«Ataungo plazan 150 kiloko harria jaso nuen eguna ez dut ahaztuko»
Duela lau edo bost urte hasi zen Asier Altunak (Ataun, 1998) harriarekin duen harremana. «Kuadrillakoekin Ataungo sagardotegian geundela, Demetrio Terradillos nagusiak esan zuen harri-jasotzaile planta neukala. Berak bideratu ninduen Aiako Ostolazaren eskolara». Bertan gustura ari zen, baina entrenamendu batean izandako belauneko lesio batengatik utzi beharra izan zuen. Orain harri jasotzeak hartu duen indarra ikusita, «pena ematen dit ez segitzeak, eta badut berriz hasteko gogoa, baina belaunak nola jokatuko duen beldurrez nago». San Martingo Beama baserrikoa da Altuna: «Nahiz eta baserritarra ez izan, eta baserriak lan handia dakarren, gustuko dut bertan bizitzea, ematen duen lasaitasunagatik».
Ze zaletasun dituzu?
Lagunekin ateratzeaz gain, noizean behin, kuadrillako lagun batekin arrantzara joaten naiz.
Pelikula bat edo telesail bat.
Fast and furious.
Musika talde edo abeslari bat.
Añube eta Azken Sustraiak.
Abesti bat.
Radio Rebelde, Añuberena.
Oporretarako leku bat.
Urtero joaten naiz amaren jaioterrira: Robledillo de Gata (Extremadura, Espainia).
Zer gosaltzen duzu?
Ez dut gosaltzeko ohiturarik.
Kolore bat.
Berdea izan da txikitatik nire kolore gustukoena.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Ataungo plazan 150 kiloko harria jaso nuena.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Gurasoek oparitutako aurreneko autoa.
Amets bat.
Jaio nintzen baserrira bueltatu eta familia bat osatzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Familiakoekin edo lagunekin afal ondorengo mahai ingurukoa.
Goierriko txoko bat.
Zaldibiako Osinberde.
Ataunen biziko ez bazina…
Beste herri txikiren bat aukeratuko nuke. ■