Sugarrezko oroitzapenak
Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Hogeita zazpi. 27. Zenbaki bakoitia. Zenbaki konposatua. Hiruren multiploa. Hiruren kuboa. 23 eta 28ren tartekoa. 23, San Joan eta 28, San Pedro bezperak. Bi suren artean 27. Su garrak. Su garren indarrak. Garretan transformazioa. Transformazioaren indarra. Indarrek sortutako sentsazioak. Beldurra. Errespetua. Ziurgabetasuna. Oroitzapenak. Hiru.
Lehenengoa, 1512ko martxoaren 18an Ordizian gertatu zen sutea datorkit burura. Horren ondorioz, urte horretako maiatzaren 15ean Joana erreginak asteazkenero azoka frankoa egiteko errege-baimena eman zion Ordiziari, azokaren bidez herria berreraikitzen laguntzeko.
Bigarrena, umetan 23 gauean suaren aitzakiapean egiten genituen globo gerrak datozkit burura. Hasierako urteetan kalean betetzen genituen eta poltsak beteta gerturatzen ginen Plazuela aldera. Gerora, kaleetako iturrietan ez zenez ur tantarik isurtzen, etxean betetzen genituen. Behin sua pizten zenean hasten zen globo dantza kontrolaezina zen: nonahi eta noiznahi. Batzuetan, ondotik pasatzen zena ere bustitzen genuen nahi gabe, eta a ze errietak jasotzen genituen! Eta benetako adrenalina norbait atzetik segika genuenean izaten genuen. Erabil zitezkeen trikimailu guztiez baliatzen ginen etxera ahalik eta gutxien bustita heltzeko. Urte batzuetan blai eta beste batzuetan erdi blai. Guretzako egon zitekeen gudarik latzena eta krudelena zen. Zorionez globo gerrak ziren eta ez gaur egun munduan dauden gerra zikin horietakoak.
Hirugarrena, gure aitona-amona zirenek kontatzen zizkiguten kontu desberdinak datozkit burura. Aitonak maiz bere abizenaren osaketa komentatzen zigun, Sukia; su eta kea. Amona, aldiz, beti gu babesteko eta arriskuaz jabetzeko mezuak igortzen zizkigun. Suarekin kontuz ibiltzeko, suarekin gauean jolastean txixa ohean… Amonak, San Pedro egunekoa izanik, beti kontatzen zigun Pedro izan zela lehen aita santua. Gainera, gehitzen zuen, izendatu zutenean gaztea eta ezkondua omen zen. Zer esan nahi zuen ulertu ere ez nuen egiten garai hartan. Jakitun gara bizitzak ezusteko ugari ematen dizkigula, eta beste behin demostratu dit hala dela. Izan ere, irakurritako Jean Lois Avanten Hegiz hegi liburuan amonak San Pedrori buruz zioenarekin topo egin nuen. Ezusteko polita.
Transformazioa. Bai Ordizia, bai ni, eta baita eliza ere. Egoki transformatzen ari garen noiz jakingo dugu? Gerora, edo unean bertan? Badaezpada ere, etzi San Pedrori transformazio-gelako giltzak eskatuko dizkiot ea bertan erantzunik lortzen dudan. ■