«Ez dut alboratzen beste borrokaldi batean lehiatzea»
Medikua ogibidez, distantzia luzeko mendi lasterketetan dabil Garazi Aranburu beasaindarra. Hori gutxi ez eta boxeoan debuta egin zuen larunbatean bere jaioterrian. Nolako esperientzia izan den kontatu du.
Larunbatean, Antzizar kiroldegian boxeoan debuta egin zenuen. Zer moduz zaude?
Esperientzia berria izan da niretzako, eta aitortzen dut, ez nuela uste horren goiz debutatuko nuenik. Zorteduna sentitzen naiz, 25 urterekin, kirol munduan esperientzia desberdinak eta benetan aberasgarriak pilatzeko aukera ari naizelako izaten.
Nolako borrokaldia izan zen?
Uste baino hobeto atera zen. Nik baino askoz ere esperientzia gehiago zuen aurkariak eta hasi aurretik urduri egon nintzen. Baina behin hasita, ikasitako guztia egiten ahalegindu nintzen, eta gelditu zitzaidan sentipena da nahiko ongi moldatu nintzela. Ikasteko asko dut oraindik, noski, baina egin dudan ibilbide laburra ikusita nahiko maila ona eman nuen eta pozik nago. Hurrengo egunean erresaka ez zen handia izan eta horrekin ere pozik nago.
Noiz eta nolatan hasi zinen boxeoan?
Oviedon, MIR-a prestatzen ari nintzela gerturatu nintzen boxeora, eta bertan jaso nuen lehenengo klasea. Bertako gimnasio txiki batean hasi nintzen arte martzial berri bat probatzeko gogoz, izan ere, aurretik, Shorinji Kempoa egin nuen urte askoan. Estresa askatzeko ere egokia iruditzen zitzaidan. Probatu bezain pronto gustatu zitzaidan eta jarraitzea erabaki nuen. Euskal Herrira itzuli nintzenean, Gasteiz Gimnasioan hasi nintzen. Irailetik ari naiz bertan.
Nolakoa izan da debuterako prestaketa prozesua?
Maiatz bukaeran esan zidaten Beasainen boxeo jaialdia egitekoak zirela, eta entrenatzaileak, jakinda bertakoa nintzela, parte hartzeko proposamena egin zidan. Ezagutzen nautenek badakite horrelakoetan ez ditudala gauzak bi aldiz pentsatzen, eta aukera hartu nuen. Ordutik, egunero entrenatu dut, asteko bost egunetan boxeoan eta asteburuetan korrika eta nire kasa.
Zer izan da zailena entrenamendu prozesuan?
Batetik, gustuko ditudan beste kirol batzuk alboratu behar izan ditudala boxeoan enfokatzeko; eta bestetik, arlo psikologikoari lotuta, gorabeheraren bat izan dudala, teknikaren aldetik puntu onean iritsiko nintzen zalantzak izan ditudalako.
Pisuari dagokionez, zailtasunik izan duzu?
Ez, arlo hori erraz kontrolatu dut. Azken asteetako entrenamendu saioei esker, hiru ordu inguruko saioak izan baitira ia egunero, eta elikadura zainduta, erraz iritsi nintzen.
Zer da boxeoak eman dizuna beste kirol batzuk eman ez dizutena?
Hitz batekin definitu beharko banu, esplosibitatea esango nuke. Nire kategorian, 11 minutuko borrokaldia egiten da, eta denbora horretan bihotza nola jartzen den eta edukitzen diren sentsazioak erabat esplosiboak dira. Mendian ultrak egiten ohituta nago, eta boxeoa izango litzateke kilometro bertikal bat egitea bezala.
Arte martzialen munduan ere ari da pixkanaka emakumeen presentzia handitzen. Nola bizi duzu hori?
Boxeoa izan da gizonezkoen kirola batik bat, baina egia da geroz eta emakume gehiago ari garela. Gasteiz Gimnasioan behintzat oso talde polita dago, neska gazte asko gaude, eta pozgarria da elkarren artean indarrak neurtu ahal izatea, maila handia dutelako gainera.
Zer aholku emango zenieke boxeoan hasi nahi duten neskei?
Boxeoa, askotan lotzen da agresibitatearekin, eta azpimarratu nahiko nuke, pentsamendu okerra dela. Kirol jarduera bat gehiago da, edozeinek praktikatu dezakeena, izan ere, sparring bat egitera inork ez zaitu behartuko, eta posible da borrokaldi bat egitea helburu izan gabe, alde teknikoa lantzea. Horregatik, geroz eta jende gehiagok praktikatzen du. Norberak jartzen ditu mugak, norberak erabakitzen du noraino iritsi nahi duen. Nik mundu guztiari gomendatuko nioke probatzea.
Aurreratu dugu mendi lasterketetan ere ari zarela. Bi kirolak bateragarriak al dira?
Erabat bateragarriak dira helburu zehatzik ez dagoenean batik bat. Debutera begira, egia da, gehiago enfokatu naizela boxeoko entrenamenduan. Hau bukatuta, Hiru Handiak egiteko asmoa daukat, eta ziurrenik, horretarako, boxeoa utzi egingo dudala pixka bat. Bien bitartean, osagarriak dira. Boxeoan indarra lantzen da asko, mendian ere baliagarria dena.
Boxeoaren esplosibitateak erakartzen zaituela aitortu duzu. Eta zer dute ultra-trailek erakargarri egiteko?
Mendia izan da nirekin birkonektatzeko modua, eta gorputzak uzten didan bitartean, distantzia luzeak egiten jarraitu nahi dut.
Medikua ere bazara. Nola eragiten du zure kirol ibilbidean mediku izateak? Lagungarria da, adibidez, zure gorputza hobeto ezagutzeko?
Medikuntzak gure gorputza nola dagoen osatuta ezagutzeko balio izan dit. Interesagarria da ikustea, kirolean, medikuntzako alor desberdinek geroz eta gehiago esku-hartzen dutela, nutrizionistak, fisioterapeutak… Dena den, oraindik, medikuntza gaixotasunera dago bideratuta gehiago.
Fronte asko dituzu irekita. Nola kudeatzen dira guztiak?
Sofan denbora gutxi pasata, errutina bat ondo antolatuta eta sakrifizioak eginez.
Zer balio ikasi dituzu kirolean eta nola aplikatzen dituzu egunerokoan?
Errespetua. Boxeoa eta mendi lasterketak nahiko indibidualak dira, baina jende askorekin egiten duzu topo, eta momenturen batean aurkariak badira ere, haiekiko errespetua behar-beharrezkoa, bai entrenamenduetan, bai lehian. Eta nola ez, errespetua kirolarekiko ere, hari denbora bat eskainiz.
Jaialdi honen ondoren, uste duzu horrelako besterik izango dela?
Ez dut alboratzen beste borrokaldi batean parte hartzea. Dena den, egunez egun noa, eta momentuz, Hiru Handiak lasterketa prestatu nahi dut. Horren ondoren, aukera sortzen bada eta nire burua eta gorputza ondo ikusten baditut, posible da, baina presiorik gabe.
Amaitzeko galdera azkar pare bat. Mendia ala ring-a?
Momentuz, mendia.
Borrokalari zail bat ala korrikalari azkar bat?
Korrikalari azkar bat. Oraindik sudurra kontserbatu nahi dut. ■