«Kalera irten eta umeekin egoteko aukera izatea asko eskertzen dut»
Janire Lopez Irastorza (Zaldibia, 1992) lanbidez irakaslea da, eta bukatu den ikasturtea Zaldibiako Herri Eskolan egin du. Gustura ari da etxetik 3 minutura lanean, kotxea hartu beharrik gabe. «Bestalde, umeekin egotea nire pasioa denez, kalera irten eta beraiekin egoteko aukera izatea asko eskertzen dut». Txikitan frontenisean, esku pilotan eta futbolean aritu zen Lopez. «2019an Zaldibiako mendi lasterketa egin nuen, eta ordutik korrika egitea asko gustatzen zait. Adibidez, aurten bi maratoi egin ditut errepidean. Bizikletan ere ibiltzen naiz». Zaldibiako sasi-pilotari txapelketa behin baino gehiagotan irabazi du: «Urtero lehengusua eta biok apuntatzen gara, eta pozgarria da geroz eta neska gazte gehiago ari direla ikustea».
Egiteko kirol bat.
Korrika.
Ikusteko kirol bat.
Futbola.
Zer zaletasun dituzu?
Kirola egitea, lagunekin eta familiakoekin egotea, bidaiatzea, mendira joatea, irakurtzea, motorrean ibiltzea…
Pelikula bat edo telesail bat.
Pearl Harbor eta This is us.
Liburu bat.
Karmele Jaioren Maitasun kapitala.
Musika talde edo abeslari bat.
Berri Txarrak, Gorka Urbizu.
Abesti bat.
Katedral bat.
Oporretarako leku bat.
Pirinioak.
Zer gosaltzen duzu?
Egunaren arabera ogi txigortua ahuakatearekin, tortilla frantsesa… eta beti frutaren bat. Kafea ere bai, noski.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Lehen iloba, Enara, jaio zen eguna.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Ikasle batek oparitutako matrikula bat nire izenarekin.
Amets bat.
Ama izatea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Kirola egin ondoren garagardo hotz bat hartzea, patata tortilla pintxo batekin.
Goierriko txoko bat.
Osinberde iturburua.
Zaldibian biziko ez bazina…
Ez nintzateke gaur egun naizen Janire izango. ■