Hiru trikitilari belaunaldi

Kepa, Migel eta Kenare Urteaga, Zumarragako Trikitxako eta familia bereko hiru belaunaldi, beraien omenezko eskulturaren aurrean.
Kenare Urteaga Zumarragako Trikitixako laugarren belaunaldiko kidea da. Taldeko lehen emakumea da. Aurten, bere aita Keparekin eta aitaita Migelekin jo du Santa Isabel egunean.
Zumarragako Trikitixak 105 urte bete ditu dagoeneko. Trikitilari talde beteranoena da. Belaunaldi ezberdinak pasa dira bertatik, noski. Taldea Joxe Oriak sortu zuen. Zumarragar horrek panderoa eta erromeriak odolean zeramatzan. Izan ere, bere ama, Francisca Antonia Irizar ezkiotarra, pandero-jotzailea zen. Oriak hainbat soinujolerekin jo zuen eta bere lau iloba zaletu zituen: Joxe, Inixio, Sebe eta Migel Urteaga. Haiei beraien iloba Mikel Alustiza elkartu zitzaien. Joxeren biloba Gari Lizarragak ere Zumarragako Trikitixan jo zuen. Baita Migelen seme Ibonek ere. Gaur egun, Alustizak eta Kepa Urteagak (Migelen semea) jotzen dute. Azken horren alaba, Kenare, pixkanaka taldean sartzen ari da. Zumarragako dantza suelto lehiaketan egin zuen debuta duela bi urte, eta azken bi urteetan Santa Isabel egunean ere jo du. Aurten aitaitak, semeak eta bilobak jo dute Antion: Migelek (Zumarraga, 1939), Kepak (Zumarraga, 1976) eta Kenarek (Arrasate, 2008). Kenare Zumarragako Trikitixako lehen emakumea da. A zer poza hartuko lukeen Francisca Antoniak ikusterik izango balu!
Kenare Urteagak iaz jo zuen lehenengoz Santa Isabel egunean, Zumarragako jaietako egun handian. «Iaz oso gustura ibili nintzen. Jaitsieran sekulako giroa egoten da», zehaztu du Kenarek. «Santa Isabel eguna ezagutzen zuen, ezpata dantza ikusi eta amamaren etxera bazkaltzera joana baitzen, baina bertan jo gabea zen. Iaz oso gustura ibili zen. Aurten Santa Isabel egunean jotzea eskaini diot berriro, eta baiezkoa eman du», gehitu du bere aitak.
Trikitia odolean darama gazteak, eta etxean hasi zen jotzen, bere aitaita eta aita bezala. «Ni anaia gazteena naiz: zortzitatik gazteena. Gure etxean ez zegoen besterik: panderoa eta soinua. Jolasten ibiltzen nintzen eta hala hasi nintzen», oroitu du Migel aitonak.
Azkonobieta eta Epelarre
Kepak ere etxean ikasi zuen jotzen. «Etxean panderoak ikusten nituen, eta 5 urterekin hasi nintzen panderoa jotzen. Ondoren, Azkoitiara joan nintzen ikastera, Zabale aitaren [Luis Alberdi] etxera. Helburua panderoa jotzeko beste modu bat ikastea zen. Ondoren, soinuarekin hasi nintzen. [Joxean] Azkonobieta izan zen nire lehen maisua, Secundino Esnaola Musika Eskolan. Bi urteren ondoren, Azkoitiara joan nintzen berriro, [Joakin Errasti] Epelarrerengana. Harekin pasatu nituen ordu gehien, eta berarekin ikasi nituen pieza gehienak», azaldu du.
18 urte bete zituenean, soinua jendaurrean jotzen hasi zen. «Epelarrek, berak irakatsi ahal zidan guztia irakatsi zidala, eta hortik aurrera nire kabuz egin behar nuela aurrera esan zidan. Baina oraindik oso berde nengoen, eta jende aurrean jo nuen lehen aldietan Epelarreren laguntza izan nuen. Lehen urteetan gurekin etortzen zen. Jende aurrean jotzen ohitzeaz gain, Zumarragako Trikitixaren piezak ikasi behar izan nituen. Horretarako, Mikelen laguntza izan nuen», oroitu du zumarragarrak.
13 urterekin lehenengoz
Ordurako bost urte zeramatzan Zumarragako Trikitixarekin, baina pandero-jotzaile gisa. «Mikelek ezin zuen Ibarrako San Bartolome jaietara joan, eta aitak beraiekin joateko esan zidan. Osaba Joxe, aita eta ni joan ginen. 13 urte nituen. Aitak 13 urterekin eta Ibarran jo zuen lehenengoz Zumarragatik kanpo. Ordutik aurrera, noizean behin beraiekin jo izan nuen. Bestela, nire anaia Ibonekin jotzen nuen. Oso ona zen, baina rock-and-rolla gehiago gustatzen zitzaion».
