egitea, ordea, ez da hain erraza izango Talaren kasuan. Bere aita, Aitzol Agirre, Euskal Errepublikako lehenengo lehendakaria baita.
Heriotzaren aurrean negar non eta nola egin nork bere kasara erabaki ezin duenean, espazioek garrantzia berezia hartzen dute. Tala etxean, Tala beilatoki intimoan, Tala herriko hil-kaperan, Tala Euskal Herria zeharkatuko duen biran, Tala agur ekitaldi instituzionalean, Tala mendi tontorrean. Ibilbide horretan biharamunak kolpe egiten du. Jo egiten du. Ezustean. Talari aita hil zaio lehenengo aldiz eta nondik nora jo asmatzen ez du erraza. Talak presente izan ez duen aita hori presenteegi du orain. Hil denean. Hitz egitea baino askoz errazagoa da negar egitea, horregatik egingo du negar Talak zer esan ez dakien bakoitzean. Erreka bat da istorioaren ibilia, denok zipriztintzen gaituena.
Begi zorrotzez egiten du Goiatzek erradiografia. Etorkizuneko begirada goiztiarrari gaurkotasunez janzten dio soineko motza eta belaunak agerian, kolpe txikien ubeldurak nabarmen geratzen dira lotsa-gorri. ■