«Lantaldean dugun giroa da irratitik gehien gustatzen zaidana»
Irrati esataria eta bikoizlea da Ane Murua (Idiazabal, 1995). Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen EHUn, eta 2020ko otsailean Ataun Irratian hasi zen kolaboratzen. Programako lantaldea Ioar Aizpuruak, Leire Perlinesek eta hirurek osatzen dute, Julen Iraolaren eta Gorka Santestebanen parte hartzearekin batera. Irratiaz gain, antzokira joatea, margotzea eta irakurtzea dira bere afizioetako batzuk.
Nola sortu zitzaizun Ataun Irratian hasteko aukera?
2019an telebistari buruzko blog bat sortu nuen, eta bertan analisi artikuluak argitaratzen nituen. Garai hartan, nire lagun bat jada Ataun Irratian zebilen eta bloga ikusi zuenean irratirako eduki interesgarria izan zitekeela aipatu zidan. Irratiko zuzendariarekin hitz egin zuen, eta gaur arte!
Zeren inguruan hitz egiten duzu?
Hasiera batean, sekzio propio bat nuen eta bertan telebistari buruz hitz egiten nuen. Momentuko programak komentatu, eta nostalgiari tiraka, iraganekoak berriro memoriara ekartzen nituen. Orain, ordea, Bide ertzean izeneko magazinean nabil. Bertan, tertuliakidea naiz Ioar Aizpuruarekin eta Leire Perlinesekin batera. Umorea, aktualitatea eta elkarrizketak tartekatzen ditugu.
Zer da irratitik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Gehiena, batez ere, lantaldean dugun giroa. Programa grabatzerako garaian askotan lagun tertulia bat dela sentitzen dugu, izugarri ondo pasatzen dugu. Eta gutxien, batzuetan, ideia berriak falta zaizkidanean edo blokeo momenturen bat izaten dudanean.
Ataun Irratiaz gain, beste lekuren batean lan egiten duzu?
Bai, bikoizlea eta bikoizketa irakaslea naiz. Horietan ere audioarekin lan egiten dut, baina beste modu batera, interpretazioa landuz. Eta izugarri disfrutatzen dut.
Orain arte egindako irratsaioen artean, ba al duzu kuttunik?
Egia da egon naizen denetan oso gustura ibili naizela, baina kuttunena hasierako Nahikoa da saioa dela esango nuke. Telebistari buruzko bitxikeriak kontatzea izugarri gustatzen zitzaidan, baita pertsonaia famatuen biografiak kontatzea ere.
Gonbidatu asko eraman dituzue. Horien artean ba al duzu inoiz ahaztuko ez duzunen bat?
Itziar Ituño esango nuke. Elkarrizketatu nuen lehenengo pertsona izan zen eta onartu beharra daukat oso urduri nengoela, bere jarraitzailea bainaiz. Tamalez, pandemia hasi eta gutxira izan zen, eta telefonoz egin beharra izan genuen. Pena izan zen, baina hala ere oroitzapen polita gordetzen dut.
Zein dira zure epe motzeko eta luzeko helburuak irratian?
Epe motzeko helburua, aurtengo Bide ertzean-eko denboraldia indartsu amaitzea izango litzateke, momentu dibertigarriz beteta, orain arte bezala. Eta epe luzeko helburua, oraindik egin ez ditugun beste mota batzuetako formatuak egitea. Adibidez, askotan aipatu izan dugun irrati nobela.
Non aritzea gustatuko litzaizuke?
Zehazki edo fisikoki, ez dakit esaten non. Baina edozein tokitan dela ere, proiektu dibertigarrietan eta politetan parte hartzea gustatuko litzaidake. ■