Amelio Mendijur ziklista idolo, 60 urte geroago ere
Amelio Mendijur txirrindulari urretxuarrarekin ez da ahaztu jendea, hil zenetik 60 urtera. Apilaiz herrian (Arraia-Maeztu, Araba) jaio zen, 1943ko uztailaren 14an. 22 urte betetzerako hil zen, 1965ko ekainaren 8an, Zumarragatik behera Eitzagako mendatea jaisten ari zela, Bergarako Mendekoste Saria lasterketan. Tropelaren atzetik 30 bat segundora pasatu zen Zumarragan. Auto bat parez pare jo zuen, eta Zumarragako Orbegozoren klinikara eraman zuten arren, berehala hil zen. Jose Luis Reguero ziklista leondarra zihoan istripuaren unean Mendijurren gurpilean atzetik, eta bizitza guztirako dolu-oroitzapena geratu zitzaion hari ere, herritar eta zaletu guztiei bezala.
Profesionaletako lehenengo urtea zuen Mendijurrek 1965 hura, eta errepiderako zeukan dohaina lehertzeko lehen aukera, Kas taldearekin. Baina ez zuen ia ezer erakusteko astirik izan, deboraldi erdian harrapatu baitzuen heriotzak.
Ordura arte ziklo-krosean nabarmendu zen. Espainiako txapelketa irabazi zuen 1964an, Beasainen, eta bigarren geratu zen 1965ean, Beran (Nafarroa), Jose Luis Talamilloren atzetik (urte haren azken egunean hil zen baita ere, entrenatzen zebilela auto batek harrapatuta). Ziklo-kroseko Munduko Txapelketan ere, Cavarian (Italia) jokatua 1965eko urtarrilean, 5. postua poltsikoratu zuen urretxuarrak.
Oso indartsua zen Mendijur. Ziklo-krosean zaildua, igotzaile zango ahaltsuak landu zituen. Arrateko 1965eko martxoaren 21ean jokatutako kronoigoeran (7,7 km), adibidez, bigarren sektorean 5. bukatu zuen. Julio Jimenezek taldekideak (Kas) irabazi zuen partziala (19:19), Federico Bahamotes (18ra), Angelino Soler (39ra) eta Ventura Diaz (40ra) ondoren, Mendijur bosgarren (1:02ra). Jacques Anquetil (1:03) handiari bizkarra erakutsi zion orduan, segundo bakarrarengatik, Mendijur profesional debutatu berriak.
Lorpen handietarako itxaropenez
Beasainen estatuko txapela 1964an jantzi ondoren, 1966an leku berean Munduko Ziklo-Kros Txapelketa antolatu zuten. Mendijur urretxuarraren neurrira diseinatu zuten zirkuitua, eta hura zen irabazteko faborito nagusia. Jende uholdeak mugitzen zituen, gainera. Hilabete batzuk lehenago hil zen, zoritxarrez.
1965ko Kas-Kaskol taldeko bigarren gazteena zen Mendijur, 21 urterekin. Anton Barrutia, Francisco Gabika, Joaquin Galera, Julio Jimenez, Valentin Uriona, Sebastian Elortza, Aurelio Gonzalez, Jose Antonio Momeñe… zeuden ekipo hartan. Frantziako Tourrean hiru etapa (Jimenezek bi eta Galerak) eta mendiko sailkapen nagusia (Jimenezek), eta Espainiako Vueltan lau etapa eta mendiko nagusia irabazi zituzten urte hartan, Mendijur hil berria zela. 18 garaipen eta galera handi bat –Mendijur– izan zituen Kas-Kaskolek duela 60 urteko denboraldi hartan. ■