Romero dendaren historiaren amaiera
Ordiziako eta Goierriko denda historiko batek ateak itxi ditu, Andre Mari kaleko Romero jantzi dendak. Hiru belaunaldiren bizimodu baten amaiera da.
Romero jantzi dendako Fermin eta Jose Ignacio Romero Erauskin anaiek erretiroa hartuta, betirako ateak itxi ditu Ordiziako jantzi denda horrek. Romerotarren hirugarren belaunaldikoak dira bi anaiak. Haiekin hitz egitea, azken mendeko gizartearen bilakaerari errepasoa ematea da.
1930eko hamarkadan ireki zuten Romero denda, Ordiziako Etxezarreta kalean, gaur egun Nahikari goxoki denda dagoen tokian. Fruta denda ireki zuten Bernabe Romero aitonak eta Sabina Zubizarreta amonak. 1940ko hamarkadan, Andre Mari kaleko 19. zenbakiko denda hartu zuten, gaur egun Oihana Inmobiliaria dagoen tokian. Eskaintza zabaldu zuten: frutaz gain jostailuak, amonak egindako alpargatak eta ganbaran egindako fideoa saltzen zituzten.
Fermin Romerok gogoratu duenez, fideoak egiteko makina bat zeukaten ganbaran. «Irinarekin eta urarekin masa egin eta fideoak egiten zituzten». Jose Ignaciok gaineratu duenez, «estraperloan» ekartzen zuten irina.
Haien aitona –CAFeko goarda zen– hil egin zen, eta amona alargun geratu zen, sei umerekin (zaharrena 28 urterekin hil zen) eta pentsiorik gabe. «Pentsa! Espabilatu beharra zegoen. Denak lanera!».
Azokaz azoka
Victor aita eta Antonio osaba azoketan saltzen hasi ziren orduan. «Gure aitak 20 bat urte izango zituen, eta 70 urtera arte ibili zen. Gure osabak CAFen lan egiten zuen, eta lana utzi eta anaiarekin hasi zen lanean».
Oihalak eta orraziak saltzen hasi ziren azoketan. «Zaragozara joaten ziren telak erostera, trenez. Trena ez zen Ordizian geratzen, eta pardelak leihotik edo atea irekita botatzen zituzten Ordizia paretik pasatzerakoan», gogoratu du Jose Ignaciok. «Ordiziako geltokian ezagun bat egoten zen zain karretilla batekin, paketeak hartu eta dendara igotzeko. Aita eta osaba Tolosan geratzen ziren, beste tren bat hartuta iristen ziren», gaineratu du Ferminek.
Orraziak ere saltzen zituzten. «Inguruan» egindakoak izango zirela garbi du Jose Ignaciok, gertuan egindako gauzak saltzen baitzituzten. «Zorriak kentzeko orraziak ziren. Orrazi bereziak egiten ziren behien adarrekin edo egurrarekin».
Zozketan, autoa tokatu
Romerotarren bizitzan 1953. urtean beste mugarri bat izan zen. «Cuchillas la Palmera enpresak Espainiako estatu guztian lehiaketa bat egin zuen. Paper batean jarrita asmatu behar zen zein ordu, minutu eta segundotan aterako zen Gabonetako Loteriaren zenbaki nagusia. Eta gure aitak asmatu zuen! Ehunka papertxo egongo ziren! Espainiako estatu guztian 13k asmatu zuten, eta haien artean zozketa egin, eta aitari eta osabari tokatu zitzaien».
Peugeot kotxe bat zen saria. «Ordizian 14 kotxe zeuden garai hartan. Baina ez zuten kotxea hartu. Zertarako behar zuten luxuzko kotxe bat? Orduan Palmerako nagusiak berak hartu zien kotxea eta 130.000 pezeta eman zizkien. Harekin kamioneta bat erosi zuten. Toki gehiagotara joateko eta gauzak eramateko aukera zeukaten orduan».