Kepari trikitia bere anaiari baino gehiago gustatzen zitzaion eta, gainera, Zumarragako Trikitixak soinujolea behar zuen. Ondo gogoratzen du nola pasa zen Zumarragako Trikitixako kide finkoa izatera. «Aitak eta Mikelek ea beraiekin jotzeko asmorik banuen galdetu zidaten eta baietz erantzun nien. Izan ere, ez nuen nigatik katea etetea nahi. Hasieran gogorra izan zen. Nire lehen irteera Kalebarreneko jaietan izan zen. Correosetik Kalebarrenera joan ginen, kalejiran. Lotsa pasa nuen, baina pixkanaka gustatu egin zitzaidan. Beste giro batzuk eta beste jende bat ezagutzeko aukera eman zidan. 18 urterekin lagunak Urretxuko aldapako tabernetara joaten ziren, eta nik etxera goiz joan beharra izaten nuen, hurrengo egunean Zumaian 50 urtetik gorako jendearekin jotzeko».
Pianista eta trikitilaria
Gazte lotsatia zen hura bi neraberen aita da dagoeneko, eta orain berari dagokio gazteei irakastea. «Kenare pianista da berez. Ama pianista du [Esti Vitoria], txiki-txikitatik ikasi du eta oso abila da. Bera da etxekoon artean musika gehien dakiena. Trikitiari dagokionez, nirekin zerbait ikasi du, baina ia guztia Arrasateko Musika Eskolan ikasi du. Izan ere, aitarekin ikastea zaila da. Maixa Lizarribar izan da bere irakaslea. Arrasateko pandero jaialdian jo zuen lehen aldiz aitaitarekin», dio Kepak. «Niri beste modu batean jotzen irakatsi zidaten, eta beste abesti batzuk ikasi nituen: Maixa eta Itziarrenak, Alaitz eta Maiderrenek, Gozategirenak, Xabi Solanorenak…», gehitu du Kenarek.
Bere aita eta aitaita ez dira aztoratuko horregatik. Izan ere, Zumarragako Trikitixakoak berritzaileak izan dira beti. Tokian tokikoa eta garaian garaikoa. Beraz, Kenarek aire berriak ekartzen baditu, ez dira larrituko. Urteaga anaiek duoan abesten zuten, eta gazteleraz ere abesten zuten; Mikelek eta Kepak taldearen betiko errepertorioari azken hamarkadetako euskal kantak gehitu dizkiote.
Plazak
Hogei-bat plaza egiten dituzte urtean. «Geroz eta erromeria gutxiago egiten dira. Lehen 30 bat plaza genituen urtean. Zumarragako Trikitixa Sei Pistols eta Trabuko Bat folk taldearekin uztartzen dut. Kantu afariak eta bazkariak egiten ditugu. Euskal kantak gure erara jotzen ditugu», dio Kepak. Aitak eta osabek plaza gehiago egiten zituzten. «Ekaina eta uztaila izaten ziren gogorrenak. San Pedro bezperan Ataunen jotzen genuen, San Pedro egunean Bergaran, hurrengo egunean Bergarako San Martzial erromerian, uztailaren 1ean libre, uztailaren 2an Antion eta uztailaren 3an Santa Isabel bigarrenean», gogoratu du Migelek.
Dena asko aldatu da. «Partitura bat jotzen jakiteak ez du emozioak transmititzeko ahalmena ematen. Musika eskolara joan nintzen eta badakit partitura bat irakurtzen, oso motel bada ere. Baina ez dakit partitura bat interpretatzen. Egungo gazteek oso mekaniko jotzen dute eta gu sentimenduetan oinarritzen gara», dio Kepak. «Gure garaian Kandido Beristain azkoitiarra zen solfeoa zekien trikitilari bakarra», gogoratzen du Migelek. «Tapia eta Kepa Junkera soinu handitik etorri ziren trikitira, eta berrikuntza eta dibertsitate handia ekarri zuten. Soinu txikiarekin jotzen ez ziren akorde batzuk ekarri zituzten, adibidez. Gure instrumentua aberastu egin zuten. Gaur egun oso soinujole onak daude: Arakamak Boikot taldearekin jotzen du, Solanok Fermin Muguruzarekin…», aipatu du Kepak. «Horretara doa soinu txikia. Trikitilari bikote gutxi gelditzen dira», gehitu du bere aitak. «Normala da. Eboluzioa da. Koplak garai bateko kontua dira. Kopla horiek ez galtzea da kontua. Aristerratzu igandero betetzen da, eta hara soinuarekin eta panderoarekin joaten dira. Toki bakoitzean, dagokiona: ez litzaidake gustatuko Santa Isabel egunean talde batek trikitilari bikotea ordezkatzea», dio Kepak.
Eboluzioaren ondorioa da emakumearen presentzia ere. Aipatu bezala, Kenare Zumarragako Trikitixako lehen emakumea da. Dena den, ez da Francisca Antoniari lekukoa hartu dion bakarra: bere aitaren lehengusu Iñaki Urteagaren alaba batek, Elena Urteagak, soinua jotzen du. Zatekeen erromeria taldean jotzen du, eta Zumarragako Trikitixako ateak zabalik ditu, noski. Inixioren bi bilobek ere, Aitorrek eta Imanolek, jotzen dute. Zumarragako Trikitixaren etorkizuna ez dago arriskutan, beraz. «Kenare prest dago. Hemendik gutxira gure senitartekoren bat sartzea espero dut. Erreleboa prestatu egin beharko da, ezta? Zumitza badago, eta poliki-poliki josi egin behar da. Nik, hasi nintzenean, hori sumatu nuen faltan: nire adineko besteren bat ondoan edukitzea. Ea besteren bat animatzea lortzen dugun!», bota du amua Kepa Urteagak. ■