Nire aitaren etxea
Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Nire aitaren etxea/ defendituko dut/ otsoen kontra/ sikatearen kontra/ lukurreriaren kontra/ defenditu eginen dut/ nire aitaren etxea.
Gabriel Aresti (1933-1975), idazle eta poeta bizkaitarra, aho-bizarrik gabe jardun zen Euskalduntasunaz, eta hizkuntza jarri zuen euskal nortasunaren erdigunean erdigune, euskararekin lotu zuen, erabat, euskal nortasuna: “Euskaraz egiten duena da euskalduna”.
Beste batzuek arraza, abizenak, odola aipatzen dituzte; zenbaiten ustez, euskaldun izateko nahikoa da Euskal Herrian (ala Euskadin?) lan egin eta bizitzea.
Euskara jakin gabe izan zaitezke euskaldun? Euskal herritar, bai; baina euskaldun, euskara-dun?
Guk, Euskal Herri euskalduna nahi dugun, euskaraz bizitzeko ahalegin zoroan, borrokan, ari garen euskaldun gajo-gizajo eta gaiztook, Euskal Herrian aspalditik bizi diren baina euskara ikasten saiatu ere egin ez direnak baztertu egiten omen ditugu… Hortxe ari gara kakatan bueltaka, odola txartzen, geure burua errudun eginda. Eta bitartean, atzera pausoak ematen ari gara. Adibidez, oraintxe egin dute 650 bat ertzain eta udaltzain berri kontratatzeko deialdia. 4.800 lagun aurkeztu omen dira eta horietatik herenak baino gehiagok ez omen daki euskaraz… Euskaraz ez dakitenak aurkez daitezke lanpostu horietara? Euskaraz bizi nahi dugunok haserre ibili behar, beste behin… Tituluaz gain, euskaraz hitz egiteko gai izan eta euskaraz lan egin behar dutela ez genieke eskatu/exijitu beharko? Alferrik ari gara batzuk Euskal Herria euskaldundu nahian, euskaraz ez dakitenak kontratatu eta dakitenei euskaraz egiteko exijitu gabe, non eta lanbide publikoetan.
Euskaldun izatea, euskara-dun izateaz gain, euskararekiko eta euskal kulturarekiko jarrera baikorra izatea ere bada.
Zer nekeza den euskaldun izatea! Arestik burua altxatu eta gaurko egoera ikusiko balu… Nor gara gu? Zer gara
gu? ■