Bosgarrenez Ahoa Lehor
Aitor Artza • Musika zalea
Lazkaon Aho Lehor jaialdiak lortu du urteroko agendan tartetxoa, eta aurtengoan ere bikaina dator, zer esango dizuet nik. Bosgarren ekitaldia izango da eta osatu dugun kartela ez da nolanahikoa. Tokia, urtero gisan, ateri badago skate parkean eta euri aurreikuspena bada frontoian. Gorde data, aurtengoan urriaren 4an, larunbatarekin, izango da.
Hasteko, Bellum (Getaria-Zarautz) izango ditugu. Mendeku Diskak-ekin atera berri dute beraien lehen lana, eta etengabean dabiltza herrialdeko txokoetan jotzen. Oihan abeslariak iaz Flashekin kantatu zuen gure festan, eta, beraz, hauekin gauari sua piztuko dioten bermea badaukagu.
Borla iruindarrak, ondoren. Tatxerseko kideak bertan, zalantzarik gabe, egungo euskal pop rock talderik adierazgarrienetariko bat dira. Kordoba Bidea disko puska atera zuten iaz, eta egunotan esaterako etengabean dabiltza jotzen. Eguneroko gertakizunak hitzetan eta haiek melodia zoragarriz jantziak.
Prison Affair bartzelonarrak gero. Nahiz eta ibilbide oso luzea ez izan, hauek izan ez diren tokirik ez da, kartel buru gainera ia gehienetan. Europa, Amerika, jaialdi handiak, tabernak… arrakasta itzela duen taldea, han eta hemen. Iaz izan genituen Finaleren gisako punka da, azkarra, egituraz sinplea eta zuzena. Taula gainean gutxi dira horrelako indarra dutenak.
Eta zer esan The Kids handiei buruz. Belgikako punk rock taldea izango dugula iragartzeaz harro gaude oso. 1980ko hamarkada hasieran taldearen izen bera daraman diskoarekin eta ondorengo Naughty Kids lanarekin ospea lortu zuten. Harrezkero ez dira gelditu. Garaiko punk talde onenekin birak egin zituzten, Iggy Pop, The Clash, Ramones, Patti Smith… Beraien hirugarren Living in the 20th Century diskoa Rolling Stonesen estudio mugikorrean grabatu zuten, pentsa. Beraien bizibide izanik, ez diote jotzeari utzi, eta askoren hitzetan, garai haietako taldeen artean indarrik gehien erakusten duen taldeetako bat da.
Amaitzeko, festak Malantza tabernan jarraituko du Rocky Violencia & Esnupi DJekin.
Jende asko inguratuko da, baina bat, tamalez, ez da bertan izango. Urtero gerturatzen zen, eta bere presentzia hutsarekin irribarreak eta besarkadak sortzen zituen nonahi. Faltan izango zaitugu Erras! ■