Erlo taberna, Insaustitarren ondarea
Modernitatearen eta tradizioaren artean oreka bilatuz, Lazkaoko Erlo tabernak 100 urte bete ditu. Erreleboa emanda aurrera begiratzen duen arren, sustraiak behin eta berriz omentzen ditu.
Lazkaoko Erlo taberna ez da soilik herriko taberna ezagunetako bat: mende oso bateko familia-historia baten lekuko isila da. Herriko ikur bihurtu den taberna honek, ehun urte bete ditu ireki zutenetik, eta urteurren berezia ospatuko dute asteburu honetan.
Familiarteko negozioa izan da betidanik, eta bere balioetan sakontzen saiatu dira urte luzeetan zehar. Komunitatean, elkarlanean, gertutasunean eta harremanean. 1925ean ireki zituen ateak lehen aldiz, Joxe Antonio Insaustiren eskutik. Etxe-eraikitzailea zen, oraintsu arte tabernaren ardura eraman duen Iñaki Insaustiren aitona zena. Etxeak egiten zituen, eta Lazkaon ere bazituen lauzpabost berak eginak. Horien artean, taberna behean daukan etxea. Bar Estanko gisa ezagutzen zen garai hartan, tabernaz gain, tabako-estankoa ere bazelako.
Jacinta Insaustirekin ezkondu zen Joxe Antonio, eta bost seme-alaba izan zituzten: Bernardo, Juanito, Lukas, Antonio eta Esperanza Insausti Insausti. Horien aitak erretiroa hartu zuenean, alaba txikienari utzi zion tabernaren ardura, Esperanza Insaustiri. 1970ean hartu zuen berak, eta herriko ostalaritzaren erreferente bihurtu zuen urtetan zehar familiaren taberna. Lukas anaiak ere laguntzen zion, baita haren emazte Gregori Eizagirrek ere. Sukaldari lanetan aritzen zen azken hori, eta mostradorean, berriz, Esperanzaren anaia zaharra. Erretiroa hartu arte iraun zuen familiako alaba txikiak agintean. Iaz hil zen Esperanza, 101 urte beteta.
Erretiroa hartu eta berehala, Lukas eta Gregoriren semeek hartu zuten tabernaren lekukoa, Iñaki eta Joxe Antonio Insausti Eizagirrek. ‘Txurdo’ eta ‘Palisto’ gisa ezagunak dira herrian, eta 1997an hartu zuten Erloren gidaritza. 2003an tabernaren funtzioak banatzea eta sakabanatzea adostu zuten; Joxe Antoniok zubi ondoko estankoa ireki zuen, eta Iñakik tabernaren ardurarekin egin zuen aurrera. Bokazioz baino gehiago, familiaren negozioari jarraipena emateko erabaki zuten tabernarekin aurrera jarraitzea. «Bagenekien izebari bizpahiru urte geratzen zitzaizkiola erretiroa hartzeko, eta garai hartan langabezia %25ekoa zela ikusita, ikasketak amaitutakoan, negozioari bultzadatxoa ematea erabaki genuen», azaldu du Iñaki Insaustik.
Urte askoan Erlo tabernaren buru izan ondoren, Iñaki Insaustik erretiroa iaz hartu zuen, eta Fabian Socaci lazkaotar gazteak lekukoa hartuta jarraitzen du tabernak irekita. Familiakoa ez den arren, Joxe Antonioren semearen kuadrillakoa da. 25 urterekin hartu du tabernaren gidaritza. Haren gurasoek ere betidanik izan dute taberna, eta ohituta dago tabernako erritmora eta lanera. Gurasoek negozioa utzi bezain pronto, bere kasa hasi zen lanean Socaci, herriko tabernetan. Erlon ere egin zuen lan, eta bi urteren ondoren berak hartu du gidaritza. Socaciri bururatu zaio, gainera, tabernaren ehungarren urteurren honetan, insaustitarrei omenaldia egitea eta asteburu osoko egitaraua prestatzea.
Oraingo beharretara egokitu
Fabian Socacik azpimarratu du gaur-gaurkoz zazpi langileren artean eramaten dutela aurrera negozioa: hiru langile barran, beste hiru sukaldean, eta beste bat garbitzaile lanetan. Aurreko urteetan, ordea, lan-dinamika bestelakoa zela aitortu dute insaustitarrek. Lehen bost lagunek egiten zuten lan; bat mostradorean, bi zerbitzari lanetan, eta beste bi sukaldean.
«Garai desberdinak ziren, eta zerbitzuaren eskaintza ere oso bestelakoa zen», azaldu du Iñaki Insaustik. Sukaldeak, esaterako, presentzia mugatuagoa zuen: ostiraletan eta larunbatetan bakarrik irekitzen zuten jantokia, eta igandeetan noizean behin. Plater konbinatuak aurrez eskatuta zerbitzatzen zituzten, eta eguneroko eskaintza ia erabat pintxoetan oinarritzen zen.
Gaur egun, ordea, tabernak eskaintza gastronomikoa nabarmen zabaldu du, eta horrek lan-antolaketan ere eragina izan du. Eguneroko erritmoak, beraz, garai berrietara egokitzeko ahaleginaren isla dira. Bezeroen eskaerak eta ohiturak aldatzen doaz, baina beti ere zerbitzuan kalitatea lehenetsi nahi dute.
Aldaketa nabarmenak
Erlo tabernaren barrualdea ez da beti orain daukanaren berdina izan. Dekorazioa eta espazio aldatu dute, urteen joanean. Taberna 1925ean ireki bazuten ere, lehen aldiz 1960. urtean egin zen aurreneko erreforma, Iñaki Insausti jaio zen urtean. Hura izan zen lehenengo aldaketa esanguratsua.
«Bigarren erreforma guk egin genuen, handik berrogei urtera, 2000. urtean. Dena bota genuen eta hutsetik berreraiki», dio Joxe Antonio Insaustik. Eraldaketa erabatekoa izan zen, ez soilik estetikoa, baita funtzionala ere. Gaur egungo jantokia, adibidez, ez zen existitzen orduan, eta espazio horri erabilera ematen hasi ziren.
Tabernaren itxuraz gain, bere inguruan sortzen den komunitatea ere aldatu da; bezero-profila, alegia. Iñakik taberna 26 urterekin hartu zuenean, adin guztietako jendea sartzen zen: «Denekin neukan harremana, edozeinekin egiten nuen hizketan». Orain 65 urte ditu, eta onartu du bera jabe izan deneko azken boladan, «heldu samarrak» hurbiltzen zirela gehien. Hala ere, ziurtatu du belaunaldi-erreleboak «aire freskoa» ekarri diola Erlori: «Fabianek hartu duenetik, gazte gehiago hasi da etortzen. Asko erakartzen du gazte batek negozioa hartu izanak».
Hasierako elementu gutxi dira gaur arte irauten dutenak, baina Erlo tabernaren espiritua, komunitatearekin konektatzeko gaitasuna eta belaunaldiz belaunaldiko lotura sendoa ukiezinak dira. Tinko mantendu dira egitura berrituen azpian ere. ■