Adibidez, kamionetarekin hasi ziren Oriora joaten. «Bergarako mahoizko tela asko saltzen zen Orion. Arrantzara joan behar zirenean asko nabaritzen omen zen salmentan. Mahoizko tela eta barruko arropa iluna saltzen zuten. Gure aitaren eta osabaren zain egoten ziren Orion. Ostegun goizean joaten ziren».
Bergarako oihal urdinaz gain, izarak egiteko Lasarteko tela txuria saltzen zuten. «Gernikako beste tela bat ere bazegoen,korrienteagoa, izarak egiteko eta. Esku trapuak egiteko tela gordina saltzen zen jatetxeetarako». Eta artzainentzat ere bazuten oihal berezi bat, «esnea pasatzeko, filtro bezala erabiltzeko». Txorixoak eta mondejuak lotzeko soka, edo galtzerdiak egiteko Zumarragako artilea ere bazuten.
Gizartearen aldaketarekin, «pixkanaka dena desagertzen» joan dela diote Romero anaiek, nahiz eta historiarako gordeko dituzten oihal zati batzuk oraindik badituzten. «Bergarako azken oihal fabrika itxi zenean, telak utzi eta pixkana arropa ekartzen hasi ginen. Laneko arropa, Made in Vietnam. Orain dela 20 bat urte utziko genion telak saltzeari».
Aita eta osaba azokaz azoka ibiltzen ziren bitartean, dendan arreba, ama, izeba eta anaia egoten ziren.
25 urte azkeneko dendan
25 urte dira Romerotarrek Andre Mari kaleko 5. zenbakiko denda ireki zutela, eta toki gehiago zegoenez, emakumeentzat ere arropa gehiago ekartzen hasi ziren. Galtzak, alkandorak, jertseak, barruko arropa, lanekoa, aurre mantalak, esku trapuak, aterkiak, euritakoak… saldu dituzte. «Praka urdinak, laneko galtzerdiak eta lanerako barruko arropa; hori zen gure salmenta printzipalena». Kaleko eguneroko arropa saltzen bukatu dute, gizonezkoena zein emakumezkoena.
«A ze eboluzioa!», diote. «Egokitzen jakin behar da. Hemen bukatu dugulako, baina bestela beste egokitzapen bat egin beharrean geunden». Asteazkenak –azoka eguna– izan dituzte dendan lan gehienekoak. «Anaia, bere emaztea eta hirurok egoten ginen dendan».
Zorionekoak
Ferminek 66 eta Jose Ignaciok 65 urte beteta, amaiera eman diote Romerotarren dendari. «Askotan esaten dugu zer zorte eduki dugun, gure aitarekin-eta konparatuta. Haiek egunero goizeko 04:30ean edo 05:00etan jaikitzen ziren. Ferian postua jartzeko ordu eta erdi baino gehiago behar izaten zuten. Euria egiten zuenean toldoa eta lehor zegoenean gure amak egindako telazko oihal bat jartzen zuten, itzala emateko».
Herrian lan egitea ere «zortea» izan da. «Herrian bertan, etxetik atera eta oinez lanera joan, eta bizimodua ateratzeko zortea izan dugu».
Denda ixteak «pena pixka bat» eman die, «baina ez hainbeste, gauzak nola dauden ikusita…». Gizartea eta erosketa-ohiturak hainbeste aldatu diren garaiari, gainera, beste datu bat ere erantsi behar zaio Romerotarren kasuan: «Guk urtero bezero asko galtzen ditugu, bezeroak adinekoak direnez, hil egiten direlako. Ordizian 100 pertsona hiltzen badira… pentsa 25 urtean zenbat bezero galdu ditugun, eta berriak lortzea oso zaila da. Gazteek beste arropa klase bat erabiltzen dute».
Ordiziako eta Goierriko hainbat belaunaldiren erreferentzia izan den denda Idiazabal Gaztaren Kofradiak ohorezko kofradiakide izendatu du aurtengo kapituluan. Romerotarrek ordiziarrei eta goierritarrei eskerrak emanez itxi dute denda. ■