Enplegu inklusiboa geroa eraikitzeko
Elkar-Ekin Lanean Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an martxan jarritako programa bat da, eta harrezkero 6.511 lanpostu sortu ditu. Goierrin hiru ibilbide formatibo ditu martxan eskualdeko lan-inklusio sareak.
Helburu argi batekin jarri zuen abian Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an Elkar-Ekin Lanean programa Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruan: enplegu inklusiboa bultzatzea pertsona guztien ongizatea sustatzeko. Sei milioiko aurrekontua du, eta sortu zenetik gaur arte 6.511 lanpostu sortu ditu –723 batez beste urtean–. Hil honen hasieran Orona Ideoko auditoriumean aurkeztu zituen 2022-2024 aldiko emaitzak, erakunde publikoetako, gizarte entitateetako, gizarteratze sareetako eta garapen ekonomikoko ehun eragile baino gehiagoren aurrean. Bi urteko aldi horretan 1.185 pertsonak lortu dute enplegua Gipuzkoan, eta 68 ibilbide profesional jarri dira abian 19 jarduera sektoretan.
Aldundiaren arabera, datuek erakusten dute programa hori «funtsezko tresna» dela «enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa sortzeko, baita lurralde kohesionatuagorantz aurrera egiteko ere». Eider Mendoza diputatu nagusiaren ustez, gizarte kohesioa «beharrezkoa» da garapen ekonomikorako, baita Gipuzkoaren lehiakortasuna eta justizia sozialarekiko konpromisoa indartzeko ere.
Goierrin hiru ibilbide formatibo diseinatu ditu 2025erako eskualdeko lan-inklusio sareak, eta hurrengo urterako beste bat txertatzea da lantaldearen helburua. Goiekik, Goierriko Caritasek, Sarea Fundazioak, Gurutze Gorriak, Ede Fundazioak, Goierri Eskolak, Prospektikerrek, Biok Zerbitzuek eta Goierriko udaletako gizarte langileen ordezkaritza batek osatzen dute sarea.
Praktikak udal brigadetan
Lorezaintzan eta berdeguneen mantentzean txertatzeko funtsezko ezagutzak eskuratu dituzte hamazazpi pertsonak Zizurkilgo Fraisoro Eskolako LoraTU Goierri programaren barruan. Hamazazpi horietatik bederatzik lan praktikak egingo dituzte Ataungo, Idiazabalgo, Itsasondoko, Legorretako, Zaldibiako eta Zegamako udal brigadetan.
Otsailaren 24an ekin zioten ikasturteari, 180 orduko ikaskuntza teorikoa eta praktikoa osatzeko: 90 ordu lorategiak, parkeak eta berdeguneak instalatzen, eta beste horrenbeste horien mantentze lanak ikasten. Zeharkako gaitasunak garatzeko –CVa egiteko, lana bilatzeko, gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko…– beste 60 orduko prestakuntza osagarria jaso dute Ede Fundazioaren eskutik.
Ostalaritzara bideratuta
Irailaren 22an abiatuko da aurrenekoz egingo den SukALDATU Goierri formakuntza. Ostalaritzaren sektorean lan egiteko prest dauden profesionalen «falta handia» dago Goierrin. Laneratze «interesgarria» izan dezakeen ibilbide horretan elkarlanak garrantzia izango du. Goiturrek eta Goierri Eskolak «rol garrantzitsua» izango dute. Lehenak sektorean duen ezagutza erakutsiko die partaideei; bigarrenak, formakuntza arloan duen eskarmentua.
Prestakuntza kurtsoaren lehen astean Goiturreko kideen laguntzaz Goierriko gastronomia eta baliabideak ezagutuko dituzte, eta ondoren Sukaldaritzako oinarrizko konpetentzien eskola teoriko-praktikoak jasoko dituzte urtarrilaren bukaerara arte Goierri Eskolan. Tarte horretan, elikagaien manipulazio titulua ere eskuratuko dute.
Diploma lortu ahal izateko, eskualdeko jatetxe-taberna, jangela, gaztandegi edo hoteletan 80 orduko gutxienezko praktikak egin beharko dituzte ibilbide horretako ikasleek.
Zaintzako ziurtagiria lortuta
Udaletako gizarte langileek eskatuta, 2024ko otsailean ekin zitzaion mendekotasuna duten pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko bigarren mailako ziurtagiri profesionala lortzeko ibilbideari. Formakuntza hori hiru moduluz osatuta dago, eta Goierrin modulu bakoitza eskola egutegiarekin kontziliatzea erabaki zen, dena jarraian eskaini beharrean. Horrez gain, norberari interesatzen zitzaion modulua soilik egiteko edo hiru moduluak jarraian egiteko aukera dago. Maiatzean bukatu da hiru moduluen ibilbidea, eta hamalau pertsonak lortu dute ziurtagiri profesionalaren diploma.
Balorazio guztiak jaso ondoren, bide beretik jarraitzea erabaki du eskualdeko mahaiak. Irailaren 22an hasiko dira ibilbide horren lehen modulua eskaintzen: Etxeko laguntza eta familia elikadura (100 ordu). Oraingo honetan ere Gurutze Gorria arduratuko da taldeari alderdi teorikoa eskaintzeaz.
Ibilbide honek beste bi formakuntza osagarri izango ditu. Batetik, formakuntza soziosanitarioa etxeko arreta eskaintzen duten pertsonentzat: adinekoen elikadura, nutrizioa eta ongizatea –55 ordukoa, Orekan elikadura eta osasun heziketa zentroak emana–. Bestetik, Ede Fundazioak konpetentzia soziolaboralak lantzeko emango duen 60 orduko formakuntza.
Aurkezpenak eta izen-emateak
Hiru ibilbideen aurkezpen saio ofizialak irailaren 9an izango dira Goiekiren bulegoetan –10:00etan eta 15:00etan–, eta informazio gehiago eskuratu nahi duen edonor edo izena eman nahi dutenak daude gonbidatuta. Aurkezpenetan parte hartzeko aurrez izena ematea komeni da, 943 161831 zenbakira deituta edo WhatsApp mezu bat bidalita.
Aurkezpen horietan Goierriko lan-inklusio sarea osatzen duten kideak egongo dira, eta ibilbide profesionalen nondik norakoak azaldu ondoren, parte hartu nahi dutenei froga bat egin (hizkuntza eta matematika) eta banakako elkarrizketa baterako txanda emango diete. Ibilbide bakoitza hogei ikaskiderekin hastea da sarearen helburua. ■