Autoritatearen eredugarritasunaz
Igor Susaeta • Kazetaria
Ea zutabe hau nola osatzen dudan, argitaratua izan ondoren ez baitut goizero autoaren azpian begiratzen aritu nahi. Eta hain zuzen, aurreko astean goizean goiz gure balkoitik ene begiekin ikusitako zerbaitek bultzatu nau ausart jokatzera, hau idaztera.
Oinezkoentzako kale batean bizi gara, eta hara non, Ertzaintzaren BMW berri horietako bat ikusi nuen aparkatuta kalean; ez pentsa, gainera, bazter batean zegoenik. Etxetik atera, eta han zeuden lauzpabost ertzain kafea hartzen kafetegi batean; 100 metro oinez egin, gehiago ez, eta agenteen beste auto bat zegoen, plazan. Etxetik atera, eta Poliziaren bi ibilgailu ikusi behar goiz ezin bareago batean. Ni neu, behintzat, ez nintzen seguruago sentitu…
Bai, noski, nola ez bada, taberna batean gu guztiokin batera kafea hartzeko eskubidea dute; hori bai, ez harritu zibilak deseroso sentitzen badira, ezinegon batek urduritzen baditu, goizean goizetik bota militarrak, uniformeak eta pistolak ikusi behar badituzte, adibidez. Eta ez naiz denbora alferrik galtzen ibiliko, ziur baitute, legez behintzat, «segurtasunaren» mesedetan eta «herritarron hobe beharrez», autoa sudur puntan jartzen zaien tokian uzteko eskubidea; esaterako, tren geltokiaren pareko oinezkoentzako zabalgunean espazioa okupatuz, nahiz eta basea 100 metro eskasera eduki. Eta gauza bera gertatzen da segurtasun uhalarekin; lagun batek aspaldi esan zidan ez daudela hori jartzera behartuta, modu horretan, larrialdi kasuren batean, autotik azkarrago atera daitezen; segundo erdi bat edo segundo bat azkarrago?
Baina esango nuke auzi hau guztia «segurtasunetik», larrialdietatik, eta eskubideetatik haratago doala. Zorionez, elkarbizitzan ustez emandako aurrerapausoez baliatzen dira kalean lasai ibili ahal izateko, eta, esaterako, tabernetara joateko; baina autoritatea diren heinean —argi asko uzten dizute gizarte honetan nor den nor, eta nork agintzen duen— , eman itzazue zeuek ere aurrerapauso batzuk eredugarritasunean, mesedez eta arren. ■