Ilunabar bat Uarrainen
Mendia, natura eta argazkilaritza. Hiru zaletasun irudi bakar batean. Xabi Smithy Mujika naiz (Ordizia, 1973), eta mendi irteerak zein eskalada saioak nire blogean zein Instagram kontuan zabaltzeko ohitura daukat, horretarako astia hartzen dudanean.
Argazki hau iazko uztailaren 13an atera nuen, Aralarko Uarrain eta Malkorri mendien artetik. Alotzako goi-lautada berdeak eta Larrunarriren –Txindoki– gailurra azaltzen dira, ilunsentiko eguzkia eta behe-bailarak estaltzen dituen lainotza bidelagun dituztela.
Ordu askoan boluntario lanetan aritzen garenok behar izaten ditugu Ehunmilak ultra-trailaren zaratatik eta zurrunbilotik ihes egiteko une intimoak. Uarraingo anoa-postuan larunbateko egunsentia eta ilunabarra izaten dira horretarako une aproposak.