«Kanpoan bizitzeak benetan nolakoa zaren ezagutzen laguntzen dizu»
Global Training bekaren bitartez, Parisera lana egitera joan zen urtarrilean Mara Narro (Olaberria, 2002). Humanitate Digital Globalak gradua amaitu zuen iaz, Mondragon Unibertsitatean, eta etapa hori bukatuta, kanpora joateko gogoa piztu zitzaion. Parisen bizimodu eta egoera desberdinak ezagutu dituen arren, «oso gustura» dago, eta «asko» ikasten ari da. Uztailean amaituko zaio beka.
Non ari zara lanean?
Paris School of Business-en egiten dut lan, Cowork4EU deituriko proiektuan. Europako lau unibertsitatek elkarlanean osatutako Erasmus+ ekimen bat da. Proiektu horretan aritzeaz gain, unibertsitateko hainbat departamentutan ere laguntzen dut, Baliabide digitalak, Berrikuntza pedagogikoa, Ikerketa eta finantzaketa sailetan. Batik bat jardunaldien antolaketan eta kudeaketan lan egiten dut.
Zergatik aukeratu zenuen Paris?
Egia esan, ez zen nire erabakia izan. Beka lortzeko prozesuan, lan-elkarrizketa bat egin zidaten, nori zuzentzen ari nintzaion guztiz jakin gabe, eta eurek esleitu zidaten lekua.
Aurretik beste bidaia luzerik eginda ba al zeneukan?
Bai, unibertsitateko 3. mailako lauhileko bat Taiwanen pasa nuen, Taichung hirian. Horretaz gain, 17 urterekin AEBetara joan nintzen, uda hango familia batekin igarotzera. Ordutik, bidaia ugari egin ditut: Italiara, Belgikara, Filipinetara…
Zer da Paristik gehien gustatu zaizuna?
Gehien gustatu zaidana egiteko gauzen eskaintza zabala da. Mundu osoan zehar ezagunak diren museoak eta monumentuak alde batera utzita, askotariko toki eta plan xarmagarriak daude: lorategiak, parkeak, arte-galeria txikiak, musika eskaintza…
Ba al dago kultura aldetik harritu zaituen zerbait?
Gehien harritu nauen gauzetako bat harremanak egiteko modua izan da. Parisen oso egituratuak dira. Lagun batekin geratzeko, ia hitzordua eskatu behar izaten da aurretik. Euskal Herrian, kafe bat hartzeko ez dugu astebete lehenago plana egiteko ohiturarik; hemen, aldiz, bai. Hasiera batean egokitzea kosta zitzaidan, batez ere jendea ezagutu nahi nuelako, baina ohitu naiz dagoeneko. Gainera, ohartu naiz ez dela utzikeria, bakoitzaren eta gainontzekoen denbora errespetatzeko eta antolatzeko beste modu bat baizik.
Gomendatuko al zenuke kanpoan bizitzeko esperientzia?
Bai, erabat. Iruditzen zait denok egin beharreko zerbait dela. Kanpoan egoteak pertsona bezala hazten laguntzen du. Gaztaroan, gainera, oraindik ezer ‘finkorik’ ez denez egoten, oso aberasgarria izan daiteke. Introspekzio txiki bat eginda, benetan nolakoa zaren ezagutzen laguntzen dizu, zure nortasuna indartzen eta gainontzekoekin dituzun harremanei erreparatzen. ■