Ganadua garraiolari eta soro lanetarako tiratzaile
Aralarko San Migeleko santutegiko ateak idi pareak tiratutako gurdian pasatu ziren, lehengo astean, Goierritik. Lazkaon egin zuten geldialdia, gaua bertan pasatzeko. Antzinako ogibide eta eremu etnografiko oso baten oroimenari hautsak kentzeko balio izan du okasioak, ekitaldi sorta bat antolatu baitzuten lazkaotarrek itzaintzari, idiei, baserrietako lanerako ganaduei eta garraio mota hari buruz.
Ezezaguna da ia erabat gaur egun idiekiko ezaguera biztanleriaren gehiengoarentzat. Probatik eta dematik aparte, adin oso handiko herritarrek edo baserritarrek soilik ikusi izan dute idien lanerako erabilera. Hain zuzen, baserritarrak arduratu ziren Lazkaoko haurrei eta herritarrei jakintza hori transmititzeaz. Imatz baserriko Juan Mari Agirrezabala eta Enparandegiko Mari Karmen Garin ikastolako 5. mailako ikasleengana joan ziren goiz batean, eta arratsaldean Gerriko elkartean solasaldia egin zuten, Agirrezabala bera eta Iztuetagarako Tere Garmendia hizlari nagusi zirela, baina entzuleen ekarpen eta esperientzia interesgarriekin hornituta.
Argitu zuten lehenengoa: baserri askotan, gehienetan, idiak ez baizik behiak erabiltzen zituzten uztarrirako. Esnea emateko edo txahalak izateko eta hazteko bakarrik ez, soro lanetan geroagoko traktoreen partez tira-indarra egiteko ere erabiltzen zituzten behiak. Idiak zeuzkatenek, berriz, lan astunagoetarako ere izaten zituzten: baso lanetarako, garraiorako edo indar handia behar zen zereginetarako.
Etnologia oso bat
Ikastolako haurrek ikusi eta ezagutu ahal izan dituzte behinola ohikoak ziren tresnak eta gauzak: akuilua eztenarekin, kopetakoak eta ardi larruaren eginkizuna horietan, uztarria nola neurrira egiten zuten uztargileek, gurtera zerekin egiten zen, edota pertika nola lotzen zen bertara.
Esperientzia ezagutu zuten helduek, berriz, itaurreko aritzeko lana gogoratu zuten. Zohiaren arrastotik pauso batera eraman behar izaten zuten idi edo behi parea, goldearekin. Atzetik zihoanak esaten zion itzainari norabide egokia, eskuineraxeago, ezkerreraxeago, beheraxeago edo goraxeago joan behar zuen adieraziz.
Baserrietan, umeentzako ere izaten zen idiekin lanik. Aurrenekoetakoa, idien okotz azpian kokatu, eta zarba batekin haren muturretik euliak eta ezpatak uxatzea, idiak –edo behiak– geldi-geldi egotea komeni baitzen, belar zamaketak edo bestelakoak egiterako garaian. Perra motak eta kopurua, hausnar egiten duten animalien eta ez dutenen hanka-forma desberdinak… ingurumariko gai asko jorratu dituzte.
Eskura jarrita egoten zen ganadua. Goxo tratatzen zituenari gehiago kasu egiten zioten. Behin ikasitakoan, itzainari pausoan jarraitzen zioten. Egundoko balioa zuten, eta tamaina horretan baloratzen zituzten. ■